Balenciagak izkin egin dio hartzekodunen konkurtsoari

Ontziola itotzen ari den zorra berregituratzeko plana ontzat hartu du epaileak.

Balenciaga ontziola, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Balenciaga ontziola, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko urriaren 8a
17:00
Entzun

Ura kareletik sartzera zihoakiola aritu da azken hilabeteen Balenciaga ontziola, baina salbamendurako plan bat atontzea lortu du. Egitasmo horrek Donostiako merkataritza auzitegiaren oniritzia jaso du, eta, horri esker, hartzekodunen konkurtsoa saihestu du Zumaiako enpresak (Gipuzkoa).

Efe agentziak azaldu duenez, epaileak onartu du Balenciaga zorrak erantzuteko gaitasunik gabe geratzen ari dela, baina udan hartzekodunekin negoziatutako berregituraketa planak egoera horri aurre egiteko tresnak jartzen ditu. Egitasmoak 80 milioi euroren zorra itzultzeko epeak atzeratuko ditu, lan kostuak txikituko, eta kontratazio gehiago itxiko ditu.

Euskal Herrian geratzen diren beste ontziolen moduan, Balenciagak urte zailak bizi izan zituen Europako Batasunak tax lease sistema baliogabetu zuenean, 2010eko hamarkadaren hasieran. EBk ontzat hartu zuen gero itsasontzien eraikuntza finantzatzeko sistema berria, eta lan karga sartzen hasi zen, Balenciagan ez ezik, baita Euskal Herrian geratzen diren beste bi ontzioletan ere: Zamakona (Santurtzi eta Pasai Donibane) eta Murueta (Erandio eta Murueta).

Besteak beste, itsasoko parke eolikoak hornitzeko itsasontziak, eta izokinak arrantzatzekoak eraiki zituen Balenciagak. Mota horretakoa da Zumaiako enpresak lortutako azken kontratua, 2020. urtearen hasieran, COVID-19aren pandemiaren atarian egindakoa Norvegiako Samlaks taldearekin. 

Baina eraikuntzaren azken fasean zegoen itsasontzi baten kontratua hausteak galera handiak eragin dizkio Balenciagari, eta eskariei aurre egiteko gaitasuna kendu zion. Horrela, uztailean, Balenciagak beste bi itsasontzi eraikitzeko kontratu bat sinatu zuen, baina auzitan zegoen lan hori finantzatu ahal izango zuen, aldi berean zorra ordaindu behar bazuen. Berregituratze planak bi betebehar horiek uztartzeko bidea eman beharko luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.