Maiatzaren Lehena: Baionan, elkarrekin; Hegoaldean, nor bere kontura

Hauteskunde osteko giroak eragin nabarmena izango du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Maiatzaren Leheneko mobilizazioetan. LABek deialdi nazionala egin du Iruñean 50. urteurrena borobiltzeko, eta Baionan intersindikalarekin batera irtengo da.

LABeko kide bat megafonoarekin, iazko Maiatzaren Lehenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
LABeko kide bat megafonoarekin, iazko Maiatzaren Lehenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko maiatzaren 1a
14:20
Entzun

Maiatzaren Leheneko aurtengo mobilizazioek agerian utziko dituzte Hego eta Ipar Euskal Herriko sindikalismoaren arteko aldeak. Baionan, bost sindikatuk manifestaziorako deialdi bateratua egin dute biharko; Hegoaldean, berriz, lau sindikatu handiak hiru multzotan irtengo dira kalera. Elkartuko diren bakarrak, ohikoa denez, CCOO eta UGT izango dira, eta LABek deialdi berezia egin du 50. urteurrenaren karietara. EHKS-k Bilbon antolatu du bere mobilizazioa.

1

Baiona: Berriz ere bateratua


CFDT, CGT, FSU, LAB eta Solidaires sindikatuak Fatalitaterik ez da. Ondasunen banaketaren alde! lelopean mobilizatuko dira bihar. Santizpiritu auzoko Santa Ursulako sindikatuen etxetik abiatuko dira (11:00). Manifestaldia merkatu plazan bukatuko dute, eta, deitzaileek jakinarazi dutenez, «sindikatu herrixka bat» antolatuko dute bertan, jateko eta edatekoekin, «langileen artean solastatzeko momentu garrantzitsua delako».

Aberastasunen banaketa eta langileen antolaketa izango dira aldarrikapen nagusiak, eta Frantziako Senatuak azken asteetan langileen eskubideen aurka harturiko erabakiak salatuko dituzte. Era berean, LAB intersindikalaren alboan mobilizatuko da berriz; haien esanetan, urte askoan «pairatu duten bazterketa» gainditurik.

Ez da sindikatu subiranista intersindikalarekin mobilizatuko den lehen aldia, haien arteko harremanak gorabehera asko izan dituen arren. Iazko martxoko mobilizazio batean, esaterako, Force Ouvriere sindikatuko kide bat Argitxu Dufau LABeko ordezkaria burutik bortizki botatzen saiatu zen, eta, hari erantzunez, LABek amaiera ekitaldi propioa antolatu zuen Maiatzaren Leheneko mobilizazioan. Oraingoan, baina, eta LABek azaldu duenez, hark bultzatu du biharko manifestazio bateratua ekarri duen sindikatuen arteko elkarlana.

2

ELA: Aitortza militanteei

ELA sindikatuak bi mobilizazio antolatu ditu, Bilbon eta Iruñean. Biak 11:30ean hasiko dituzte: Bilbokoa, Jesusen Bihotza plazan; Iruñekoa, berriz, Gurutzeko plazan. Antolatu, borrokatu, irabazi lelopean antolatu dituzte, eta «borroka sozial eta sindikal diferenteetan» dabiltzan militanteei egingo diete aitortza.

Ohi denez, Mitxek Lakuntza idazkari nagusiak Bilboko mobilizazioan hartuko du hitza, eta Eusko Jaurlaritza berriari mezu bat baino gehiago bidaltzea espero da. Hauteskunde osteko testuinguruak baldintzatuko ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mobilizazioak. ELAren ustez, Hego Euskal Herriko erakundeek babesa ematen diete langile klasearen «pobretzea» areagotzen duten politikei, eta haien erabakiak kritikatuko ditu mobilizazioetan.

3

LAB: Egun handia Iruñean

LAB sindikatua 50. urteurreneko ospakizunetan murgilduta dabil, eta, efemeride horren eraginpean, Maiatzaren Lehen «berezia» antolatu du. Langileen Nazioarteko Egunari begira urtero eskualdekako deialdiak egiten baditu ere, aurten Iruñean bilduko ditu indarrak. Deialdi nazionala egin du horretarako: 11:30ean abiatuko da manifestazioa Gazteluko plazatik. 12:30ean egingo da ekitaldi nagusia, Anaitasuna kiroldegian.

Garbiñe Aranburu koordinatzaile nagusiaren esanetan, LABek bere sorrerako printzipioak berresteko baliatu nahi du biharko mobilizazioa: «Langileen antolakuntza eta borrokaren bidetik jarraituko dugu herri honen askapen nazionalerako eta eraldaketa sozialerako bidea urratzen». Zenbait herrialdetako sindikatuak gonbidatu dituzte, eta Pambis Kyritsis Munduko Federazio Sindikaleko idazkari nagusia ere egongo da Anaitasunan.

4

CCOO eta UGT: Lanaldia eta soldata


Azken urteetan ohi denez, CCOO eta UGT elkarrekin irtengo dira Maiatzaren Lehenean. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan antolatu dituzte mobilizazioak. Iruñekoa, Gasteizkoa eta Donostiakoa 12:00etan hasiko dira; Bilbokoa, berriz, 11:30ean. Lauretan lelo bera izango dute: Enpleguaren alde, lanaldi motzagoa, soldata hobeak. Deitzaileek azaldu dutenez, eskaera logikoak dira enpresek mozkin «erraldoiak» dituzten garai batean.

Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari «lan harremanen markoa» birpentsatzeko eskatuko diete, eta aurre egiteko etxebizitzaren arloko eta osasun zerbitzuetako arazoei. Iruñeko mobilizazioak arreta berezia piztuko du, LABena ez baita urrun ibiliko, eta interesgarria izango da ikustea bietako zeinek batzen duen jende gehien.

MAIATZAREN LEHENA - MOBILIZAZIOA
Baionako iazko mobilizazioa. LABek bidearen zati bat intersindikalarekin egin zuen, baina amaiera ekitaldi propioa antolatu zuen. GUILLAUME FAUVEAU

5

ESK eta Steilas: Gizarte kutsua

ESK, Steilas eta CGT sindikatuek eta hainbat gizarte eragilek Gure errezeta: desazkundea, eskubideak, zaintza eta zerbitzu publikoak lelopean antolatu dituzte Maiatzaren Leheneko mobilizazioak. Luzeena Errenterian hasi (Gipuzkoa) eta Donostiara joango den martxa izango da. Gero, manifestazioa egingo dute Gipuzkoako hiriburuan, eguerdian. Hegoaldeko beste hiriburuetan ohiko manifestazioak egingo dituzte: 11:30ean Bilbon, 12:00etan Iruñean, eta 12:30ean Gasteizen.

Gizarte kutsu nabarmeneko deialdiak izango dira, eta dei zuzena egingo diete erakunde publikoei. Gastu militarra eta azpiegitura handietan eginiko inbertsioa kritikatuko dute, eta zerbitzu eta zaintza publikoan eta pobreziaren aurkako borrokan eginiko ahalegin ekonomiko txikia salatuko.

6

EHKS: Badago alternatiba

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak Bilbon egin du Maiatzaren Lehenerako deialdi bateratua (13:00) —iaz Iruñean izan zen—, Badago alternatiba. Langile boterea eraiki lelopean. «Instituzioetako fartsatik harago alternatiba» badagoela aldarrikatuko dute, eta ezinbestekoa dela «enpresarien eta instituzio burgesen aurka doan antolakuntza independentea».

Mobilizaziorako deialdi agerraldian azaldu zuenez, EHKS-k Maiatzaren Lehena baliatuko du «lan baldintzen etengabeko okertzea, oinarrizko produktuen garestitzea eta etxebizitza eskuratzeko ezintasuna» ikusarazteko.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.