Azpiazuk berriz eskatu die bankuei aurrezkietan ere aplikatzeko tasen igoera

Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak gogoratu die euskal bankuek urtebete daramatela atzeratuta gordailuen ordainsariaren aferan

Javier Hurtado eta Pedro Azpiazu atzo, euskal bankuetako ordezkariekin. EUSKO JAURLARITZA.
Irune Lasa.
2023ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Gordailuen ordainsaria izan zenlehen puntua atzo Eusko Jaurlaritzako bi sailburuk bederatzi bankutako ordezkariekin egindako bileran. Izan ere, interes tasen igoera ederki igartzen ari da hipoteketan eta beste maileguetan, baina aurrezkiaren ordainsarietara, berriz, ez da iritsi oraindik. Hori esan zien Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak Kutxabank, Laboral Kutxa, Santander, BBVA, Caixabank, Sabadell, Abanca Bankoa, Nafarroako Rural Kutxa eta Bankinter finantza erakundeetako ordezkariei.

Azpiazuk uste du tasen igoera islatuko dela azkenean, baina finantza erakundeek «orain» egin behar dutela hori. Irailean, banku batzuek iragarri dute hasiko direla gordailuak ordaintzen, eta, Ekonomia sailburuaren arabera, egia da bankuek eskaintzen dizkietela aurrezteko beste aukera batzuk familiei eta partikularrei, «baina pasiboak ordaindu egin behar dira, gaur egungo interes tasa handiekin bat etorriko diren tasetan».

Azpiazuk bankuei adierazi zien Europan hori gertatu dela jada. «Europan, gordailuen ordainsaria goraka ari da; halaxe egin dute nazioarteko filialak dituzten banku nazionalek ere, eta aldaketa hori Euskadin ere egitea espero dugu orain». Sailburuak azaldu zuen nola Europako beste herrialde batzuetan «ordainsari zabala» ematen duten, «%3». Gordailuen ordainsarietan, «EBZren arabera, Espainiak eta Euskadik urtebeteko atzerapena daramate».

Javier Hurtadok, berriz, Kontsumobide kezkatzen duten gaiez hitz egin zien bankuen ordezkariei, hala nola leihatiletan aritzeko trabei buruz, gehiegizko komisioez, kobrantza bidegabeez, kontuak ixteko eragozpenez, eskudirua ateratzeko zailtasunez eta oinarrizko ordainketa kontuak eskaintzeko errezeloez. Hurtadok bankuei iragarri dieKontsumo Sailak 2024rako ikuskapen kanpaina egingo duela gai horiei buruz.

Kutxazainak landa eremuan

Finantza inklusioa ere hizpide izan zuten atzoko bileran. Hurtadok bankuei adierazi zien 2024ko hasieran deialdia egingo diela finantza erakundeei landa eremuetako 70 udalerri ingurutan finantza zerbitzuak bermatzeko, kutxazain bidez edo cash back bidez.

Zibersegurtasunaren inguruan, Jaurlaritzako sailburuek Cyberzaintza agentzia berriaren laguntza eskaini zieten bankuei, horrelako delituak detektatzen eta zuzentzen laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.