Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak negoziazioak hasiko dituzte «eskumenak argitzeko». Berriki, Babes Zibileko eta Larrialdi Zerbitzuetako Foru Legea aldatu da, eta horrek eskumen gatazka piztu du. Felix Taberna Nafarroako Gobernuko lehendakariorde lehenaren arabera, eskumenei buruzko elkarrizketa bi erakundeen arteko «normaltasunaren parte da».
Maiatzaren 3an, Nafarroako Parlamentuak gehiengo handiz onartu zuen 8/2005 foru legea aldatzea —PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Ezkerrak alde bozkatu zuten, eta UPN zein PP abstenitu egin ziren—. Gizarte Segurantzan interpretazio arazoak sortu ziren suteei aurre egiteko kanpainetan parte hartu ohi duten peoi eta gidari laguntzaileei erretiroa aurreratzeko koefiziente murriztailea aplikatzerakoan.
Hori konpontzeko asmoz, taldeek proposatu zuten legez langile horiek suhiltzaile gisa kontuan hartuak izatea eta, ondorioz, erretiroa aurreratzerakoan haien koefiziente murriztaile bera izatea. Nafarroan 150 langile daude talde horren barruan. Legeak argudiatzen du suteen kanpainetan parte hartu ohi dutenez «suhiltzaileek izan ohi duten arrisku bera» dutela. Suhiltzaileek koefiziente murriztaile hobea izan ohi dute, lanbide arriskugarria dutelako.
Koordinazio batzordearen bilera
Alta, Madrilgo gobernuak ulertzen du lege aldaketa horren azken helburua dela langile horiei lanpostu kategoria bat ematea, erretiroa aurreratzeko baldintzak aldatzeko asmoz. «Gizarte Segurantzaren inguruko eskumen bat denez, hori estatuari dagokio osoki. Erretiro aurreratua izateko postuen inguruko baldintzak estatuko araudiak zehazten ditu».
Eskumen gatazkak sortzen direnean, bi gobernuen arteko koordinazio batzordera deitu ohi da. «Hari dagokio neurtzea, gatazka horri buruz gogoeta egitea eta konponbideak bilatzea», azaldu du Tabernak. «Ikus dezagun noiz biltzen den koordinazio batzordea. Ikus dezagun ea akordiorik dagoen, beste kasu batzuetan bezala. Bi aldeak ados jarri ez diren beste kasu batzuetan, bietariko batek logikoki eta legitimoki errekurtsoa jar dezake Auzitegi Konstituzionalean».
Foru hobekuntzaren aldaketa Abenduan onartzea espero du
Trafiko eskumenaren inguruko aldaketa urte amaierarako onartzea espero du Felix Tabernak, Nafarroako lehendakariorde lehenak. Azken txanpan sartua da Foru Hobekuntzaren aldaketa prozesua, eta epeei buruz galdetu diote gobernu kontseiluaren osteko agerraldian. Aurretik jakina zen bezala, irailean eztabaidatuko da Espainiako Kongresuan. «Egiaztatu ahal izan dugu gehiengo nahikoa egongo dela». Handik Senatura pasatuko litzateke. «PPk gehiengoa duenez, espero da atzera botako duela eta Kongresura itzuliko dela. Kalkulatu dugu aldaketa urte amaierarako sartuko dela indarrean, abendurako».