Baikortasunaren lurraldea da aurtengo BIEMH Makina-erremintaren Biurtekoa. Urte apal hasi eta sektorearen salmentek %4 behera egin arren, biurtekoa joera horri buelta emateko mugarri izan daitekeela uste dute erakustokia jarri duten enpresetako askok. Aurreko bi urteak, gainera, oso onak izan ziren, iaz salmentek %12 egin zuten gora, eta horrek geldialdiaren larritasuna erlatibizatzen laguntzen du. Dena den, bat datoz egoera asko aldatzen dela sektorearen eta lurraldearen arabera. Alde horretatik, aeronautika eta Amerikako merkatuak dabiltza oparoen.
«Garai batean, hemen makina berde handiak ikusten ziren, eta burdin asko; orain, berriz, espaziontziak dirudite. Denetarik egiten dute», onartu du Kepa Cardenalek, olioztatze sistemak ekoizten dituen Azkoitiko (Gipuzkoa) Intza enpresako teknikari komertzialak. Erakustoki dotorea dute azokan, ondo ezagutzen du ingurua, eta badaki garrantzitsua dela bertan egotea harremanak estutzeko. 45 urteko esperientzia horretatik abiatuz, argazkia atera dio sektoreari: «Batzuek esaten dute geratzen ari dela; beste batzuk, berriz, lanez gainezka dabiltzala. Lana ikusten da behintzat, eta hori ona da».
Biurtekoak BEC erakustazoka osoa hartuko du ostiralera arte. Euskal Herriko industria azokarik handiena denak mundu asko ditu barnean. Curriculuma utzi nahi duten gazteak txalaparta jotzeko gai diren beso mekanikoekin gurutzatzen dira. Ebaketa likidoaren usainik ez dago korridoreetan, eta euskara dezente entzuten da. Lantegietan hain ohikoa den txirbil mekanikoa gutxi ikusten da halaber, eta ikusten den apur horren parte bat Danobat taldeko Soraluce enpresako makina batek ateratzen du. David Gonzalez zuzendari komertziala dago haren aurrean: «Guretzat oso garrantzitsua da biurtekoa. Aukera ematen digu zuzeneko harremana egin eta gure lantegia erakusteko. Dena ezin dugu hona ekarri» .
Autogintza, motel
Gonzalezek azaldu du azoka garrantzitsuena dela haientzat, Iberiar penintsula inguruko bezero gehienek egiten dutelako topo hartan. Sektorearen komeriak ez zaizkie arrotzak, baina esan du aurten ondo dabiltzala, dibertsifikazioari esker: «Sektore batzuek gora egiten dutenean, beste batzuk jaitsi egiten dira, eta alderantziz. Orain, aeronautika oso ondo ari da; autogintza, aldiz, motelxeago. Gure abantaila da guztietan gaudela. Eta, merkatuari dagokionez, AEBek tira egiten diote Amerikako ardatzari».
Fagor Automation ere BECen da. Urtean hogei bat azokatara eramaten dute beren ekoizpena, baina BIEMH «barne merkatuko» ekitaldi garrantzitsuena da, Jon Urbizu enpresako zerbitzuen arloko zuzendari komertzialak azaldu duenez. Barne merkatua aipatu du, baina aukera ematen die atzerriko bisitariei beren lantegia eta ekoizpen ahalmena erakusteko ere. Urbizuk, izan ere, badaki ezinbestean begiratu behar duela atzerrira, eta horrela laburbildu du merkatuaren egoera: «Europan dezenteko moteltzea egon da; beste merkatu batzuk, aldiz, goraka doaz, eta, dibertsifikatuak gaudenez, ondo eusten diogu». Baina zein merkatu? «Asian: Taiwan, Hong Kong, India... 1989rako Fagor han zen, ondo ezagutzen ditugu. Eta gero, Amerika: AEBak, Mexiko...».
Amerika aipatu dute Urbizuk eta Gonzalezek, biurtekoan asko entzuten den hitza. Aurten Mexiko da herrialde gonbidatua, eta 70 bezero handi erakarri dituzte handik. Datuek argi azaltzen dute zergatia: iaz Euskal Herriko makina-erremintaren bezero handienetan laugarrena izan zen, eta gaur egun bigarrena da eskari berrien kopuruan. AEBetako enpresa handi askok hara eraman dute ekoizpena, eta hori da hazkundearen gakoetako bat.
Azoka aldatu egin da
Beste kideak baino beteranoagoa da Jorge Arriola, Lagun Machineryko zuzendari nagusia, baina antzeko iritzia du hark ere. Maher Holdingeko hiru enpresak muntatu duten agertoki handian egingo du aste osoa. «Alemania ez dago ondo, eta, autogintzara begiratzen dugunontzat, txarra da hori. Aldiz, gure agertokian dagoen Geminis enpresa garrantzitsua da AEBetan, eta ondo dabil» . Hala ere, itxaropentsu mintzo da, eta hura entzunda ulertzen da baikortasuna: «Bezero asko datoz bisitan, eta operazio pare bat dugu bidean. Guk beti saltzen dugu zerbait biurtekoan» .
Baikortasun giroa nabarmendu du Yanire Irazabalek ere, kudeaketa teknologikoko zerbitzuak eskaintzen dituen Oreka IT enpresako zuzendari komertzialak. Hainbatetan izan da azokan, eta nabarmendu du azken hamar urteetan aldatu egin dela: «Sare sozialengatik dela uste dut. Jende gutxiago dago, baina ezagutza handiagokoa. Orain jendea ez dator pentsatuz beharbada makina bat erosiko duela: jendeak badaki zer nahi duen eta nork duen. Eta softwarearekin berdin, ezagutzen dituzte programak; orain jakin nahi dute zer duzun eskaintzeko» .
Irazabalek, halere, argi du biurtekoa garrantzitsua dela oraindik ere: «Etorri egin behar duzu. Beste modu batera ikustea zailagoa zatekeen jende askorekin egiten duzu topo hemen. Hemen ez bazaude, ondo ez zabiltzan seinale». Onartu du bezeroekin egoteaz gain gain beste enpresek zer egiten duten begiratzen dutela: «Erakusleiho handi bat da, zuk besteei begiratzeko eta besteek zuri». Azken finean, hori baita azoka bat.