Merkataritza

Baionako Ikearen lehen harria ezarri dute Ametzondon

2015aren bukaerarako nahi dute eraiki Ikea eta inguruko merkataritza gunea; orotara 250 milioi euro kostako dute obrekProiektuak kalte ekonomiko, ekologiko eta sozialak eraginen dituela diote aurkakoek

Ikeako kargudunak eta tokiko auzapezak, lehen harriaren inguruan. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Baionako Ikea dendaren lehen harria pausaturik dute. Aurkakoen kexu eta kezketarik urrun, laudorio eta hitz ederrez ospatu zuten atzo obren abiatzea. Han egon ziren irritsu eta harro, hitza hartzen Ikeako goi kargudunak eta Jean Grenet Baionako auzapeza, Alain Iriart Hiriburukoa eta Roland Hirigoien Mugerrekoa. 2015aren bukaerarako eraikitzekoa duten Ikea dendak merkataritza gune erraldoi bat dakar harekin: Ikea bera, 5.000 metro koadroko Carrefour handi bat, dozena bat saltegi ertain, laurogei denda eta jatetxe andana bat. Guztira 76.000 metro koadro —horietan 24.146 metro koadro Ikearentzat—, Hiriburuko Ametzondo deitu 12,6 hektareako eremuan. «Urdina eta horia dira zuen [Ikea] koloreak, Hiriburuko armarri historikoaren berberak: elkar topatzeko eginak ginen segur aski, milesker», ohartarazi zuen Iriartek.

Orotara 250 milioi euro kostako du guneak, 91 milioi euro Ikearentzat soilik. «Usaian baino askoz gehiago inbertitu dugu Baionako dendan; Frantziako denden artean garestiena dugu», zehaztu zuen Christian Kaelen bertako zuzendariak. Diru publikoa ere da horri bideraturik. Lau milioi euro gastatuko ditu Aturri-Errobi herri elkargoak eta Euskal Kosta-Aturri hiri elkargoen artean osatu Ametzondoa deitu sindikatu mistoak. Inkestak, ikerketak, bideak eta beste egiteko baliatzen dute diru zama hori.

«Bordale-Baiona-Bilbo hirukiaren artean Ikea kokatzeko aspaldiko xedea gauzatu izanaz» kontent ziren: «Lortu dugu, eta elkarlan eder baten emaitza izan da», zion Stefan Sjostrand Ikea Frantziako zuzendariordeak.100-150 kilometroko zirkulu bat osatuz Ametzondoren inguruan, milioi bat kontsumitzaile dituzte begi bistan. Urtero zortzi milioi bisitari espero dituzte. Merkataritza gune guztian 1.200 enplegu sortzea aurreikusten dute. Obren garaian, beste 400 bat langile egonen direla zehaztu du Ikeako komunikazio arduradunak.

Euskal Herrian kokaturiko bigarrena izanen da, beraz, Barakaldokoa delarik lehena. Baiona etengabean Frantzian kokatzen zutela eta Hego Euskal Herriko bezeroak «espainoltzat» zeuzkatela, ez zuten ordea Euskal Herria kontuan hartu aurkezpenean. Bertako berezitasun kulturalak kontuan hartzeko gomendioa luzatu zieten Grenetek zein Iriartek. «Euskal Herriaren dimentsio sozial eta kulturala errespetatuz gero, segurtatzen dizuet elkar ezagutu eta ulertu ondoren, lurraldeak esku zabalki erantzunen dizuela», Iriarten hitzetan. Euskara ez zuten kontuan hartua atzo, guztia elebidunez baldin bazen ere, ingelesa eta frantsesa zituztelako hautaturik.

Hasieratik, beldurra eta kexuaeragin du egitasmoak. Sentimendu horiek ez zuten tokirik ospakizunean. Dozenaka jendarmek kontrolatzen zituzten joan-etorriak, nortasun agiriak galdetuz. Eskuratu gomita erakutsiz gero sartu zitekeen gunera.

Tokiko saltzaileak beldur

Bezperan entzun zen proiektuari buruzko desadostasuna. Bizi taldeak antolaturik, hurbileko komertzioaren ehorzketak antzeztu zituzten Baionako karriketan gaindi. Lau kutxazain, aurpegia beltz, Ikea kamiseta horia soinean eta hurbileko komertzioa gorpu. Merkataritza zentro erraldoi horrek hirietako saltzaile txikien kaltea eraginen duela diote. «Ikea bezalako proiektuetan sortzen diren lanak prekarioak izateaz gain, beste lanpostu batzuen desagerpena dakarte. Bi lanpostu sortzen direlarik horrelako zentro batean, inguruko hiri erdietako saltegi eta ofizialeen hiru dira desagertzen», esan zuen Jean-Manuel Heu Biziko kideak.

Beldur hori eztitu nahian, aurkako mezua zabaldu zuen Ikeak atzo: «Bultzada bat izanen gara tokiko ekonomiarentzat, segur gara balioa gehituko diogula lurraldeari», Thomas Rask Inter Ikeako zuzendariaren hitzetan.

Grenetek gogorki hitz egin zuen hiri guneetako saltzaileek zabaldu mezu horren kontra: «Goxokia kendu zaion haur gastatuarena egiten gelditu behar dira»; «tipula negarrak xukatzeko klinexak alde batera utzi eta borrokatu behar dira». Egoera horrelakoa da, eta horrekin moldatu beharko dute: «Batzuk irabazten dute, besteek ez. Zer egin dezaket? Konkurrentziaren legea dugu hori!». Hiri guneetan diren saltzaile eta artisauen beldurra «entzuten» duela esan zuen Iriartek. Baina gehitu zuen: «Denentzako tokia bada». Hautetsien eginbeharra «denen akuilatzea» dela gaineratu zuen. Ikea eta Baiona hirigunearen arteko zubiak proposatzeko asmoa dutela zioen: autobusak, turismo bulegoaren leihatila bat merkataritza gunean, eta beste. Sauveur Lagourgue Ofizialeen Ganberako presidentea ere egon zen ospakizunean. Ikearen sortzea «gauza ona» dela esan zuen. «Ez bazen hemen egiten beste alderdian eginen zen. Hobe hemen ukaitea!». Gipuzkoan ala Lapurdin, bien artean hautatu beharra zuen multinazionalak. «Ikea-Espainia eta Ikea-Frantziaren arteko lehia» gogora ekarri zuen Grenetek ere.

Gune kutsatua dela ere salatu dute ekologistek. «Sei bideko autobide baten eta lau bideko beste baten artean 1.100 langile ukanen dituen saltegi gune bat kokatzea eromena da, langileen osasuna arriskuan jartzen duelako», azaldu du Martine Bouchetek, Mugerre Cadre de Vie elkarteko presidente eta CADEko kideak. Egindako ingurumen azterketetan kutsaduraren maila ez dela gainditu erantzun diote bertako hautetsiek. Zehazten ez dutena, ordea, da airearen kalitatea neurtu zelarik A-63 autobideko lanak egiten ari zirela, anitzetan bide bakarra zegoela norabide bakarretan eta, ordu batzuetan itxirik egoteaz gain, abiadura orduko 90 kilometrora mugatua zela.

Ikearen ekoizpen eta saltze eredua ere da kritikaturik. «Ikeak dakarzkien ondorio ekologikoak ezin txarragoak dira. Prezio apaleko eredu hori ere ezin onartua dugu: baldintza prekarioetan dabiltza lanean, botatzeko altzariak dira...», Heuk deitoratu duenez. Dena dela, Ikea hor da, eta kontsumitzaileei «arduratsu» izatea galdetu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.