Banca Civica %6 jaitsi da burtsan, Caixabanken esku geratzear dagoela

Akziodun askok saldu egin dute, Kataluniako bankuaren eskaintza eskasa izango dela pentsatzen dutelako

Iker Aranburu.
2012ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Banku indartsu eta handiagoa bilakatzeko bidean, urratsez urrats balioa galtzen ari den finantza erakundea da Nafarroako Kutxa. Joan den uztailean, Banca Civicako partaide gisa hasi zenean burtsa kotizatzen, kontabilitate liburuek zioten baino %73 merkeago saldu behar izan zuen burua; orain balio horren zati bat besterik onartuko ez dion eskaintza egingo dio Caixabankek.

Astelehenean du aurkeztekoa Caixa buru duen bankuak Banca Civica erosteko eskaintza, baina El País egunkariak atzo gauean iragarri zuenez, akordioa ia lotuta daukate bi erakundeetako agintariek. Eskaintza «oso doitua» izango zela aurreratu zutenCaixabankeko iturriek. Beste hitz batzuetan, banku katalana ez dagoela prest asko pagatzeko, azken asteotan aztertu dituen Banca Civicaren kontuetan espero ez zituen sorpresak aurkitu dituelako; etxegintzari lotutakoak, hain zuzen ere. Sektore horri emandako maileguek behartu dute Banca Civica talde handiago baten menpe geratzea. Martxoaren 31 baino lehen esan behar dio Espainiako Bankuari nola lortuko dituen 2.031 milioi euroren zuzkidurak eta erreserbak. Diru hori bere kasa lortzerik ez duela aitortu dute Enrique Goñi eta Antonio Pulido Banca Civicako bi presidenteek, eta azken bi hilabeteotan negoziatzen aritu dira Caixabankekin. Beste aukera batzuk egon dira mahai gainean, hala nola Aragoiko Ibercajarekin bat egitea. Eskaintza hori hobetsi du, esaterako, Roberto Jimenez Nafarroako lehendakariordeak, Ibercaja txikiagoa izanik Banca Civica ez zelako erakunde berrian urtuko. Ibercajak, ordea, Caja 3 irentsi berri du, eta horrekin oraingoz nahikoa duela dio.

Caixabanken eskaintza txikia izango den usteak ondorio garbia izan zuen atzo burtsan. Akziodun asko tituluak saltzen aritu ziren, galerak gutxitzeko asmoz. Ondorioz, CANen bankuko akzioak %6,33 jaitsi ziren, eta 2,22 euroan salerosi ziren itxieran. 2011ko uztailean burtsara atera zirenean 2,7 balio zuen Banca Civicako akzio batek, hau da, zortzi hilabetean balioaren %17,78 galdu du. El País-en arabera, 2,22 baino gehiago eskaini du Caixabankek.

Bulegoak ixten Nafarroan

Banca Civicaren %16ren jabe dira orain Nafarroako Kutxa eta Sevillako Cajasol, eta beste %20 bat dute Caja de Burgosen eta Cajacanariasen artean. Gainontzeko %47,5a burtsan dago. Akziodun txikien artean nafarrak dira nagusi: uztailean, 26.000 nafarrek zeukaten erosita titulu bat. Langileen %84k ere bazuten akzio bat.

Langile horietako batzuen geroari buruz hainbat zalantza daude. Operazioak ia-ia halabeharrez ekarriko du bulegoak ixtea, Nafarroan behintzat. Lurralde horretan 279 bulego ditu Nafarroako Kutxak eta 53, berriz, Caixak. Ezin da baztertu bulego horietako batzuk Kutxabanken esku geratzea, Nafarroako Kutxarekin zer gertatu zain, oso gutxi hedatu delako Nafarroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.