Balenciagako langileek laguntza eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari

Lan mahai bat osatu nahi dute, erakundeek inbertsiogile industrial bat bilatzen lagundu diezaieten.

Ontziolako langile batzuk, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean asteazken honetan eginiko protestan. RAUL BOGAJO / FOKU
Ontziolako langile batzuk, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean asteazken honetan eginiko protestan. RAUL BOGAJO / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko abenduaren 4a
12:55
Entzun

Balenciaga ontziolako langileek lan mahai bat osatzeko eskatu diete Espainiako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Zumaiako Udalari. Horren bitartez, enpresa ez ixteko modua lortu nahi dute. Gogoratu dute enpresak baduela lan karga, eta, aurrera egiteko, inbertitzaile industrial bat behar dutela. Mahai horretan sektoreko adituek ere parte hartzea nahi dute, eta ordezkariak izendatzeko epe bat jarri diete erakundeei: abenduaren 11. «Lan mahai hau osatzen ez badute, enpresa ixtearen erantzukizuna izango dute», ohartarazi du langile batzordeak.

Azaroaren amaieran, Zumaiako (Gipuzkoa) enpresa hori hartzekodunen konkurtsoan sartu zen, Espainiako Ekonomia Ministerioaren Cofides sozietate publiko-pribatuak berregituraketa planari babesa ematea baztertuta. Aurretik, plan horrek epailearen oniritzia zuen.

Asteazken honetan, langile talde batek protesta egin du Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren eta Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzaren aurrean, Gasteizen. Ondoren, lan mahaia sortzeko eskaera jasotzen duen gutun bat erregistratu dute bi erakundeetan.

«Hitz onak» baino ez

Komunikabideen aurrean eginiko adierazpenetan, David Tejera langile batzordeko presidenteak (CCOO) gogoratu du abuztutik enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean daudela eta enpresak bost ordainsari zor dizkiela, eta «batzuei gehiago». Mobilizatzen jarraituko dutela iragarri du, eta alderdi politikoekin bilduko direla.

Erakundeekin ere izan dituzte elkarrizketak, baina salatu dute «hitz onak» baino ez dituztela jaso. «Gure etorkizunarekin jolasten jarraitzen dutela uste dugu. Ez dugu ikusten inplikatutako administrazioen arteko lankidetzarako jarrerarik. Interes partikularren joko bat ikusten ari gara; erantzukizuna besteari pasatzen ari dira, konponbide bat bilatzeko ezer egin gabe».

Nabarmendu dute orain ontziola martxan jartzeak duela lehentasuna, kontratatutako itsasontziak amaitzeko eta, horrekin batera, bazkide industrial bat erakarri ahal izateko. Halaber, uste dute merkataritza arloko epaitegiarekin batera bideragarritasun plana berrikus daitekeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.