Janari banaketa. 'Rider'-en legea indarrean. Bizikletako banatzaile bat

«Azkenean, legearekin, beste lan asko bezala babestuko da gurea»

Egunean hamar orduz aritzen da janaria banatzen, Iruñean, egunero. Nabarmendu du legeari esker ordu gutxiago lan egin ahal izango duela, eta istripuren bat izanez gero babestuta egongo dela.

June Romatet Ibarguren.
2021eko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Azken bi urteetan janari banaketan aritu da Iruñeko gaztea. Sektorea ongi ezagutzen du, nahikoa bere benetako izena eman nahi ez izateko, ondorioen beldur baita.

Noiz hasi zinen rider lanetan?

2019ko urtarrilean hasi nintzen lanean, Iruñean, Glovo enpresan. Hortik hilabete gutxira, Deliveroon ere hasi nintzen eta Uber Eatsen gero. Orain Glovon ari naiz, eta beste biak oso gutxi erabiltzen ditut, selektiboak bihurtu direlako, eta jende jakin bat nahi dutelako; baina, duela bi urte inguru, ia ados jartzen ziren eskaerak tartekatzeko eta denentzat lan egiteko.

Zergatik eta nola sartu zinen Glovon?

Langabezian nengoen. Bost hilabete inguru neramatzan horrela, eta itxura ona zuen ustez autonomo lana izan behar zuenak: 65 euro inguruko [Gizarte Segurantzaren] kuota ordainduz lan egitea. Lagun bat etorri zitzaidan, eta esan zidan lan erraza zela, bizikletan banaketak egitea besterik ez zela; gero, zenbat kobratzen zuen erakutsi zidan: 3.000 euro inguru. Konbentzitu egin ninduen. Hala ere, azkar ikusi nuen hori ez zela horrela izango. Ez nintzen autonomoa izango erabat, eta ez nuen hainbeste diru irabaziko; baina aurrera jarraitu nuen, lana behar nuelako. Uste dut ni konbentzitu ninduena horretan aritzen dela; lanik gabeko jendea topatzen du, lan honetan sartzeko.

Eta zergatik hasi zinen beste bi enpresetan?

Pandemia baino lehen hasi nintzen. Glovon, ezin dut erabaki nire ordutegia: enpresak esaten dit zer ordutegi izan behar dudan, eta, betetzen ez badut, hurrengo egunetan ez dit lanik ematen. Horrez gain, oso zaila da ordua hamar-hamabost euro kobratzea eta, beraz, beste plataformetan sartu nintzen. Horrela, Glovoren ordutegia bukatzean, beste biak nituen nire gastuetarako behar nuena lortzeko. Lehen beharrezkoa nuen hirurak erabiltzea; oraindik ere erabili behar ditut batzuetan, baina gutxiago.

Azalpenik ematen dizuete lan honetan sartzean?

Glovok azalpen tailer bat ematen du, ordu erdikoa, eta beste enpresek ezta hori ere. Uber Eatsek eta Deliverook ez dituzte jartzen bulegoak ere; beste lankide batzuen bitartez edo lan iragarkiekin jartzen dira gurekin harremanetan.

Zenbat ordu egiten dituzu lan honetan?

Egunean hamar bat ordu egin behar ditut derrigorrez asteko egun guztietan, eta jende asko ez da geratzen, ezin duelako. Gainera, jaiegun bat hartzeko, oraindik lan gehiago egin behar da.

Enpresak zortzi orduko muga jartzen dio langile bakoitzari, baina hori kanpoko jendearen aurrean itxura egiteko da. Barruan gaudenok badakigu tranpak egiten, eta askok egiten dituzte: zortzigarren orduaren amaiera iristear dagoenean, azken ordua kentzen dute, eta, horrela, nahi dituzten orduak egiten dituzte.

Rider-en legea indarrean jarri dute gaur. Zer iritzi duzu legeaz?

Legea eskasa iruditzen zait, rider-entzat bakarrik balio duelako eta badirelako beste hainbat autonomo faltsu; horiek ere halako lege bat behar dute. Ondo dago legea izatea, asko garelako: ia 15.000 gara Espainian. Sindikatuek borroka egin behar izan dute, eta, azkenean, lortu dugu. Pozten nau pentsatzeak ordu kopuruak kontrolatuta izango ditugula, istripurik izanez gero babesa izango dugula. Azkenean, lege honekin beste lan asko bezala babestuko da gurea. Beharrezkoa zen.

Rider batzuek ez dute nahi legea ezartzea. Zergatik dela uste duzu?

Sektore honetan, jende askok 24 orduz lan egingo luke ahal izango balu, eta, lege berri honekin, ezin dute. Alde batetik, uler dezaket diru beharragatik eta abar, baina ez dira ohartzen lan arriskutsua dela, langile bat baino gehiago hil dela. Jendeak hainbeste lan egiten du, non geroz eta arrisku handiagoa izaten duten. Gainera, badaude kontuak alokatzen dituztenak; horrela, kontu batean hamar ordu egiten dituzte, eta bestean hamabi. Jende horrek ez du hori ulertzen; esaten dute nahi bezainbeste lan egiten dutela, baina bost egunetan zortzi ordu lan eginez ezin duzu bi eguneko atsedena hartu; ez du konpentsatzen. Hainbeste lan egiten dute, non ez diren konturatzen ez daudela ondo eta legeak haien alde egiten duela, nik uste.

Behin legea indarrean sartuta, zer uste duzu egingo dutela enpresek?

Lege bat da, eta bete egin behar dute. Askotan, tranpak bilatzen dituzte: haien abokatuek bideren bat topatzen dute legea ez betetzeko. Gainera, Uber Eats, Glovo eta Deliveroo mehatxatzen hasi dira: kontratu gutxi egingo dituztela, jende asko kalean geratuko dela eta beste hainbat gauza. Hala ere, legea bete beharko dute, eta, bestela, sindikatuek eta langileek salaketak jarriko dizkiete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.