Azpiazuk ziurtatu du aurrekontuetan ez dela murrizketarik egongo

Defizit eta zor mugak lausotu izanak arnasa eman dio Jaurlaritzari. Gidalerro nagusiak ekonomia suspertzea eta ongizate estatua sendotzea izango dira

Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramailea eta Pedro Azpiazu Ekonomia sailburua, 2021eko aurrekontuen gidalerroen aurkezpenean, atzo. MIKEL ARRAZOLA / IREKIA.
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Testuinguru ekonomiko zail batean, baina legebiltzarrean gehiengo osoa izateak ematen dion lasaitasunarekin, Eusko Jaurlaritza hasi da 2021erako aurrekontuak prestatzen. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak iragarri duenez, aurtengoa baino «dezente handiagoa» izango da, baina ez du zehaztu zenbat. Nabarmendu du «ausartak» izango direla, eta hitzeman du ez dela murrizketarik egongo politika publikoetan. «Gure bidea ez da austeritatea izango. Berreraikuntzaren eta eraldaketa ekonomiko eta sozialaren aurrekontuak izango dira».

Jaurlaritzak abenduaren 15ean onartuko du proiektua, eta 18an bidaliko du legebiltzarrera; otsailaren erdialdera indarrean egotea espero du. Azpiazuk gogoratu du COVID-19ari estuki loturiko lehen aurrekontuak izango direla, eta bi helburu zehaztu ditu: ekonomia suspertzea eta ongizate estatua sendotzea, «krisi orok sortzen dituen desberdintasunak arintzeko». Horrekin lotuta, aurreratu du osasunak eta hezkuntzak «bultzada handia» jasoko dutela.

Iñigo Urkullu lehendakariak joan den astean esan zuenez, 2021eko aurrekontua %0,5 inguru igo nahi du gobernuak, baina Azpiazuk ez du kopururik eman, eta azpimarratu du gutxienez datorren asteko Finantzen Euskal Kontseilura arte itxaron beharko dela behin betiko zenbatekoa jakiteko, orduan ezagutuko baitu gobernuak foru ogasunek zenbateko beherakada izan duten aurtengo zerga bilketan.

Jaurlaritzaren kutxetara doaz bildutako hamar eurotik zazpi, eta, orain arteko datuen arabera, %15-20koa izan daiteke murrizketa: 2.300-3.100 milioi bitartekoa. Azpiazuk ez du halakorik baieztatu nahi izan; hala ere, azpimarratu du Jaurlaritzak zulo hori konpentsatuko duela datorren urterako Espainiako Gobernuarekin adostutako %2,2ko defizit mugarekin (1.600 milioi euro gehiago), eta hori estaltzeko zor publikoa igoz, BPGaren %16,9raino. Sailburuak jakinarazi du Jaurlaritzak maileguak eta batez ere zor jaulkipenak erabiliko dituela, eta urtea amaitu baino lehen «kopuru garrantzitsu» bat jarriko duela merkatuetan, baina era «mailakatuan» egingo duela, legebiltzarrak ezarritako mugen barruan. Gaineratu du, halaber, «ahal den neurrian» eta aurreikuspen ekonomikoak nabarmen okertu ezean Jaurlaritzak bete egingo dituela adostutako tasak, nahiz eta ez duen zertan zorrotz bete, Europak eta Espainiak lausotu egin baitituzte. Gogoratu du «egoera bere onera itzultzean» Bruselak berriz eskatuko duela defizita murrizteko, eta gobernuak arduraz jokatu nahi duela.

Europaren zain

Jaurlaritzak finantzabide gehigarri bat izango du: Europako Batasunaren Next Generation berreraikuntzarako funtsa. Horren inguruan, Azpiazuk azaldu du horri legozkiokeen kopuruak ez dituztela aurrekontu egitasmoan sartu, besteak beste Espainiako Gobernuak kudeatuko dituelako laguntzak eta gaur-gaurkoz ezinezkoa delako Jaurlaritzak zenbat jaso dezakeen jakitea. Esan du behin betiko zerrenda bat zehazten jarraitzen dutela, baina «urduritasunik eta presarik gabe» lan egiteko eskatu die proiektuak aurkeztu nahi dituzten enpresei. Jaurlaritzak, bere aldetik, 2021eko aurrekontuetan ekonomia suspertzeko inbertsioetan «ahalegin argia» egingo duela gaineratu du, eta I+Gko gastua %6 handituko duela.

Aldi berean, gobernuaren helburua da langabezia tasa %10,7ra jaistea 2021 amaierarako, 15.100 lanpostu sortuta —%12,4 da gaur egun—. Horretarako, ekonomian «errebote efektu» bat izatea espero du: BPGaren %8,9 igotzea aurreikusten du.

Langile publikoen soldatez galdetuta, Azpiazuk gogorarazi du azken hitza Espainiako Gobernuak duela, eta berretsi du Jaurlaritzak soldatak jaistea aurreikusten ez duen arren balizko izozteak ez lukeela eragingo langile horien erosteko ahalmenean, prezioen beheranzko bilakaera dela eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.