Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak hauteskundeak uztailaren 23ra aurreratu izanaren ondorioz, eten egin da 60 bat lege egitasmoren tramitazioa gorteetan. Pentsioen erreforma da horietako bat; gobernuak dekretu bidez onartu bazuen ere, lege proposamen moduan tramitatzea adostu baitzuten alderdien ekarpenak jaso ahal izateko. Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdiek aukera hori baliatu nahi zuten, hain zuzen ere, kooperatibistei eragiten dien atala aldatzeko. Izan ere, autonomoen kotizazio sistema berriak aldaketak ekarri ditu haien egungo kotizazio ereduan, eta kolokan jarri du sistema publikoaren eta mutualitatearen arteko sistema mistoa.
Espainiako Gobernuak iazko udan onartu zuen norbere kontuko langileen kotizazio sistema berria. Haren helburua da kotizazioa benetako diru sarreren araberakoa izatea; izan ere, gaur egun langile gehienek gutxieneko oinarriaren arabera egiten dute, nahiz eta gehiago ordaintzeko gaitasuna izan. Sistema berria urtarrilean jarri zen martxan, baina hiru urteko epean modu mailakatuan egokituko da. Hala, 2025etik aurrera, langile autonomoek etekinen araberako ekarpena egin beharko diote Gizarte Segurantzari.
Eskemaren aldaketa horrek, ordea, eragin zuzena dauka kooperatibistengan eta, bereziki, Lagun Aro bezalako BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeetan, haien kotizazio eredua sistema publikoaren eta mutualitate sistemaren arteko banaketan oinarritzen baita. Sistema misto hori, ordea, ez dago lege berrian jasota, eta maila berean jartzen ditu norbere kontuko langileak eta kooperatibistak.
«Planteamenduarekin ados gaude, baina gure errealitatea ez dago legean jasota, eta aldaketarik egin ezean, lehenago edo beranduago eragingo digu. Izan ere, guk ere Gizarte Segurantzari egin beharreko kotizazioa handitu egin beharko dugu, eta ez dugu tarterik izango mutualitateari ordaintzeko», ohartarazi du Carlos Maza Lagun Aroko idazkari nagusiak.
Lan etekinak eragiketan
Gaur egun, hileroko ekarpenaren %60 sistema publikoari egiten diote, eta %40 BGAEri edo aurrezki poltsa propioari. 2010az geroztik, gainera, ez dute gutxieneko oinarriaren arabera kotizatzen, soldataren arabera baizik. Ondorioz, haien ekarpenak Gizarte Segurantzaren araubide orokorreko batezbestekoaren antzekoak dira— 1.800 euro ingurukoa da—. Denera, 30.000 lagunek kotizatzen dute Lagun Aroko eredu mistoarekin; Mondragon taldeko kooperatibistak dira gehienak.
«Gaur egun egiten ditugun ekarpenekin ez genuke arazorik izango, sistemak ezartzen dituen kotizazio oinarriak handiak direlako; baina, aurrera begira, tarte horiek estutuz joango dira, eta arazoak izan ditzakegu orduan, ekarpenaren %100 Gizarte Segurantzari ordaindu beharko diogulako», esan du Mazak.
Ez da aldaketa bakarra, nolanahi ere: soldataz gain, orain arte kontuan hartzen ez ziren beste diru sarrera batzuk ere lan etekin gisa hartzera behartzen die legeak autonomoei. Horien artean daude, besteak beste, etekin finantzarioak edota kapital etekinarenak —enpresaren irabaziak bazkidearen kapitalera itzultzea adosten den kasuetan—. Hori horrela, lan etekinen zenbatekoa nabarmen areagotzea eragingo dio kooperatibako bazkideari, eta, beraz, baita kotizazio oinarria eta ekarpena bera ere.
Mazak adierazi duenez, «kontzeptu akats bat» dago hor, errealitatearekin bat ez datorrena. «Ministerioak argudiatu du Espainian autonomoen lan etekinak oso txikiak direla, eta beste diru sarrera batzuk izaten dituztela; eta horregatik gehitu dutela eragiketa horretan kapitalaren etekinarena. Baina gure kasua ez da hori; ez du zentzurik. Gure datu guztiak ezagunak dira: gardenak gara».
Lagun Aroko idazkari nagusiak gogorarazi du kooperatibisten egungo kotizazio sistemak Gizarte Segurantzaren sorreran daukala abiapuntua, izan ere, urte haietan kotizazio sistematik kanpo geratu ziren kooperatibistak. 1967an batu ziren Langile Autonomoen Araubide Berezira, «behin-behineko irtenbide modura». Orduz gero, sistema publikoaren eta mutuaren arteko banaketa sistemaren bitartez kotizatzen dute gehienek, nahiz eta badiren Gizarte Segurantzaren araubide orokorraren bidez egiten dutenak ere.
«Gu ez gara autonomoak, araubide bereziaren arabera kotizatzen dugun arren», ohartarazi du Mazak. «Beraz, gure figura onartzen ez duten bitartean, edozein aldaketa egiterakoan kooperatibisten berezitasunak kontuan hartzea eskatzen dugu. Orain arte ongi funtzionatu du sistemak», azpimarratu du
Kezkatuta, baina lasai
Autonomoen kotizazio sistema berria onartu zenean egin zioten ohartarazpena Madrili, eta, harrezkero, eredu propioaren berezitasuna legean jasotzeko ahaleginean aritu dira. Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioko ordezkariekin bildu dira, eta Vox ez beste alderdi politiko guztien nahiz Espainiako eta Kataluniako kooperatiben elkarteen babesa izan dute horretarako. Baita Eusko Jaurlaritzarena ere.
Bada, «erdi-adostuta» zuten testuaren zuzenketa, eta azken pausoa baino ez zen falta, harik eta hauteskundeetarako deialdiak dena ezerezean utzi duen arte. «Prozesua behin-behinean geratu dela pentsatu nahi dugu», adierazi du Mazak. Kezkatzen du etor daitekeenak, okerrenean Lagun Aroren zimenduak kolokan egon daitezkeelako, eta haren «zaintza sistema» ezbaian. Baina oraindik aukerak badirela ziur da: «Lasai gaude, eta mezu hori helarazi diegu bazkideei ere: astia badugu oraindik».
Azkenean, legean jaso gabe geratu da kooperatibisten kotizazio eredua
Pentsioen erreformaren tramitazioa baliatu nahi zuten eredu mistoa testuari eransteko, baina ezbaian geratu da legealdia eten denez. Bazkideek Gizarte Segurantzan eta Lagun Aron kotizatzen dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu