G20

Bakoitza berera eta akordioa urrun Seulen

AEBek eta Txinak beren jarrerei eutsi diete, eta akordioak zaildu dituzte G20koen goi bileran

jakes goikoetxea
2010eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Goi bileretan ohikoa izaten da topaketarako aukeratutako leloak ezin gordinago islatzea bildutakoen nahi eta ezinak. Seulen gertatzen ari da. Partekatutako hazkundea krisitik haratago, dio G20koek gaurko eta biharko topaketarako aukeratutako leloak. Goi bileraren aurretik eta goi bileran bertan esandakoak entzun ostean, agerian geratzen ari da G20ko herrialdeek etaerakundeek ezer gutxi partekatzen dutela eta, are gutxiago, hazkundea. Funtsean, bakoitza berea babesten ari da, bere ekonomia, bere bidea krisitik ateratzeko. G20koek 2008an, krisiaren erdian, Washingtonen egin zuten goi bilerako batasunik ez dago jada.

Seulgo goi bilera atzo hasi zen, eta gaur amaituko da. Duela hiru aste finantza ministroek topaketa bat egin zuten Seulen bertan, goi bilera prestatzeko. Orduan ere ez zuten akordio garbirik lortu.

G20ko ordezkariek bi gai nagusi dituzte mahai gainean: dibisen gerra (diru politikak) eta kontu korronteko balantzen desorekak (ondasunen, zerbitzuen eta kapitalen salerosketaren emaitza).

Herrialde batzuen erabakiek eragin zuzena dute besteen ekonomietan, eta G20ko herrialde gehienek kritikatu egin dituzte Ameriketako Estatu Batuek eta Txinak hartutako neurriak, beren dibisak artifizialki ahultzeko (yuanak %20-40 gehiago balio beharko lukeela diote ikerketa batzuek). Esportazioak bultzatu nahi dituzte, dibisak ahulduta beren produktuak atzerriko erosleentzat merkeago izango direlako.

Barack Obama AEBetako presidentea 600.000 milioi dolar jaulkitzeko erabakia zuritzen saiatu da. Esan du «AEBen suspertze indartsua» dela AEBek munduko ekonomiaren indarberritzeari egin diezaioketen ekarpen garrantzitsuena. Seulen ez du inor konbentzitu. Guido Mantegna Brasilgo Ekonomia ministroak erantzun dio inbertsoreek dolar merke horiek atzerriko diru eta aktibo errentagarriagoak erosteko baliatuko dituztela, herrialde horien egonkortasuna arriskuan jarriz.

Hu Jintao Txinako presidenteak Obamari berretsi dio yuanaren kotizazioa malgutzeko neurriekin «jarraituko» dutela. Emaitzak apalak dira: bere balioa %3 handitu da ekainetik.

Ohi bezala, protekzionismoaren mamua azaldu da Seulen ere. Dibisen gerrak herrialdeak barne merkatuak babestera eta kanpoko lehiakideei trabak jartzera bultzatuko dituela uste dute, susperraldia mantsotuz.

Guztiak saltzaile

Barne merkatuak ahulduta, esportazioak bultzatzea bihurtu da herrialde gehienen helburua. Baina Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo jarduneko presidenteak Seulen gogorarazi duen moduan, «mundu guztiak saltzen baldin badu, nork erosiko du?». Herrialde industrializatuek kontsumitzen ez badute, munduak «porrot» egingo duela ohartarazi du.

Hazkunde partekatua da goi bilerako helburuetako bat eta horretarako kontu korronteko balantza positiboak dituzten herrialdeak, hau da, erosi baino gehiago saldu egiten dutenak, erostera behartu nahi dituzte. Barne kontsumoa bultzatzeko eskatu diete. Talde horretan daude Txina, Alemania eta Japonia.

Herenegun jakin zen Txinaren balantza komertziala irailetik urrira %61 handitu dela (ia 20.000 milioi euro).

AEBek kontu korronteko balantzen desorekak mugatzea proposatu zuen goi bilera prestatzeko topaketan: %4an ezarri zuen muga, bai positiboa, bai negatiboa. AEBek ez zuten babesik lortu. Alemania haserretu egin da. «Mugak jartzea ez dago ekonomikoki zurituta, eta ez da politikoki egokia», esan du Angela Merkel kantzilerrak. Obamak, dena den,iragarri du goi bilerako azken agiriak hazkunde orekatua eta iraunkorra bultzatzeko neurriak aipatuko dituela.

Oraingoz G20koen bileran aurrera egiteko aukera gehien duen neurria finantza erakundeen erreformari buruzkoa da. Finantza Egonkortasunerako Batzordeak G20koei eman dien proposamenaren arabera, nazioartean lan egiten duten bankuek herrialde bakarrean egiten dutenek baino diru gehiago gorde beharko dute arazoei aurre egiteko. Porrot egiteko handiegiak diren bankuen artean dago BBVA; kanpoan geratuko dira, berriz, Txinako eta Japoniako banku handi asko.

Sorrera: 1999an. Herrialde industrializatuenek eta gorabidean direnek osatzen dute.

Garrantzia: Munduko ekonomiari buruzko elkargune garrantzitsuena bihurtu da 2008tik aurrera. G8 ordezkatu du, G20 taldeak munduko botere banaketa hobeto islatzen duelako eta gorabidean diren herrialdeak ere aintzat hartzen dituelako.

Partaideak: Alemania, Ameriketako Estatu Batuak, Argentina, Australia, Brasil, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia, Hegoafrika, Hego Korea, India, Indonesia, Italia, Japonia, Kanada, Mexiko, Saudi Arabia, Turkia, Txina eta Europako Batasuna. Nazioarteko zenbait erakundek (NDF, Munduko Bankua, NBE, MME...) eta gonbidatutako herrialde batzuek ere parte hartzen dute.

Ordezkaritza: Munduko barne produktu gordinaren (BPGa) %90, salerosketen %80 eta populazioaren bi heren.

Bilerak: Orain arte urtean bi; 2011tik aurrera urtean bakarra.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.