LAB sindikatuak Baionako Cafe Ramuntcho kafetegiko nagusiaren kontrako salaketa ekintza bat egin du, langileei inposatzen dizkien lan baldintza «biziki txarrak» gaitzesteko. Ez zuten lan kontraturik, ez zieten lansari agiririk ematen, lansari irregularrak zituzten, eta batzuetan ez zuten osoa jasotzen, ordu guziak ez zizkieten ordaintzen, lan geldialdiak ez zizkieten deklaratzen eta langileek ez zuten lanorduen plangintzarik. «Oro har, higiene, osasun eta segurtasun legeak ez ziren errespetatzen», esplikatu du Joana Urruti LABeko kideak.
LABengana jo duten langileak ez dira gehiago kafetegi horretan ari. «Mugaraino helduak ziren», Urrutiren hitzetan. Horietako batek auzitara jo du nagusiaren kontra; besteak abokatuekin harremanetan dira.
Nagusia galdekatu eta egoera jende aitzinean salatzeari garrantzia eman dio LABek. «Langileei sostengua adierazi nahi diegu, hilabeteetan pairatu dituztelako baldintza horiek; erakutsi nahi diegu ez direla bakarrik, eta haien eskubidean defendatzen ahal dituztela. Baina prebentzio helburua ere badu ekintzak, gaur egun kafetegian ari diren langileak babesteko».
Urrutik erran du ostalaritza arloan behin baino gehiagotan ikusi izan dituztela lan baldintza kaskarrak: «Maiz, egitura txikiak dira, eta langileak nagusiarengandik hurbil dira, bai fisikoki eta bai moralki». Hala ere, inoiz ez zuten izana hain kasu larririk. «Ez da onargarria». Sektoreko langileei dei egin die: «Posible da antolatzea eta eskubideak lortzea». Sindikatuetara jotzera animatu ditu.