Banco Sabadell eta Banco Guipuzcoano bat-egitea negoziatzen ari dira

Erosteko presarik ez izan arren, CajaSurren kontuak aztertuko ditu BBK-k, Espainiako Bankuak eskatuta

2010eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Banco Sabadellek bat egitea proposatu dio Banco Guipuzcoanori. «Akzioen edo beste finantza baliabide batzuen trukean» oinarrituko litzatekeen eragiketa baten inguruan hizketan ari direla baieztatu zioten atzo Espainiako Balio Merkatuko Batzordeari, baina oraindik ez dutela ezer erabaki. Azken hitza bi erakundeetako administrazio kontseiluek dute. Berez, bat-egitea baino gehiago, Sabadellek Guipuzcoano irenstea ekarriko luke operazioak, Kataluniako bankua gipuzkoarra baino lau aldiz handiagoa baita.

Eragiketa gauzatuko balitz, baliabide propioekin finantzatuko lukete; ez lukete, beraz, FROB Espainiako Bankuen Moldaketa Ordenaturako Funtsaren laguntzarik beharko. Bat-egitetik sortuko litzatekeen erakunde berriak 94.000 milioi euro inguruko negozio bolumena izango luke.

Otsailean, finantza sektorean «jokalari garrantzitsuagoa» izan nahi zuela aurreratu zuen Jaume Guardiola Banco Sabadelleko kontseilari ordezkariak. Hala, bankuak edo aurrezki kutxen aktiboak erosteko sortzen zaizkion aukerak aztertzeko asmoa iragarri zuen. Hala ere, Banco Sabadellek eta Banco Guipuzcoanok aspalditik dute elkarren berri. Kataluniako bankuak Gipuzkoa- koan %10eko partaidetza izan zuen 2000. urtean, baina azkenean BBKri saldu zion bere zatia.

Sabadellek 108,3 milioi euroren irabazi garbia poltsikoratu du aurtengo lehen hiruhilekoan, iazko garai berean baino %33,1 gutxiago. Iaz, baina, aparteko diru sarrera batzuk izan zituen banku katalanak, eta aurten ohi baino diru gehiago bideratu behar izan du hornidurara. 2009aren bukaeran, 1.180 bulegoko sarea zuen eta 9.839 langile.

Banco Guipuzcoanok, berriz, 11,7 milioi euroren irabaziak erdietsi ditu aurtengo lehen hiruhilekoan, 256 bulegoko sarea du -117 Euskal Herrian- eta 1.266 langile. BBK (%14,47) eta Kutxa (%9,98) dira akziodun nagusiak.

Sindikatuen protesta

ELA, LAB eta CCOO sindikatuek garbi ez jokatzea leporatu diote Banco Guipuzcoanori. Haien esanetan, bankuaren bat-egite edo salmenta negoziatzen ari zen bitartean, langileak kaleratzeko politikarekin jarraitu du. «Itxura denez, inork onartuko bazuen, gastuak arrazionalizatu behar zituen, eta gastuak murrizteari ekin dio, beti alde beretik, ordea». Sindikatuen esanetan, iaz ehundik gora langile kaleratu zituen, eta aurten, dagoeneko hamalau. Horiek hala, ostiraleroko moduan, atzo ere elkarretaratzea egin zuten Guipuzcoanok Donostian duen egoitzaren parean.

BBK, presarik gabe

Bilbao Bizkaia Kutxak, berriz, hazteko asmoarekin jarraitzen duela esan du, baina presarik gabe. FROBi laguntzak eskatzeko epea hilaren 15ean bukatzeak ez duela kezkatzen adierazi du Mario Fernandezek gidatzen duen erakundeak. Orain arte, Caja Castilla la Mancha eta Caja Mediterraneorekin bat egiteko aukerak aztertu ditu Bizkaiko aurrezki kutxak, baina bertan behera geratu dira biak. CajaSurren kontuak aztertzekoa da orain, Espainiako Bankuak eskatuta. Horrek ez du esan nahi halabeharrez Andaluziako kutxa hori erosiko duenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.