Industriak ez duela garrantzirik galdu nabarmendu du Joseba Garmendia EHUko Ekonomia irakasleak. Faltan botatzen du, hala ere, dibertsifikazio gehiago produkzio egituretan.
Industriak, langile kopuruan behintzat, pisua galdu du azken hamarkadetan. Beheranzko joera bat dagoela uste duzu?
Ezetz esango nuke. Datuetan ikusten da Europako batez bestekoen gainetik gaudela. Industriaren pisua ekonomian aztertzeko bi modu daude: enplegua aztertzea eta balio erantsia aztertzea. Balio erantsiari erreparatuta, bere pisuari eutsi dio azkeneko 30 urteotan.
Topiko batzuk erortzen dira. Esaterako, beti pentsatu da Bizkaia dela industria gehien duen herrialdea.
Horren arrazoia izan liteke industria birmoldaketa sakonek izan duten eragina, batez ere itsasadarraren inguruan. Beste efektu bat ere badago. Bilbo Euskal Herriko zerbitzuen hiria bihurtzen ari da. Egia da administrazio zerbitzu batzuk Gasteizen daudela, baina enpresentzako zerbitzuak edo finantzakoak Bilbon ari dira egituratzen.
Ipar Euskal Herrian industriaren egoerak bestelakoa ematen du.
Ez dagokio soilik Ipar Euskal Herriari. Eskualdeen mapan bistan denez, Nafarroako mendialdean ere antzeko zer edo zer gertatzen da. Mendialdearekin du zerikusia, Iparralde eta Hegoalde arteko banaketarekin baino gehiago. Pirinioetako alde bietan dago desindustrializazioa, eta horri beste fenomeno batzuk lotzen zaizkio, populazioaren beherakada edo gizartearen zahartzea, esaterako. Estatuen dinamikatik begiratuta eskualde periferikoak dira, eta, era berean, mendikoak. Nekazaritzari jarri zaion alternatiba bakarra turismoa da, gainera.
Nolako egitura du indarrean dagoen bigarren sektoreak?
Hegoaldean ez dago oso dibertsifikatua; hiru ataletan banatzen da: metalgintza, makina-erreminta eta automozioari lotutako enpresak. Nafarroan dibertsifikazio puntu bat gehiago dago, papergintza, elikadura eta kontserba lantegiekin. Kataluniarekin alderatuta, han askoz atal gehiago dituzte. Azken hogei urteotan egitura produktiboa bera da, eta munduko fenomenoek bete-betean jotzen gaituzte.
BIGARRE SEKTOREA AZTERGAI. JOSEBA GARMENDIA
«Balio erantsiari erreparatuta, industriak pisuari eutsi dio azken hiru hamarkadetan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu