Eraikuntza

Babes ofizialeko prezioak igotzeak etxebizitzen eraikuntza suspertu du

Ascobi Bizkaiko eraikuntza patronalaren arabera, ekoizpena areagotu dute, baina ez da nahikoa.

Etxebizitza batzuen eraikuntza, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko martxoaren 23a
16:24
Entzun

Etxebizitzen eraikuntza areagotu egin da: 5.649 etxebizitza eraiki zituzten iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurreko urtean baino %13 gehiago. Eraikitako etxeen 3.391 libreak ziren, eta 2.258, babes ofizialekoak. «Bigarren seihilekoan, etxebizitza babestuen salmentarako prezioak eguneratu zituzten, eta horregatik egon da hazkundea ekoizpenean», zehaztu du Iñaki Urresti Ascobi-Bieba eraikuntzaren Bizkaiko patronalaren idazkari nagusiak, 2022ko txostenaren aurkezpenean. Izan ere, prezio horiek hamar urtez izoztuta egon dira. Ekoizpena handitu badute ere, oraindik ez dituzte pandemia aurreko zenbakiak lortu. «Oraindik produkzio txikia daukagu, eta ez du betetzen dagoen eskaera».

Etxebizitzen salmentan ere hazkundea egon zen: %10 egin zuen gora. «Azken hamabost urteetako kopururik handiena izan da». Oro har, 23.814 etxebizitza saldu zituzten. Hazkunde hori bigarren eskuko etxebizitzei egotzi die Urrestik, bigarren eskuko 19.934 etxe saldu zituztelako. «Bigarren eskuko etxeen salmentak eragiten du dinamismo handien merkatuan». Eta gehitu du azken urteetan etxebizitza berrien esparruan «ekoizpen txikia dagoela, modu estrukturalean».

Etxebizitzen prezioen gorakada

Ekoizpenaren eta salmentaren igoerarekin batera, prezioek ere gora egin zuten Bizkaian. Gainerako lurraldeetan ez dute inkestarik egiten. Etxe berrien prezioak %7,7ko igoera izan zuen: metro karratu erabilgarriaren batez besteko prezioa 3.904 euro izan zen. Bigarren eskuko etxeetan, berriz, igoera %2,5ekoa izan zen, metro karratu erabilgarriaren batez bestekoa 3.218 euro izanik.

Bestalde, eraikuntzako lizitazio publikoek ere gora egin zuten iaz. «Lizitazio publikoa 1.720 milioi eurokoa izan zen; horrek %15eko igoera esan nahi du». Hala ere, lizitazio asko bertan behera geratu ziren, «proiektuen aurrekontuak ez direlako bat etorri egungo merkatutako kostuekin». Oro har, kostuen igoera nabarmena izan arren, Urrestik esan du eraikuntza sektoreak bere jarduera finkatu duela. «Sektoreak zuhurtziazko baikortasunarekin egingo dio aurre 2023ari».

Hiru lagun hilik eraikuntzan

2022ko urtearen amaieran, eraikuntzaren sektorean 32.700 langile zeuden Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Izan ere, urte horretan 5.400 lanpostu berri sortu zituzten. Horrek %10eko igoera esan nahi du.

Eraikuntzako hiru langile hil ziren iaz. Eta 48 istripu larri gertatu ziren, aurreko urtean baino hamasei gehiago. Istripu arinei dagokienez, 4.197 gertatu ziren. 2021ean, ordea, 3.874. «Istripu kopuruen igoera oso adierazgarria da», onartu du Urrestik. Datuek eragile guztiengan gogoeta eragin behar dute: «Beharrezkoa da prebentzio neurriak aplikatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.