«Bakea», portuaren amua

Bilboko portuko zamaketariek eta enpresek lan itunarekin duten konpromisoa berretsi dute ontzi gehiago erakartzeko itxaropenez. Uda ona izan da, baina irailean lan kargak behera egin du kaietan

Bilboko portuko enpresetako eta sindikatuetako ordezkariak atzoko ekitaldian. Rikardo Barkala agintaritzako presidentea hirugarrena da eskuinetik. BPA.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Bilboko portuak harro erakutsi du zamaketarien lan hitzarmen berriak ekarri duen «egonkortasuna» eta hari esker lorturiko argazkia. Rikardo Barkala Bilboko Portuko Agintaritzako presidenteak nabarmendu du «mugarri» bat dela enpresa eta sindikatuak elkarrekin ikustea: «Lehen ezin ginen kafe bat hartzeko ere elkartu!». Haren ustez, maiatzean sinaturiko akordioa «beharrezkoa» zen, hori izango baita etorkizunean itsasontzi gehiago erakartzeko oinarria: «Zerbitzua hobeto eta arinago emateak lehiakorrago bihurtuko gaitu».

Bilboko Portuko Agintaritzak «bake sozial» estreinatu berria irudikatzeko gosari publiko bat antolatu zuen atzo Bilboko Domine hotelean. Eragile ugari eta hedabideak gonbidatu zituen, eta mahai nagusian enpresa eta sindikatuetako ordezkariak elkarrekin eseri ziren. Uda onaren ondoren, irailean asko jaitsi da zama lehor eta itsasontzi mugimendua, eta horri aurre egiteko egonkortasun irudia zabaldu nahi zuen.

Portuko agintaritzak zein zamaketa enpresek hainbatetan esan izan dute portuko gatazkek bezeroak uxatzen dituztela, eta hori iragana dela azaldu zuen Jose Manuel Guardo Bilbo Estiba zamaketarien lan jarduna kudeatzen duen enpresako zuzendariak: «Sei urterako lan itun bat da, langile batzordearen %75ak sinatu duena. Normaltasuna bermatuta dago luzaroan». Coordinadora, UGT eta Kaia sindikatuek sinatu zuten akordioa; LABek eta ELAk, aldiz, ez.

Guardok langileen ahalegina goratu zuen. Bilbo Estibak sei milioi euroko zorra pilatu zuen, eta zamaketariek zor horren 850.000 euro haien soldatetatik ordainduko dute. Hurrengo hiru urteetako bakoitzean 3.000 eurori muzin egingo diete, eta tarte horretan soldatak izoztuak izango dituzte. Era berean 22 txanda gehiago egitea onartu dute. Hala ere, Iñaki Urueña Coordinadora sindikatuko kideak «balorazio positiboa» egin zuen, zamaketariek «ardura» erakutsi dutelako.

Israel Ruiz UGTko kideak onartu zuen itsasontzi «trafiko handiagoa» erakartzeko antolaturiko ekitaldia zela, eta haren hitzak berretsi zituen Elvira Gallego Bilbo Estibako administrazio kontseiluko presidenteak: «Akordio honek malgutasun handiagoa izateko aukera emango digu, eta hori funtsezkoa da portuen egunerokoan». Izan ere, azaldu zuen «ziurgabetasun» giroak kalte egin diola portuari, eta hidrokarburoen mugimendua asko handitu den arren, hark ez duela behar zamaketa zerbitzurik.

Baina hain larria al da egoera? Agintariek zein enpresek esana dute bere garaian galdutako enpresa batzuk berreskuratzea kosta egiten ari zaiela. «Asko oroitzen naiz metal bobina handiak ekartzen dituen batekin...», onartu zuen Barkalak. Ez zuen izenik eman, baina Tata Steel-eri buruz ari zen, egun Pasaian (Gipuzkoa) deskargatzen duena. Arrazoien artean agintariek 2020ko grebaren ondorenak aipatu zituzten, nazioarteko krisia, kontsumoaren jaitsiera, pleiten prezioa... «Lehen, ontzi askok geldialdia egiten zuten Bilbon, gero Algecirasera [Espainia] edo Mediterraneora joan aurretik. Orain lurra ukitzea garestiagoa denez, uko egiten diote», zehaztu zuen Gallegok. Alde horretatik, dena den, nabarmendu zuen pleiten prezioa nabarmen jaisten ari dela.

Eta behin-behinekoak?

Zamaketarien lan hitzarmenak kontratu mugagabedun langileen jarduna finkatu du, baina airean utzi du behin-behinekoen etorkizuna. Gaur-gaurkoz oso gutxitan deitzen dituzte lanerako, eta finkoek nahi beste txanda bikoitz egiteko aukera dutenetik asko murriztu zaizkie lanorduak. Barkalak esan zuen oso kontuan dituela, badakiela zein den haien egoera, eta haiei laguntzeko modurik onena portura itsasontzi gehiago erakartzea dela: «Finkoentzako nahikoa lan ez badago, nola egongo da behin-behinekoentzat?», galdetu zuen

Ruiz UGTkoa ere haiekin oroitu zen. Finkoak 350 inguru dira, eta behin-behinekoak 100. Haren arabera, hurrengo sei urteetan 50 finkok erretiroa hartuko dute, eta Bilbo Estibarekin adostu dutebehin-behinekoekin ordezkatuko dituztela. Halere, zaila da postuari sei urtez eustea hilabetean hiruzpalau egunez bakarrik lan eginda. Horregatik, alde guztiek enplegu mahaia osatzeko konpromisoa hartu dute. Mahai horretan behin-behinekoek zamaketarekin zuzeneko harremanik ez duten lanak egin ahal izatea aztertuko dute. Haien egoera epaitegietan dago, eta epaileek ebatzi dute enpresek iruzurra egin dutela aldi baterako kontratazioaren «gehiegizko erabilerarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.