Banca Civicako eta Caixabankeko administrazio kontseiluek ezohiko batzarrak egingo dituzte bihar. Eguneko gaien zerrendak puntu bakarra izango du: bi erakundeen arteko bat egitea. Okerrik ezean, bi kontseiluek onartuko dute zuzendaritzek mahai gainean jarriko duten proposamena. Handik ordu batzuetara azalduko dituzte jendaurrean bat egite operazioaren inguruko xehetasunak.
Bi erakundeetako arduradunek ostiral arratsaldean hitzartu zituzten bat egiteko akordioaren aurreko oinarriak. Baina hainbat hari utzi zituzten lotzeke: prezioa eta erakunde berriko organigrama, besteak beste. Dagoneko ziurtzat jo liteke Banca Civicako bi presidenteak, Antonio Pulido eta Enrique Goñi, Caixabankeko parte izango irela aurrerantzean ereela, baina baita zuzendaritzako kargurik izango ez dutela ere.
Prezioaren inguruan, ostera, ez dirudi dena erabakita dutenik. Nafarroako Kutxak, Cajasolek, Caja Canariasek eta Caja Burgosek osatzen duten erakundeak %6tik gorako balio galera izan zuen herenegun burtsan; 2,2 euroan salerosi zen haren akzio bakoitza. Aldiz, uztailaren 19an, burtsara jauzi egin zuenean, 2,7 euro balio zuen haren akzioak, ostiralean baino ia %20 gehiago. Informazio iturri batzuek diote Caixabankek 2,2 euro baino gehiago pagatuko duela Banca Civicaren akzioko; beste batzuek, ezetz, operazioa finantzatzeko laguntzarik jasoko ez duelako. Akzioko 2,2 euro pagatzera, 1.100 milioi euroan balioetsiko luke Banca Civica; haren kontabilitate balioa baino %22 gehiago da hori.
Bat egitearen ostean, 342.618 milioi euroren aktiboak izango lituzke Caixabankek —Espainiako finantza sistemako erakunderik handiena izango litzateke, Santanderren eta BBVAren aurretik—, 6.590 bulego eta 32.715 langile. Egituraren %10 eta %15 artean murriztu beharko lukeela aurreratu dute hainbat adituk.
Nafarroako Kutxak erakundearen %1,4 besterik ez luke kontrolatuko. Hala ere, zenbait iturriren arabera, ez litzateke guztiz desagertuko. Itxura denez, fusioarekin, Banca Civica ezerezean geldituko litzateke, baina hura osatzen duten erakundeek lekuan lekuko gizarte ekintzari eutsi egingo liokete.
UPNk operazioa babestu egin du; aldiz, Nafarroako Kutxa desagertzeko arriskuagatik kezkatuta azaldu dira PSN eta PPN. Nafarroa Baiko Patxi Zabaletak, berriz, berri txartzat jo du akordioa, «Nafarroak finantza baliabide asko galduko dituelako eta lanpostu asko arriskuan jartzen dituelako». Gauza bera adierazi du Maiorga Ramirez Bilduko bozeramaileak ere.
Banca Civicako eta Caixabankeko kontseiluek bihar onartuko dute fusioa
Prezioa da hitzartzeko falta zaien bakarra; Enrique Goñik ez luke zuzendaritzako karguetan jarraituko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu