Bakerik ez burokraziarekin

Nekazaritza Politika Bateratu berriak nabarmen zaildu dio prozedura administratiboa lehen sektoreari. Eskaera telematikoak, baldintzak betetzeko teknologiaren erabilerak eta informazio eskaerek egonezina eragin dute.

Nafarroako hainbat nekazarik otsailaren 16an Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Departamentuaren aurrean egindako elkarretaratzea.
Nafarroako hainbat nekazarik otsailaren 16an Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Departamentuaren aurrean egindako elkarretaratzea. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2024ko apirilaren 14a
05:00
Entzun

Pakea egin. Halaxe deitzen diote hainbat laborarik urtero Nekazaritza Politika Bateratuaren diru laguntzak eskatzeko prozedurari, NPBren erdarazko akronimoarekin (PAC) hitz jokoa eginda. Alta, bakerik ez da lehen sektorean. Azken bi hilabeteetako protestatan nabarmendu diren kritiketako bat izan da tramite gehiegi dituztela eta gogaituta daudela. Aiene orokor horrek agerian utzi du elkarren arteko harremana desorekatu egin dela: teknologiak monitorizazioa erraztu dio administrazioari; laborariari, aldiz, lana zamatu dio, eta digitalizazioak egonezin handia eragin dio.

Zenbaitek auzitan jarri dituzte tramite administratibo guztiak, baina ezin ondoriozta daiteke hori denik iritzi orokorra. Gonzalo Palacios Izalgo abeltzainak (Nafarroa) eta UAGN sindikatuko presidenteordeak uste du beharrezko direla produktuen trazabilitatea bermatzeko kontrolak: «Gauzak paperekin baizik ezin dira frogatu. Nik esan dezaket bi metro garai naizela eta ilehoria naizela, baina probarik bidali ezean, ezin dut hori egiaztatu». Arazoa bestelakoa da, haren irudiko: «Hainbeste lege dago, hainbesteko burokrazia, eta hain da desberdina...».

«Gauzak paperekin baizik ezin dira frogatu, baina hainbeste lege dago, hainbesteko burokrazia, eta hain da desberdina...».. GONZALO PALACIOS UAGNko presidenteordea

Nolakoak dira, baina, tramiteak? Deabrua xehetasunetan ezkutatu ohi da, eta horregatik komeni da prozeduren xehetasun batzuk ezagutzea.

Zeintzuk dira prozedura nagusiak?

Ruben Palacios Goñi Nafarroako Gobernuko Nekazaritza zerbitzuburuaren arabera, bi maila daude. Batetik, beste edozein jarduera ekonomikoren antzera, lehen sektoreak legedi eta erregulazio bati erantzun behar dio. Bestetik, Nekazaritza Politika Bateratuak bideratutako diru laguntzak eskatu egin behar ditu, eta, laguntza horietako batzuk jaso ahal izateko baldintzak jarduerarekin berarekin nahasten direnez, erregulazio orokorra eta laguntzen baldintzak «elkarrekin nahasten» dira maiz. «Baina bi mailak bereizi egin behar dira. Laguntzarik eskatu ezean, ikusezina zara horiek kudeatzen dituen administrazio atalarentzat, baina jarduera kontrolatzen duen unitateek hala ere eskatuko dizute legedietako baldintzak betetzeko».

Diferentziak daude abeltzainen eta nekazarien artean?

Bai. «Abeltzainok burokrazia gehiago dugu», dio Gonzalo Palaciosek. Legediaren ondorioz, euren jardueraren inguruko aldaketa guztiak erregistratzera behartuta daude abeltzainak. Egitekoen zerrenda luzea da: jaiotako txahal, bildots eta kumeen berri eman behar dute, bakoitzak identifikazio zenbaki bat izan dezan; abere bakoitzari belarritakoa jarri behar zaio, eta «bikoiztuta edukitzea komeni da»; istripuen edo gaixotasunen ondorioz hildako animalien berri eman behar da; osasun neurriak hartu behar dira; abelburuak batetik bestera mugitzeko gidak eskatu; saldutako abereen berri eman; gaixotutako animalien tratamendua albaitariaren bidez lortu...

Ohar horiek guztiak Hego Euskal Herriko eskualdeetako laborantza ganberetan jakinarazi behar dituzte. Nafarroan, gainera, bada telematikoki oharrak eta eskaerak egiteko bulego birtual bat. «Batzuk moldatzen dira ordenagailuarekin, edo badute familian laguntzen dien norbait», aipatu du Gonzalo Palaciosek.

Eta nekazariek zer egin behar dute?

Orain gutxi arte, erabilitako produktu fitosanitarioen berri eman behar zuten, eta soilik ikuskaritza bat izatean egin behar zuten hori. Kontrolak etxaldeen %1i egiten zaizkienez, normalean inork ez zuen egiten: «Ikuskaritza bat egingo zela jakinarazitakoan, korrika eta presaka egin ohi zuten hori. Fakturak erakutsi, erregistroa bete...», onartu du Felipe Etxetxipia Nafarroako EHNEko teknikariak.

Orain, berriz, Nekazaritza Politika Bateratuko laguntzak eskatzerakoan lana nabarmen handitu zaie. «Europako Batasuna jabetu da ingurumenari eragiten dioten beste hainbat kontu badirela, fitosanitarioez gain. NPB berriaren festara ongarriak ere gonbidatu dituzte orain», dio Ruben Palaciosek. Hala, laguntza eskaeretan, lursail bakoitzean erregistratu egin behar dituzte erabilitako ongarri organikoak, inorganikoak, mineralak... Eta hori gutxi ez balitz bezala, partzela bakoitzaren egoera administratiboa frogatu behar du: berea duen, alokairuan duen, lur komunala den... «Oso konplexua bihurtu dute sistema. Hutsetik ehunera pasatu nahi izan dute, oso azkar», onartu du.

Noiz egiten dira eskaerak?

Kanpaina betean daude orain. Otsailetik hasi eta apirilaren 30eraino dute eskaerak betetzeko epea. Eskaera guztiak telematikoki egiten dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eskualdeetako laborantza ganberek lagundu ohi diete laborariei prozesu horretan. Hego Euskal Herriko onuradunen %60 Nafarroan daude, eta Iruñeko gobernuak entitate laguntzaileen esku uzten du zeregin hori: kooperatibak, nekazaritza sindikatuak eta finantza erakundeak. «Nekazariak egin behar duena da eseri eta zera esan bere aholkulariari: zer lursail dituen, zer erein duen, zenbat animalia dituen, eta zer laguntza eskatu nahi dituen».

«Gehiegizko informazioa dago. Azken erreforman, zaildu egin dute ulertzea bera ere. Laborariek ez dute ulertzen ezta zer eskatzen ari diren ere».

 FELIPE ETXETXIPIA EHNEko teknikaria

Erraz egiten al dira?

Ez. Errealitatea askoz ere korapilatsuagoa da, Etxetxipiaren esanetan. Laborarien eskaerak tramitatzen ditu, eta hiru hilabeteotan galtza bete lan izan du berrehun espediente inguru osatzeko. Konplexutasunaren erakusle, eskaera bat telematikoki nola egin azaltzeko Nafarroako Gobernuaren eskuliburuak ehun orrialde ditu. «Programa informatikoa osoa da, baina gainean egon behar duzu. Lursail bakoitzari laborea jarri behar diozu, eta gero zutabe guztiak tentuz bete behar dira».

Bitartekariak bi norabideko informazio gurutzatua kudeatu behar du. Alde batetik, NPB berrian jasota datozen laguntza sortak bere baldintzak ditu, eta haien betekizunak ezagutarazi behar zaizkio laborariari. «Gehiegizko informazioa dago. Azken erreforman, zaildu egin dute ulertzea bera ere. Laborariek ez dute ulertzen ezta zer eskatzen ari diren ere». Bestetik, eskaera ongi egin ahal izateko, ondo ezagutu behar da laborari eta abeltzain bakoitzaren egoera. 

Iraganean, bost minutu baizik ez zituen eskatzen, eta bitartekaritza lan hori egitea lehen sektoreko bezeroak erakartzeko modua zen finantza erakundeentzat. Gaur egun, aldiz, bi ordutik gora behar dira espediente bat egiteko, eta, horregatik, NPB berriarekin arazoak egon daitezkeela aurreikusten du Etxetxipiak. «Sakanako artzain bati lehen aldiz egin diot espedientea, eta 40 partzela sartzeko zituen. Aurreko gestoreak ez zuen lasai egiteko denborarik hartu, eta artzainak ere ez zuen ulertu».

Kanpaina burututa, dena amaitu da?

Ez, espedientea ez da ixten. Aitortutakoaren monitorizazio bat egiten du administrazioak: «2019az geroztik, Europako Batasunak espediente guzti-guztiak kontrolatzen ditu. Copernicus sistemako Sentinel satelitearen bidez lurralde osoari ateratzen dizkio argazkiak, eta aukera ematen du egiaztatzeko aitortutakoa koherentea den. Oso ongi dago, urte osoan nekazariari ohartarazi ahal diogulako eskaera ez datorrela bat errealitatearekin, eta aitorpena egokituz joan daiteke. Lehen, epea amaituta, leihatila itxi egiten zen», azaldu du Ruben Palacios Goñik.

Zer gertatzen da akatsik eginez gero?

Laguntzak murriztu daitezke, eta isunak ezarri, baina euren espedientea egokitzeko tarte luzea izan ohi dute. Etxetxipiaren esanetan, malgutasun administratibo hori «berme bat da», baina aldi berean, doikuntza horiek guztiek egonezina eragiten diote lehen sektoreari. «Hain modu nahasian bidaltzen dute... Adibidez, esaten dizute partzela honetan ez duzula egoki deklaratu eta laguntza honi, hari eta beste horri eragiten diola. Jendeari iristen zaio gutuna, irakurtzen du, eta ez du ulertzen zergatik bidaltzen dioten». Gestoreari, berriz, espedientearen gainean egotea eskatzen dio. «Abisu horiekin erne egon behar duzu. Konpromiso handia da guretzat», onartu du.

Izan ere, eskaeraren eta errealitatearen arteko eztabaida administratibo hori alegazio eta tramite gehiagoz beteta dago. Kontu txiki ugari izan daitezke: larreen koefizienteen gaineko eztabaida, lursail baten erabilera aldaketa, laguntza batek eskatzen duen ehunekora iristea... Prozedura horretan tentsiorik handiena, dena den, argazki georreferentziatuek eta koaderno digitalak eragin dute.

«Pentsatu da teknologia maneiatzeko gauza zela, baina sektorea zaharkituta dago, eta ez da gai aplikazio horiek erabiltzeko».

 RUBEN PALACIOS Nafarroako Gobernuko zerbitzuburua

Zer dira argazki geoerreferentziatuak?

Espedientean kontraesanen bat ikusiz gero, argazkia ateratzeko eskatzen zaio laborariari. Sakelako aplikazio batek partzela markatzen du, eta laboraria bertan denean aski zaio argazkia ateratzea eta bidaltzea. «Abantaila asko ditu, baina sektoreak ez du horrela ikusten. Pentsatu da teknologia maneiatzeko gauza zela, baina sektorea zaharkituta dago, eta ez da gai aplikazio horiek erabiltzeko», azaldu du Ruben Palaciosek.

Zer da koaderno digitala?

NPBa ezartzeko, estatu bakoitzak bere plan estrategikoa landu du, eta Espainiak erabaki zuen koaderno digital bat sortzea. «Berez, ez da Europako Batasunaren asmakizuna, baina, hainbeste konturen gaineko kontrola izatera behartzen zuenez, estatuak arrazoizkotzat jo zuen ustiapen koaderno bat ezartzea», azaldu du Ruben Palaciosek. Asmoa zen denborarekin automatikoki hori erabiltzea laguntzak eskatzeko prozedurarako. Alta, gaitasun teknikoaz gain, baldintzak eta epeak aintzat hartzera eta etengabe oharrak sartzera behartzen zuen. Adibidez, ongarria bota eta hamar egunera jakinarazi behar da: «Laboraria behartzen zen egunero aholkularia ate ondoan izatera. Arrakastaz hil da», gaineratu du.

Izan ere, koadernoaren ezarpena atzeratuz joan dira, eta, azkenik, protesten aurrean, borondatezkoa izatea onartu du Madrilgo gobernuak. Dena den, hainbat enpresak garatu egin dute koaderno digitala lantzeko programa, eta zerbitzu hori eskaintzen diote hala nahi duten laborariei.  Etxetxipiaren arabera, EHNE ere ari da aukera hori aztertzen.

Zer eragin izan dute protestek?

Europako Batzordeak inkesta bat egin du laborarien artean prozedura administratiboen inguruko iritzia biltzeko. Halaber, «lan zama arintzeko» proposamenak aurkeztu ditu: epe motzera, laguntzen baldintza batzuk leuntzea eta kontrolen metodologia sinplifikatzea proposatu du; ertainera, berriz, Europako Legebiltzarrari galdegin dio hamar hektareatik azpiko laborari txikiak kontroletatik kanpo uztea.   

172

NPBren laguntzak. Nekazaritza Politika Bateratuko laguntza zuzenetan, 172 milioi euro banatu ziren Hego Euskal Herrian. Horri gaineratu behar zaizkio landa garapenerako programetako laguntzak: 53 milioi, 2022an. Orotara, 18.974 laborarik eta abeltzainek eskatu zituzten laguntzak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.