Ura barruraino sartu da Balenciaga ontziolaren kroskoan, eta hondoratzeko arriskuan utzi du. Zumaiako (Gipuzkoa) enpresak hartzekodunen konkurtsoa eskatu du, bere zorrari aurre egiterik ez duelako eta orain arteko salbamendu planek ez dutelako fruiturik eman.
Hilabeteetako estualdiaren ostean, urrian ematen zuen Zumaiako (Gipuzkoa) Balenciaga ontziolak arnasa hartuko zuela, izkin egin baitzion hartzekodunen konkurtsoari, bere salbamendurako planak Donostiako merkataritza auzitegiaren oniritzia jasota.
Finantzatze plan hori hartzekodunekin negoziatu zuen udan. Denbora irabazteko tresna bat zen, 80 milioi euroko zorra itzultzeko epeak atzeratu ahal izateko, lan kostuak txikitzeko eta kontratazio gehiago ixteko.
Baina plan guztia ezerezean geratu da hartzekodun handienetako batek ezetz esanda. COVIDak kalte egindako enpresen birkapitalizaziorako funtsak (Fonrec) ez du onartu epaileak homologatutako plana. Cofides sozietate publiko-pribatuak kudeatzen du Espainiako Ekonomia Ministerioaren funts hori.
Ezin eskariei aurre egin
Eraikuntzaren azken fasean zegoen itsasontzi baten kontratua hausteak galera handiak eragin dizkio Balenciagari, eta eskariei aurre egiteko gaitasuna kendu. Horrela, uztailean, Balenciagak beste bi itsasontzi eraikitzeko kontratu bat sinatu zuen, baina auzitan zegoen lan hori finantzatu ahal izango zuen, aldi berean zorra ordaindu behar bazuen.
Berregituratze planak bi betebehar horiek uztartzeko bidea eman behar zion, baina orain, Cofidesen ezezkoarekin, ontziola irtenbiderik gabe gabe geratu da, eta zuzendaritzak langileei jakinarazi die enpresak hartzekodunen konkurtsoa egingo duela.
Goiza luze joan zen atzo Zumaiako ontziolan. Gaur amaitzen zen hartzekodunen konkurtsoa aurkezteko epea —enpresa konkurtsoaren aurrekoan zegoen— eta atzoko 09:30ean oraindik ez zekiten ezer. «Gu jada txarrenean geunden», azaldu dio BERRIAri Xabier Otamendi Urola Kostako LABen industria arduradunak.
«Azken lauzpabost urteetan gertatu da: enkargu zailak hartu dira, lan karga handiak izan dira, gaizki kudeatu dira, eta entregak berandu eta gaizki egin dira. Horrek eraman gaitu oraingo egoerara»
XABIER OTAMENDILABeko Urola Kostako industria arduraduna
Gero, enpresa langileekin bildu zen jakinarazteko hartzekodunen konkurtsoa egingo dutela.
Otamendik azaldu duenez, abuztuaren lehenetik langileak ABEE enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean daude. «Aurretik, denbora egin dute soldatarik jaso gabe, lanean jarduteko apustua eginda barkuak entregatzeko».
Langile batzordeak argi utzi nahi du zerk eragin duen gaur egungo egoera: enpresaren kudeaketa txarrak. «Azken lauzpabost urteetan gertatu da: enkargu zailak hartu dira, lan karga handiak izan dira, gaizki kudeatu dira, eta entregak berandu eta gaizki egin dira. Horrek eraman gaitu oraingo egoerara».
Instituzioen ardura ere nabarmendu du LABeko ordezkariak. «Cofides izan da bideragarritasun plana martxan jartzeko oztopoa, eta haien esku ere badago planari berriz heltzea».
Balenciagako zuzendaritzak ere auzitan jarri du Cofidesen erantzuna. «Inork ez du ulertzen erabakia», azaldu diote haren iturriek Efe agentziari, eta gaineratu dute ontziola bideragarria dela epaileak onartutako plana indarrean jarriz gero. Gogorarazi dute bi itsasontzi egiteko eskaera «dagoeneko sinatuta» dagoela, «erosle espainiarrarekin eta finantzaketa espainiarrarekin», eta Cofidesen ezezkoak aukera hori zapuztu duela. Edonola ere, ez dute ontziola itxitzat eman, eta «dirua jarriko duen norbait» agertuko den itxaropena azaldu dute.
Mobilizazioak
Langileen ordezkariek ere ez dute amore eman. Are, mobilizazioak izango direla aurreikusi du Otamendik, enpresa eta instituzioak interpelatzeko, langileen ordezkarien ustez oraindik ere bai baitago aukera egoera bideratzeko. «Bideragarritasun plana martxan jar daiteke hartzekodunen konkurtsoan egonda ere».
Langile batzordeak asteartean egingo du prentsaurrekoa, egoera azaltzeko eta haien asmoen berri emateko. Mobilizazioak ziurtzat jo ditu Iñaki Temprano CCOOko industria ataleko arduradunak ere. Langile batzordean ordezkari bana dute CCOOk, LABek eta UGTk, eta bi leku hutsik daude.
Balenciagaz gain, beste bi ontziola daude Euskal Herrian: Zamakona (Santurtzi eta Pasai Donibane) eta Murueta (Erandio eta Murueta).