Babcocken azken errautsak

Maiatzetik lanean egon diren hogei langileetatik bederatzik azarora arte jarraituko dute azken eskaria amaitzekoEzkerraldeko desindustrializazio prozesuan kokatu dute itxiera eragileek

Lander Muñagorri Garmendia.
Sestao
2011ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Babcocken agonia amaitzen ari da. 93 urteko ibilbidearen ondoren, Sestaoko (Bizkaia) Babcock Power enpresa gero eta gertuago dago erabateko itxieratik. Hogei pertsona ari ziren maiatzetik hona bertan lanean, azken eskariei aurre egiteko, eta kontratua gaur bertan amaitzen zaie. Horietatik bederatzik, ordea, amaitu gabeko eskariak bukatu ahal izateko azaroaren 30era arte jarraituko dute lanean. Enpresaren itxiera salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo, Galindo auzoan dagoen enpresaren aurrean.

Hilkutxak, lore koroak eta kandelak piztu zituzten hil berri den enpresaren oroimenez, eta Babcocken itxiera Ezkerraldeko desindustrializazio prozesuaren beste adibide bat dela gogorarazi zuten Barakaldoko Berri Otxoak elkarteko kideek eta bertako langile ohiek. «Azken hilabete hauetan inguruko enpresak husten ari dira, eta 18.000 langaberekin, Ezkerraldeko langabezia tasa %19koa da», Joseba Rodriguez Babcockeko langile ohiaren hitzetan.

Horren adibidetzat jarri ditu ACBko 60 langileren kaleratzea, ABBko 86, GAM Aldaiturriagako 67, Navaleko 126 eta ontziolak inguruko enpresetan sortzeari utzi dion 1.600 lanpostuak. Hori gutxi ez, eta zerbitzuen sektorean galtzen ari diren lanpostuak gogorarazi dituzte; Barakaldon itxi diren 218 dendak, esaterako.

Egoera hori ikusirik, kezkati agertu da Juan Antonio Iturregi, gaurtik aurrera Babcockeko langile ohia. Ezkerraldeko desindustrializazio prozesua dela eta, aurrerantzean lana topatzea zaila ikusten du, are gehiago duen adina kontuan hartuta. «Erretiro aurreratua hartzeko adinean nago orain, baina ez naiz SEPIk adostu zituen bermeen barruan sartzen, bost urte daramatzadalako hemen lanean», dio.

Alde horretatik, kaleratutako langileen artean lau talde egotea salatu du Iturregik: 52 urterekin erretiro aurreratua hartu dutenak, beste lanpostu bat eskaini diotenak, espedientea dela-eta isuna jaso behar dutenak eta lan egindako urte bakoitzeko 38 eguneko kalte-ordaina jasoko dutenak. Azken taldean dago bera.

5.500 langile izan ostean, itxi

1918an sortu zutenetik, Sestaoko enpresak ibilbide luzea izan du egungo egoerara iritsi aurretik. Euskal finantza talde batek sortu zuen Sociedad Española de Construcciones Babcock Wilcox, Erresuma Batuko Babcock & Wilcox Limited enpresaren laguntzarekin. I. Mundu Gerra zela eta, Compañia de los Caminos de Hierro del Norte de España tren enpresak lokomotorak lortzeko zailtasunak zeuzkan, eta horren harira bultzatu zuten Babcocken sorrera. Hori dela eta, enpresaren lehen urteetan lokomotoreak eraiki zituzten Sestaoko pabiloian, baporezkoak nahiz elektrikoak. 1961ean egin zuten azkeneko lokomotorea, eta orduz geroztik ekipo ondasunetara bideratu zen enpresaren jarduna.

Babcock Wilcox Española SA izenpean, unerik gozoenak izan zituen enpresak 70eko hamarkadan, 5.500 langile izan baitzituen garai horretan. Edozein modutan, 1979an iritsi zen lehenengo enplegua erregulatzeko espedientea, eta orduz geroztik lantaldea txikituz joan zen urteak igaro ahala.

1983an, Espainiako Industria Institutuak bere gain hartu zuen Galindoko enpresa, eta 1992an SEPIren aurrekoa izan zen Teneo-ren eskuetara igaro zen Babcock Wilcoxen ardura. 2001ean, ordea, pribatizazioa iritsi zen, eta, askoren ustez, gainbeheraren hasiera. Alemaniako Babcock Borsig enpresak bereganatu zuen Sestaoko pabiloia, eta bederatzi hilabeteren buruan kaudimenik gabe geratu zen.

Egoera hori aprobetxatuta, Austriako ATB enpresa sartu zen zuzendaritzara, eta Babcock Power España izena jarri zioten enpresari. 2010ean, kaudimenik gabe geratzen ari zirela jakinarazi zuten Babcockeko jabeek, eta 2011ko urte hasieran enpresak zituen 400 langileei eragiten zien enplegua erregulatzeko espedientea aurkeztu zuen. Kaleratze horiek jakinarazi ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenak 2004ko espediente bat baliogabetu zuen, eta ia lanik ez zuen enpresara 250 langile itzuli ziren. Uztailean, ordea, espedientea baliogabetu aurreko egoerara itzuli ziren langile horiek.

Maiatzetik gaur arte hogei langilek egin dute lan Babcocken. «Lasaitasun handia egon da hemen; halako pabiloi handian horren jende gutxi lanean aritzea... pena ematen du», Iturregik azaldu duenez. Are gehiago, haren esanetan, «egoera hori saihestu zitekeenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.