Balenciagako lantalde osoa kaleratzeko negoziazioak hasi nahi ditu kudeatzaileak

Cofidesekin akordio batera iritsi ezean enpresa laster likidatuko dutela ohartarazi dute. Funts publiko batekin duen zorrak itotzen du enpresa, eta horregatik eskatu diete erakundeei esku hartzeko.

 Balenciaga ontziolaren langileen manifestazioa, beren egoera salatzeko. MAIALEN ANDRES / FOKU
Balenciaga ontziolaren langileen manifestazioa, beren egoera salatzeko. MAIALEN ANDRES / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko urtarrilaren 24a
13:05
Entzun

Balenciaga ontziolako (Zumaia, Gipuzkoa) langile batzordeak ohartarazi du enpresaren konkurtso kudeatzaileek langile guztiak kaleratzeko negoziazioak hasi nahi dituztela. Hilaren 21ean bildu ziren batzordea, zuzendaritza eta epaileek ezarritako kudeatzaileak, eta langileei jakinarazi zieten «aurki» lantalde osoaren kontratuak —71 langile dira egun— eteteko erregulazio txosten bat jarriko dutela abian. Kudeatzaileek argudiatu zuten enpresa erosteko interesa duten enpresak egon badaudela, baina ez dutela eskaintza irmorik egin, eta Cofides funtsak bideragarritasun plana onartu ezean ez dagoela zereginik. 

Erlazionatuta

«Balenciaga likidaziora gerturatzen ari da», horrela laburbildu du egoera langile batzordeak bere oharrean. Gaineratu du enpresa bideragarria dela eta horren froga dela hilabeteotan «hainbat enpresak» interesa agertu dutela ontziola erosteko. Balenciagak, baina, zor handia du, eta haren zati bat Espainiako Gobernuko Ekonomia Ministerioaren menpeko den Cofides funtsari zor dio.

Cofidesek helegitea jarri zion konkurtso kudeatzaileak aurkezturiko bideragarritasun planari, eta, haren oniritzirik gabe, kudeatzaileak enpresaren jarduna eteteko legezko prozesuarekin jarraitu behar du. Ontziolak hamabi milioi euro zor dizkio, eta, beste hartzekodunek ez bezala —zor osoa 37 milioi eurokoa da—, hark ez du onartu zorra berriz negoziatzeko eskaera. Harekin bilduak dira langileak, baina salatu dute harekin izandako bilera «denbora galtzea» izan zela.

Langile batzordeak jokaleku politikoan du jarria itxaropena. Cofides funts publiko bat da eta erakundeei akordio batera iristeko eskatu die. Presioa areagotzeko, elkarretaratzera deitu dute hilaren 30erako, Zumaiako plazan. Egun horretan udal batzarra dago, eta mozio bat aurkeztuko dute. «Langileentzat ezinbestekoa da EH Bilduk, EAJk eta batez ere PSEk mozioa onar dezatela. Egoera konpontzeko aktiboki inplikatu daitezen nahi dugu», eskatu du batzordeak. 

Balenciaga ontziolako nasak hutsik, ostegun goizeko artxibo batean. JUAN HERRERO / EFE
Balenciaga ontziolako nasak hutsik, artxiboko argazki batean. JUAN HERRERO / EFE

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.