PASAIA. Oso kezkatuta azaldu ziren udaberrian arrantzaleak, berdela arrantzatzeko zailtasunak zirela eta. Arrain hori harrapatzeko amua erabiltzen duten itsasontziek kuotaren erdia ere ez zuten bete ahal izan. Harrapaketa hobeak izan zituzten ainguraketako ontziek, baina denek esan zuten berdela ohiko ibilbideak eta jokabideak aldatzen ari dela.
Arrantzaleen galderei erantzun bat eman diezaieke Aztik atzo kaleratu duen azterketa batean. Haren arabera, itsasoaren berotzea iparralderantz eramaten ari da berdela, gero eta gehiago, eta txitxarroaren ugalketa ere aztoratu du.
Aztik 1992an hasitako ikerketa horrek bi espezie horien migrazio eta biologia aldaketak aztertu ditu, eta ondorioztatu du itsasoa berotzen den gradu bakoitzeko berdelak 370 kilometro iparralderantz eramaten duela bere arrautzen errutea. Txitxarroari dagokionez, tenperaturaren igotzeak hamabi egun inguru aurreratzen du ugalketa.
Edonola ere, Aztik nabarmendu du bi espezie horien migrazioetan ikusitako aldaketak «arinak» direla. Horregatik, «ez dirudi aldaketa horiek berdelaren eta txitxarroaren arrantza aldatzen dutenik Bizkaiko golkoko ontzientzat».
Aztik dio berdelak iparralderago erruten duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu