Baikortasun zuhurra

Europako Batzordearen zazpi urteko isiltasunak babesik gabe utzi zituela arrazoitu dute diputazioek LuxenburgonOpor fiskalen dirua berreskuratu behar den edo ez erabaki behar du Europako Auzitegiak

Europako Justizia Auzitegiaren epai gela bat, Luxenburgon. EUROPAKO JUSTIZIA AUZITEGIA.
jakes goikoetxea
Donostia
2011ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Esan beharrekoa esanda, baina epaiaren arrastorik gabe itzuli ziren atzo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioetako ordezkariak Luxenburgotik etxera. Europako Justizia Auzitegiko epaileei esan zieten opor fiskalez baliatu ziren enpresek ez dutela dirua bueltatu beharrik. Babesik gabe egon direla hainbat urtean. Ez dela bidezkoa opor fiskalak onartu, ia zazpi urtean ezer esan ez eta gero Europako Batzordeak laguntzak legez kanpokoak direla erabakitzea. Eta diputazioei dirua berreskuratzeko eskatzea.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek kasazio helegitea aurkeztu zuten Europako Erkidegoetako Lehen Auzialdiko Auzitegiaren 2009ko epai baten kontra. Epai horrek zioen opor fiskalak legez kanpokoak zirela eta diputazioek laguntzetan emandako dirua berreskuratu behar zutela. Atzo goizean egin zen kasazio helegiteari zegokion ahozko epaiketa, Europako Justizia Auzitegian, Luxenburgon. Espainiako estatuaren abokatuak bat egin du diputazioekin eta horien argudioekin. Aurre egin zieten Europako Batzordeak eta Errioxako Gobernuak.

Auzitegiak ez du erabaki behar ea laguntzak legezkoak ziren edo ez, enpresek dirua itzuli behar duten edo ez baizik. Beste era batera esanda, diputazioek dirua berreskuratu behar duten edo ez. Jada berreskuratu dutela diote.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek 1993an onartu zituzten opor fiskalak: enpresa berriek ez zuten hamar urtean sozietate zergarik ordaindu behar, gutxienez milioi erdi euroko inbertsioa egiten bazuten eta hamar lanpostu sortzen bazituzten.

«Irizpide eta gertaera sendoak erabiliz arrazoitu dugu», zioen Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun diputatuak, etxera itzultzeko hegazkinaren zain. Pello Gonzalez Gipuzkoako Ogasun diputatua, Donostian, ez zen hain baikorra. 2009ko epaiak Europako Batzordearen «argudio berak» erabili baitzituen, «ia hitzez hitz».

Zeintzuk dira irizpide eta gertaera sendo horiek? Europako Batzordeak opor fiskalen auzian izan duen jokaerari eta jarrerari buruzkoak. Diputazioek 1993an onartu zituzten opor fiskalak. Errioxako Gobernuak 1994an aurkeztu zuen haien kontrako salaketa. Diputazioetako ordezkariak Europako Batzordekoekin bildu ziren 1996an, 1997an eta 1998an. Diputazioen esanetan, ez zituen auzitan jarri opor fiskalak. Baina 2000. urtean —«bat-batean» Iruarrizagaren hitzetan—, kontrako prozedura hasi zuen.Iaz zazpi urte beranduago. Diputazioen eta estatuaren abokatuen esanetan, atzerapen horrek ez du zuribiderik, eta ez da izan diputazioen laguntza faltagatik.

76 hilabete beranduago

Atzerapen hori ez dela posible uste dute. Hala esan zieten atzo beren abokatuek Europako Justizia Auzitegiko epaileei. «Isiltasun administratibo hori neurrien aldekoa zela ulertu genuen», Iruarrizagaren esanetan. Europako Batzordearen baldintzak betetzen zituztela. Hala pentsatuz, 1996an enpresentzako laguntza gehiago onartu zituzten: opor fiskal txikiak. Jose Luis Cimiano Arabako Ogasun diputatuaren ustez, «onartezina» da 76 hilabetean auzitan jarri ez den neurri bat «76 hilabete beranduagoa auzitan jartzea». Enpresek eta erakundeek «segurtasun juridikoa» behar dutela nabarmendu du.

Europako Batzordearen abokatuen esanetan, ordea, erakundea isilik egoteak ez du esan nahi laguntzak legezkoak zirenik.

Atzoko ahozko epaiketan agerian utzi nahi izan zuten ere Europako Batzordeak jokaera ezberdina izan duela laguntza fiskal batzuekin eta besteekin. Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Zerga Agentziak opor fiskalen antzeko neurriak onartu zituzten, 1993an bertan.

Errioxako Gobernuaren salaketa hiru diputazioen eta Nafarroaren Gobernuaren neurrien kontrakoa izan zen; baina Nafarroaren kontrako salaketa artxibatu egin zuten. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioen kontrakoak aurrera jarraitzen du, konpondu ezinik, hamazazpi urte beranduago. Gonzalezen iritziz, «bultzada politikoa» dago erabaki horien atzean.

Europako Justizia Auzitegiaren epaia diputazioen aldekoa bada, enpresek ez dute dirua bueltatu beharko (bueltatu dute). Beraz, diputazioek itzuli duten dirua emango liekete enpresei. Eta Europako Batzordearen isun eskaera bertan behera geratuko litzateke: Europako Batzordeak 40-50 milioi euroko isuna eskatu du diputazioentzat, opor fiskalen bidez emandako laguntzak garaiz eta osorik ez berreskuratzeagatik.

Isunaren arriskua

Epaia kontrakoa bada, dirua berreskuratzera behartuko ditu. Etaisunaren prozedurak aurrera jarraituko du. Prozedura korapilotsua da: diputazioek diote enpresek aurreztutako diru guztia bueltatu dietela; Europako Batzordeak, aldiz, oraindik diru asko falta dela. Baina auziak urte asko dituen arren, Europako Batzordeak oraindik ez die zehaztu falta den diruaren kopurua eta jatorria.

Diputazioak nekatuta daude kontu horretaz. Europako Batzordeak aurkeztu behar duen auzi eske baten zain daude, zehaztasunak jakiteko. «Baina aurrena iazko ekainean aurkeztu behar zuen, gero urrian, azaroan, aurtengo urtarrilean... eta martxoan gaude», dio, etsita, Iruarrizagak. Itzulketak enpresaz enpresa aztertzeko prest daude.

Bizkaiko Diputazioak ez du isunaz hitz egin nahi Europako Justizia Auzitegiak epaia jakinarazi arte. Bi edo hiru hilabete barru eman dezake, Bizkaiko Diputazioko ordezkarien arabera.

Confebask atzo ez zen Luxenburgon egon. Epaia enpresen aldekoa izatea espero dute, beti eskatutakoa egin dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.