Nafarroa kutxarik gabe gelditu da. Banca Civicak izan behar zuen haren hazkundea eta etorkizuna bermatzeko bitarteko. Baina esperimentuak hogei hilabete besterik ez du iraun. Finantza erreformak jarritako baldintzei aurre egin ezinik, bere burua Caixabanki saltzea erabaki zuen atzo. Espainiako finantza sistemako erakunderik handiena egingo dute horrela, Santanderren eta BBVAren aurretik. Baina handitasun horretan galduko dira Banca Civica eta Nafarroako Kutxa.
Banca Civica erabat desagertuko da, baina hura osatzen duten lau aurrezki kutxak, ez; Caixabankek haien markei eustea erabaki du, lekuan-lekuan gizarte ekintza egiten jarraitzeko. Hala ere, Nafarroako Kutxak erakundearen %1,25 besterik ez du kontrolatuko.
Caixaren bankuak 979 milioi euro pagatuko ditu Nafarroako Kutxak (%16,1), Cajasolek (%16), CajaCanariasek(%11,8) eta Caja Burgosek (%11,3) osatzen duten erakundearen truke. Beste modu batera esanda, akzioko 1,97 euro, edo Caixabankeko bost akzioko Banca Civicaren zortzi. Aurreikuspenik ezkorrenek ziotena baino gutxiago. Uztailaren 19an, burtsara jauzi egin zuenean, 2,7 euro balio zuen hango akzio bakoitzak; iragan ostiralean, berriz, 2,2 euro. Adituek uste zuten ostiralean merkatuak ezarritako prezioa errespetatuko zuela Caixabankek, eta 1.100 bat milioi euro ordainduko zituela Banca Civicarengatik. Baina ez da hala izan. Burtsan kotizatzen hasi zenean balio zuena baino %27 gutxiagorekin konformatu beharko du, eta ostiralean balio zuena baino %11 gutxiagorekin.
Irenstea gauzatu baino lehen, Banca Civicaren kontuak txukuntzeko asmoa du Caixabankek. Horretarako, azken urteetan erreserbetara bideratu duen diruaren zati bat erabiliko du; 3.400 milioi euro, zehazki. Horrek, noski, ondorioak izango ditu erakundearen urteko emaitzetan. Banca Civicari, ordea, iragan otsaileko dekretuak finkatutako baldintzak betetzea ahalbidetuko dio, 2.031 milioi euroren kapital beharra betetzea, alegia.
Banca Civica bereganatuta, Espainiako finantza sistemako erakunderik handiena izango da Caixabank. 342.000 milioi euroren aktiboak izango ditu, burtsan 16.000 milioi eurotik gorako kapitalizazioa izango du, 14 milioitik gora bezero, 6.590 bulegoko sarea eta 32.715 langile. Zenbait adituren arabera, bat egitearen ondotik, egitura %10 eta %15 artean murriztu beharko du. Erakundeak berak esan du Banca Civica erosteak 1.100 milioi euro inguruko berregituratze kostuak eragingo dizkiola —zergak kanpo utzita—, baina ezer gehiago zehaztu gabe. 2014tik aurrera, berriz, sinergiei esker urtean 540 milioi euro aurreztea espero duela jakinarazi du.
Caixabankek ez du laguntza publikorik jasoko erosketa finantzatzeko. Areago, Banca Civicari FROBek utzi zizkion 977 milioi euroak datozen hamabi hilabeteetan itzuliko dizkio funts horri.
Nafarroako Kutxako, Cajasoleko, CajaCanariaseko, Caja Burgoseko, Banca Civicako, Caixako eta Caixabankeko administrazio kontseiluek operazioa onartuta, orain batzar orokorrei dagokie onespena ematea.
Hurrengoan nor?
Banku eta aurrezki kutxek lau egun besterik ez dute euren kontuak finantza erreformak jarritako baldintza berrietara egokitzeko. Kapital baldintzak betetzen dituzten erakundeak lasai daude, baina gainontzekoentzat aste mugitua izango da, larunbaterako behar duten dirua nondik eskuratuko duten jakinarazi beharko baitiote Espainiako Bankuari.
Banco de Valencia izango da enkantera irteten hurrengoa. Berez, irtena behar zuen dagoeneko,eta atzerapenak ezinegona sortu du interesatuen artean —BMN, Popular, Unicaja, Sabadell, Santander eta BBVA—. Baina Espainiako Bankuak operazioa atzeratzea erabaki du, haren kontuak hobeto aztertu nahi dituelako.
Hala ere, finantza talde handientzat bada mokadu tentagarriagorik: Catalunya Caixa. FROB funtsak iragan urrian nazionalizatu zuen aurrezki kutxa, haren kapitalean 1.718 milioi euro sartuta. Ondorioz, estatuak kontrolatzen du erakundearen %93. Uda aurretik saltzea da haren asmoa. Kutxabank, Santander eta BBVA daude erosle izan daitezkeenen zerrendan.
Banca Civica desagertuta, Nafarroako Kutxa Caixabanken urtu da
Caixabankek 979 milioi pagatuko ditu Banca Civicaren truke, iragan ostiralean burtsan balio zuena baino %11 gutxiagoNafarroako Kutxak, erakundearen %1,25 kontrolatuta, gizarte ekintzari eutsiko dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu