«Hau arazo politiko bat da. Komunikabideak adi daude orain, eta bizi guztirako lana izan nahi badugu hemen, [langileok] aukera hau baliatu behar dugu presio egiteko». Zumaiako (Gipuzkoa) Balenciaga ontziolako langile batzordeko kideek borrokarako deia egin diete gaur goizean lankideei, hedabideei azalpenak eman aurretik. Egoeraz «nazkatuta» daudela esan dute, eta, politikariek nahi izanez gero, enpresak baduela etorkizuna.
Azken urteak txarrak izan dira ontziolarentzat, baina, urrian, haren salbamendu planak Donostiako merkataritza auzitegiaren oniritzia jaso zuen, eta, hala, izkin egin zioten hartzekodunen konkurtsoari. Azkenean, ordea, plan guztia ezerezean geratu da hartzekodun handienetako batek ezetz esanda: Espainiako Ekonomia Ministerioaren funtsak kudeatzen dituen Cofides sozietate publiko-pribatuak.
Orain arte, enpresako langileak isilik egon dira «erakundeekin izaten ari ziren negoziazioek eta zordunen gehiengoarekin egindako akordioek enpresa aurrera aterako zutelakoan». Nazkatu dira, ordea: «Enpresako zuzendaritza, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Ekonomia Ministerioa errusiar erruletan ari dira gure etorkizunarekin».
«Azken urteetan eraiki ditugun itsasontzien kudeaketa negargarriak eraman gaitu hartzekodunen konkurtsora»
Balenciaga ontziolako langile batzordea
Zenbait hilabetez dirurik jaso gabe egin dute lan, abuztutik ABEE enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean daude, eta oraindik bost ordainsari zor dizkie enpresak. Salatu dutenez, egoera kudeatzen ari direnek itxitzat jo dute Balenciaga, eta, horrela, «hiltzat eman dute gure etorkizuna eta Urola Kosta eskualdearen zati handi batena».
Langileek argi dute enpresa bideragarria dela, eta horretarako finantzaketa soilik falta dela. Lan karga badago: uztailean, Balenciagak beste bi itsasontzi eraikitzeko kontratu bat sinatu zuen. Haien iritziz, une honetan Cofides da hartzekodunen konkurtsoaren eta itxiera posiblearen erantzule nagusia, bideragarritasun plana «oztopatzen» ari baita. Eusko Jaurlaritzari ere erantzukizunak exijitu dizkiote, «enpresari babes osoa helarazten zion bitartean planari inpugnazioa jarri baitzion».
Dena den, gaur egungo egoeraren errudun nagusia enpresako zuzendaritza dela azpimarratu dute: «Azken urteetan eraiki ditugun itsasontzien kudeaketa negargarriak eraman gaitu hartzekodunen konkurtsora».
Kontatu dutenez, duela bi urte, Balenciagak berrehun langile baino gehiago zituen, lantaldeko kideak eta azpikontratetakoak batuta. Hori, zeharka sortzen zituen lanpostuak kontuan izan gabe. Orain, 71 behargin ditu ontziolak. Langile horien guztien etorkizuna «zakarrontzira botatzen» ari direla salatu, eta argi utzi dute borroka egiteko asmoa dutela.
Mobilizazioak eta bilerak
Manifestazioa egingo dute ostiralean Zumaian, 18:00etan, ontziolatik bertatik abiatuta. Balenciaga ez itxi izango da leloa, eta dei egin diete Zumaiako zein Urola Kostako bizilagun guztiei bertan parte hartzera. Gasteizen ere mobilizatzeko asmoa dute, «Gasteizko eta Madrilgo gobernuen inplikazioa exijitzeko».
Datozen egunetarako, betea dute agenda. Atzo Zumaiako Udalarekin bildu ziren; bihar edo etzi elkartuko dira Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin, eta ostiralean, Gasteizen, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzarekin. «Balenciaga ontziolak etorkizuna izango du baldin eta politikariek hala erabakitzen badute. Haien esku dago enpresaren etorkizuna».
«Kobratu gabe lan egin ez bagenu, guztiok aterako ginen galtzen»
Imanol Belokik 25 urte daramatza Balenciaga ontziolan lanean, eta LAB sindikatuaren ordezkari bakarra da langile batzordean. Beste bana dute CCOOk eta UGTk.
Enpresa gaur egungo egoerara zerk eraman duen galdetuta, kontatu du azpikontratetan oinarritutako eredua izan dela Balenciagarena azken urteetan. Lantalde finkoan ez dira sekula izan ehun baino gehiago, baina enpresa errentagarria zen garaietan, berrehun lagun inguruk egiten zuten lan han. «Batzuen kasua ulergarria da, lan ezberdinak egiten dituztelako: argiketariak, arotzak… baina armadoreon lan bera egiten zuten asko ere kanpotik ekartzen zituzten», azaldu du.
Urte haietan, nagusiki, petroliontziak egiten zituen Balenciagak. Horien eskariak behera egin zuenean, ordea, merkatu berrien bila hasi zen enpresa. Topatu zituzten, baina eskari asko «konplikatuak» ziren Belokiren arabera, eta entrega epeak ere ez ziren egokiak. «Zuzendaritzak erabaki zuen bolumena handitzea, eta hasi ginen eskariak hartu eta hartu… kontrola galdu genuen arte. Garai hori pandemiarenarekin elkartu zen, gainera».
Ontziolan seiehun lagun batera jardutera ere heldu ziren orduan. Langilearen ustez, gehiegizko lan kargak berak eragin zuen enpresaren gainbehera, kudeaketa txarra izan zelako eta operazioak ez zeudelako behar bezala lotuta. «Ontzi haiek arazo tekniko asko eragin zituzten, eta ordu eta diru asko galdu genuen haiekin», zehaztu du.
2022. urtean, esan zieten dirua amaitu zela, baina hiru itsasontzi zituzten amaitzeko. Beharginek une horretan erabaki zuten kobratu gabe ere lanean jarraitzea, ekoizpena bertan behera uzteak galera handiak eragingo baitzizkion askori. Beraz, Belokik azaldu duenez, enpresak armadoreen diruarekin amaitu zituen hiru barku haiek.
«Ordutik, zuzendaritza saiatu da zorra finantzatzeko modu bat asmatzen, baina ez du lortu». Urrian onartutako bideragarritasun plana Balenciagarenak berarenak diren bi kargaontzi handi saltzera bideratuta dago. Lan karga apala zen garai batean egin zituzten, eta alokatu gero. Orain, horien salmentaren dirua baliatu nahi dute zorroan dituzten eskariak abian jartzeko. «Baina Cofidesen esku dago erabakia».
Nolabait, erakunde publikoak Balenciagako langileekin zorretan daudela uste du Belokik: «Kobratu gabe lan egin ez bagenu, diru asko galduko zen bermeetan, eta erakunde publikoak ere hor sartuta daude. Hori guk salbatu genuen».