Zalantzak Europako ekonomian. Esportazioak. Pedro Esnaola. Gipuzkoako Merkataritza Bazkundeko presidentea

«Badaude alternatibak»

Eurogunea ahul dago, eta merkatua dibertsifikatu beharra dago. Aukerarik onena lehengaidun herrialdeetan ikusten du. «Ahalegin handiagoa eskatzen du, baina ezin dugu amore eman».

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Jon Fernandez.
Donostia
2014ko urriaren 5a
00:00
Entzun
«Beti naiz baikorra, mundua hazten ari delako». Premisa horretatik begiratzen dio errealitateari Pedro Esnaolak, Gipuzkoako Merkataritza Ganberako presidenteak. «Inoiz ez doa dena txarto edo dena ondo». Bertatik bertara ezagutzen ditu enpresarien erronkak eta aukerak, eta ondo daki nola eragiten dien euskal esportatzaileei euren erosle handienen ahulaldiak: Alemania eta Frantziarenak. Baina aukerak nabarmentzen ditu behin eta berriz. «Bilatzea da kontua, eta aurkitzea. Zenbat eta toki gehiagotan egon, aukera handiagoa zati handi batean ondo joan dadin».

Partekatzen duzu euskal enpresa esportatzaileen kezka?

Ikusten ari gara Alemania geldirik dagoela, eta Frantziak denbora gehiago daramala geldirik. Eta ikusten ari gara ez dela koiunturala. Kontua da Europaren eta herrialde garatuen hazkunde aurreikuspena oso neurritsua dela. Hazkunde maila handiagoak behar ditugu, eurogunean ikusten ez direnak.

Orduan zer egin behar dute orain enpresek?

Orain arte bezala jarraitu. Krisia hasi zen eurogunea gelditu zelako, herrialde garatuek arazoak zituztelako gure enpresen erosleak izateko. Eta orduan joan behar gara garabidean dauden herrialdeetara azpiegituretan inbertitu behar dutelako, merkatuak sortu behar dituztelako.

Zein herrialdetan ikusten dituzu eurogunearekiko alternatibak?

Lehengaiak dituzten herrialdeek ematen didate konfiantza gehien. BRICSak, adibidez, merkatuetan oinarritzen dira, baina badakigu merkatuek gorabehera handiak izaten dituztela. Lehengaiek ez dituzte gorabehera handirik izaten. Latinoamerikan, Afrikan eta Ekialde Hurbilean daude lehengaidun herrialde horiek, baina, ez dituzte saldu nahi lehengaiak. Eraldatuta saldu nahi dituzte. Euren arazoa da nola egin eraldaketa hori nazioarteko estandarren araberako produktu gisa saltzeko. Ezagutzen dut lehengaiak oso ondo eraldatzen dakien toki bat. Beraz, baditugu alternatibak.

Alternatibak bilatzeak denbora eskatzen du.

Ez da epe motzera izango, baina zenbat eta beranduago hasi alternatiba bila orduan eta beranduago iritsiko dira emaitzak. Esportazioei begiratuz gero dagoeneko, apurka-apurka, aldatzen ari da balantza. Gero eta gehiago saltzen dugu Brasilera, Txinara... joera bat badago, baina areagotu behar da. Kontua ez da Europan gutxiago saltzea, handik kanpo gehiago saltzea baizik, europarren pisua txikitzeko.

Baina garabideko herrialdeen hazkundea ere ez da espero zena bazain handia.

Lehengaiak dituztenek euren hazkundea finantzatzen jarraitzeko ahalmena dute, eta horrek aspaldi egin genuen apustua indartzen du. Ez ginen merkatu berrien bila joan koiunturalki herrialde garatuek ez ziotelako erantzuten gure eskaintzari. Apustu estruktural bat izan behar da: nazioartekotzea gure oraina eta geroa da. Esportazioak gehiago dibertsifikatu behar ditugu, merkatu jakin batzuen erorketaren kalteen arriskua gutxitzeko.

Merkatu berrietan eta dibertsifikazioan dago gakoa?

Zalantzarik gabe. Horixe da paradigma berria. Krisiak behartuta hasi ginen bidean sakondu behar dugu, merkatuak dibertsifikatuz. Lehengaidun merkatuak dira, lehengai horiek eraldatu behar dituzte merkatuak eta klase ertain bat sortzeko, eta horretarako makineria eta jakintza batzuk behar dituzte. Garabideko herrialde horientzako jakintza eta makinaria ditugu, eta hori izan daiteke gure hazkundearen oinarria etorkizunean. Baina orain arteko irizpideak aldatu behar ditugu.

Zer irizpide?

Ez da gauza bera Alemanian saltzea moneta berarekin, antzeko legeekin eta ezagutzen gaituztelarik, edo beste diru bat duen herrialde batera, kultura arrotz batera joatea. Ahalegin handiagoa eskatzen digu, baina ezin dugu amore eman. Alemania oso ondo joango balitz ere, guk geure apustuari eutsi behar diogu. Merkatua dibertsifikatu behar dugu, arriskuak txikitzeko: Alemaniak doministiku egin du eta denok gaude katarroarekin. Konponbidea da Euroguneko ekonomiek ez hartzea esportazioen %57. Gurean PBGarekiko %2ko hazkundea lortzeko apustu berriak egin behar ditugu: merkatuetan, produktuan, berrikuntzan. Lehiakorragoak izan behar gara merkatu berrietan.

Zer erronka dituzte euskal enpresek?

Badago likidezia, badago finantzazioa. Areago, 2011rekin alderatuta asko merkatu da finantzazioa. Arazoa da garabideko herrialde askotan beharrezkoa dela bertan fabrikatzea, bertan kokatzea. Horretarako tamaina bat eduki beharra dago, edo bertako enpresa batzuekin elkartu. Orain garrantzitsuena da jabetzea zer egiteko gai garen, gure produktua zerbitzuan eta kalitatean oinarritzen dela, eta beharrezkoa dela balio erantsia izatea eta berrikuntzan sakontzea.

Alternatiba sendoak izan behar dira, kolokan dauden merkatuak handiak direlako.

Zalantzarik barik. Herrialde industrializatuetan produktuak saltzen ditugu batez ere, balio katearen barruan pauso txikia baino ez da gurea. Garabideko herrialdeetan, aldiz, balio kate oso bat sortu behar dute euren produktuentzako, eta hor sar gaitezke gu. Gure makinaria eta produktu asko beharrezkoak dira haiek industrializatzeko, baina aukera dugu eurekin kolaboratzeko ere.

Tamainak garrantzia du?

Instalatu nahi baduzu bai, baina txikia bazara elkarlanean aritu zaitezke bertako konpainia batekin. Zuk jakintza eta ahalmena eskainiko diozu, bera indartsuago bihurtuz. Aukera interesgarria da enpresa txikiak merkatu horietara sartzeko eta hango hazkundean parte hartzeko. Gakoa da beste merkatuen hazkundeen zein zati erakartzeko gai garen.

Produktua kanpoan egiten bada hemen ez da egingo?

Ez dago zertan. Hemen oso zaila da produktu merke bat egitea, ez dugulako lehengairik, gure lan kostuengatik, bizi mailagatik. Baina horrek ez du esan nahi ez dagoela merkaturik produktu merkearentzat. Hemengo enpresa batek garabideko herrialde bateko enpresa batekin ituna eginez gero sor daiteke produktu merkea han, eta gero ona inportatu. Eta hemen egindako produktu garestia han saldu, han ere badagoelako horretarako merkatu bat. Gure produktu-zorroa zabalduko genuke, hemen ere enplegua sortu, eta herrialde horretan produktua saltzeko banaketa kate bat sortuko genuke.

Aukerak ikusten dituzu beraz.

Bai, badaude alternatibak edozein enpresarentzat nazioartekotzea aprobetxatzeko, edozein delarik enpresaren tamaina eta edozein sektorea. Batez ere enpresa txiki eta ertainetan pentsatu behar dugu, gure lanpostuen %90 haiek sortzen baitute.

NDFk inbertsioa handitzeko eskatu du hazkundea handitzeko.

Inbertsio pribatua falta dela seguru, eta beharrezkoa da produktua hobetzeko, baina enpresek konfiantza behar dute inbertitzeko. Dirua izan arren, inbertsioa errentagarri egiteko segurtasuna behar da. Finantzazio falta baino konfiantza falta da galga inbertsio pribatuarentzat. Inbertsio publiko falta handirik ez dut ikusten. Uste dut aurrerantzean inbertsio pribatua eta esportazioak izan behar direla gure hazkundearen motorrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.