Meanoko gainetik begiratzean,itsaso zuri batean dago Lantziego (Araba) azken egun hauetan, hor behean nonbait, mahatsondo eta olibondoen artean. El Mozo Wines upategira iristerako, behe lainoak eguzki printza guztiak ezkutatu ditu. Mahatsondoak triste antzean begitantzen dira abendu hotzean. Arabako Errioxa aparteko egiten duten lursailetan fruituaren zikloa amaitu da urrirako, eta upategietan dago orain beharra. ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteko presidente Itxaso Compañon (Lantziego, 1984) zain dago bere ardoen artean. Elkarrizketa bukatzerako, ordubete geroago, argi utziko du Arabako Mahastiak sor-marka berria «behar-beharrezkoa» dela, Errioxa jatorri izenak «ito» egiten dituelako Arabako upategi txikiak.
EAJk ez du lortu Madrilen Arabako Errioxarako litzatekeen kontseilu autonomo baten legeaz eztabaidatzea ere. Errioxaren erreakzioa oso bortitza izan da. Zer diozu gertatu denaz?
Nik ondo hartu dut saio hori. Errioxa jatorri izenaren barruan kontseilu autonomo bat sortzeko ekimena upategi batzuek babesten badute, bidea eman behar zaio horri. Baina uste dut Arabako Errioxako kontseilu hori egungo egoeraren ispilu bat bihurtuko litzatekeela agian. Ordezkaritzarena da Errioxa jatorri izenean upategi txikiok dugun arazoa. Ez daukagu pisurik gure geroari eragiten dien edukiak erabakitzen direnean; bakoitzak botilaratzen duen ardoaren araberakoa baita ordezkaritza. Kontseilu hori egingo balitz, Bastidan, Oionen, Eltziegon dauden upategi handiek gidatuko lukete, eta txikiok berriro pisurik gabe jarraituko genuke segur aski. Proiektu gisa ongi iruditzen zait, baina beldur diot ez ote litzatekeen izango egungo egoeraren bikoiztasun bat. Dena den, oso zaila ikusten dut Arabarentzat kontseilu propio bat lortzea.
Non dago upategi handien eta txikien arteko talka gaur egun?
Bolumenean dago. Upategi handiek industriara jotzen dute, banaketa taldeetara, litro asko saltzeko, bolumenean oinarritutako negozio eredu batekin, eta txikiok aspaldian egin dugu kalitatearen alde, gutxiago salduz, baina produktu hobearekin. Eta txikiok gara eskualdeari bizirik eusten diogunok. Hemen bizi gara; hemengo eskoletara bidaltzen ditugu gure umeak; hemengo saltokietan erosten dugu. Handiek mahatsa erosten dute, bai, eta azken bi urteetan gutxieneko preziotik behera ordainduta sarritan. Hori ez da eskualdea sustatzea. ABRA elkarteko upategiok mahatsaren truke ordaindu dugunaren batez bestekoa haien prezioaren gainetik dago, seguru. Gu mahastizainen alboan bizi gara, mahastizainak gara kasu askotan, bizilagunak, eta elkar zaintzen dugu.
Upategi handiek ere aberastasuna sortzen dute, ezta?
Norentzat, ordea? Hau inbertsio ekonomiko bat da talde handientzat; mahastiak espekulatzeko nahi dituzte. Berdin zaie eskualdea: Donostian, Madrilen edo Miamin bizi dira. Batzuk bizimodua ateratzen dugu mahastiekin, eta beste batzuek, dirua besterik ez.
ABRA elkarteak Arabako Mahastiak jatorri izendapen berriaren sorrera abiarazi zuen, 2016. urtean. Zertan da sor-marka berria gauzatzeko prozesua?
Eskaera Madrilen dago, Eusko Jaurlaritzak hara igorri ondoren,eta Espainiako administrazioak postariaren lana egin behar du orain Bruselak erabaki behar duen eduki batean.
Postari horrek oso aurkako txostena igorri du Bruselara...
Tramite bat da euren lana. Lurralde bakar baten barruko izendapena da, eta Jaurlaritzak eman zion bidea. Bruselak ditu sor-marka martxan jartzeko eskuduntzak. Hara iristean, behin-behineko sor-marka eman beharko ligukete, eta horrekin nahikoa genuke gure ardoak Arabako Mahastiak markapean merkaturatzen hasteko.
Noiz iritsiko dira lehen ardoak merkatura Arabako Mahastiak markapean?
Bestelako arazorik ez badago eta epeak betetzen badira, datorren urterako. Bestalde, ezin da ahaztu Errioxa jatorri izenak epaitegira eraman duela Jaurlaritzak gure proiektuari bidea zabaltzeko hartu zuen erabakia.
Zenbat upategiren babesa dauka Arabako Mahastiak proiektuak? ABRA aurrera doa zigiluarekin, baina bazkide guztiak ez daude ados.
ABRA ari da sor-marka berriaren sorrera kudeatzen, baina ABRAkoak ez diren upategiek ere elkartera deitzen dute sor-markaren inguruan gehiago jakiteko, gero Arabako Errioxako upategi asko sartu ahalko dira-eta marka berrian, ez bakarrik elkartekoak. Hori ere ezin dugu ahaztu.
Arabako upategi esanguratsuren batek deitu du marka berriaz gehiago jakiteko?
Bai, batek baino gehiagok.
Zer dago Errioxan zabaldu den histeria horren atzean?
Ez dakit; gure beldur ote dira? Lau katu besterik ez garela esaten dute, eta, aldi berean, sekulako zarata atera dute gure aurka. Utz gaitzatela bakean: gu ez goaz haien aurka, gure proiektuaren alde baizik; erraza da ulertzen. Hamar, 28 edo hirurogei upategi izango gara Arabako Mahastiak babesten dugunok, baina, garenak garela, nahikoak gara sekulako iskanbila sortzeko, antza.
Ez ote dira esklusibotasun klub bat sortuko ote den beldur?
Valles de Sadacia indikatzaile geografikoaren barruan saltzen dute ardoa batzuek Errioxa markapean. Zergatik ez digute guri uzten? Gutxi garela? Zenbat dira Arabako Txakolina egiten dutenak? Ez dugu bostehun izan nahi, ezta 5.000 ere.
Arabako Mahastiak sor-marka duen ardoa sal daitekeenean urratsa nork egingo duen da benetako galdera, nork utziko duen Errioxa sor-markaren aterkia. Izango al da inor?
Bai, noski. Proiektu berrietan gerra batean gertatzen den gauza bera gertatzen da: aurrena, abangoardia doa, infanteria; gero, zaldian doazenak; eta azken-azkenak jeneralak edo erregeak dira.
El Mozo Wines upategiko jabea zara. Zuk utziko al duzu Errioxa?
Bai, nik Errioxa jatorri izena utziko dut. Errioxa aterki bat dela esaten dute; ba, ardo azoka batera joaten naizenean, hauek izaten dira lehen galderak: nongo ardoa den eta zer prezio duen. Errioxa sor-markakoa izanik, harriturik geratzen dira prezioarekin. Errioxa merkeago erostera ohitu dira. Ea nola azaltzen diozun zure ardoak ez duela zerikusirik ezagutzen dituen Errioxako ardoekin.
Zama da, hortaz, Errioxa jatorri izena?
Niretzat, bai. Etiketan adierazi nahi dut nire lana zein den, eta ezin dut: ez didate uzten. Eta nire ardo guztiak generiko gisa merkaturatzen dira, ez ondua edo erreserba gisa, ez ditudalako jatorri izenaren arauak betetzen horrela izendatzeko. Nik nire ardoa nire erara egiten dut, ahalik eta produkturik onena egiteko. Baina ez du urteko ardo soil baten prezioa, hori da kontua. Egile ardo bat da, baina ezin dugu adierazi nahi dugun moduan, eta generiko gisa ateratzen da. Hori zama bat da.
Arabako Mahastiak sor-markapean ala Errioxa jatorri izenpean; upategi batek ezingo du bietan aritu. Horrela da, ezta?
Bai, upategiak batean edo bestean egon beharko du; bietan ezingo da egon. Beste kontu bat da mahastizainek biei saldu ahal izango dietela mahatsa. Eremu batean bi sor-marka egongo dira, eta horrek lehia handituko du, eta prezioak gora igoko, segur aski. Aldagai hori ez dute oso gustuko izango Errioxako upategi handiek, beharbada.
Itxaso Compañon. ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteko presidentea
«Bai, nik Errioxa jatorri izena utziko dut; zama bat da niretzat»
«Epeak betez gero», Arabako Errioxako upategi txikiek Arabako Mahastiak sor-marka berriarekin merkaturatu ahal izango dute datorren urteko uzta. ABRAko presidenteak oso argi dauka bereizi beharra daukatela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu