Azken urteetako soberakinetatik 67 milioi inbertitzeko asmoa du Nafarroako Gobernuak

Europako funtsak txikitu eta zerga arauak berrezarri direla eta, superabiteko dirua inbertitzea proposatu dio Madrili. 2025eko aurrekontuan EH Bilduren ekarpenak jaso ditu. Urriaren amaierarako akordiora heltzea espero da.

Jose Luis Arasti, Ekonomia eta Ogasun kontseilaria.
Jose Luis Arasti, Ekonomia eta Ogasun kontseilaria. IÑAKI PORTO / EFE
joxerra senar
2024ko urriaren 11
11:20
Entzun

2020an salbu, azken sei urteetan superabitak pilatu ditu Nafarroako Gobernuak, eta aurten zor publikoak barne produktu gordinaren «%11tik gertu» amaituko du. Zor publikoa %13ren azpitik dagoenez, Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak uste du tartea dagoela soberakinen zati bat inbertsioetarako erabiltzeko, «zorpetzeko beharrik gabe». Hala proposatu dio Madrili, eta, oniritzia izanez gero, beste 67 milioi euroko inbertsio publikoa izango du.

Gobernu kontseiluak 2025eko aurrekontu aurreproiektua onartu du, eta haren zertzelada nagusiak azaldu dizkie komunikabideei. Orotara, 6.431 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du Arastik. Finantza gastuak alde batera utzita, 5.987 milioi euroko gastu muga izango du Nafarroako Gobernuak. Berez, datorren urtean ekonomia  %1,8 handitzea eta inflazioa %2,1era heltzea espero du, eta koadro makroekonomiko hori erabili du oinarri gisa non eta nola gastatu erabakitzeko.

«Administrazioaren baliabideak modu eraginkorrean erabili nahi ditugu orain»

JOSE LUIS ARASTIEkonomia eta Ogasun kontseilaria

2020tik aurrera, Europako Batasunak bertan behera utzi zituen finantza publikoen diziplina arauak, pandemiari aurre egiteko, eta inbertsiorako funtsen programa zabal bat abiarazi zuen. Ezer ez da betiko, ordea. Batetik, 2025ean itzuliko dira zor eta defizit helburuak; bestetik, funtsek azken urteetan aurrekontuetan utzitako lorratza leunduz joango da. «Bagenekien amaitu egingo zela. Sei urteko erreferentzia genuen. Bagenekien hasieran motel joango zela egitasmoak abiarazi arte, gero abiada hartuko zuela eta azkenik behera egingo zuela», azaldu du.

265

inbertsio publikoa. Datorren urtean, 265 milioi euroko inbertsio publikoa izango du Nafarroako Gobernuak. Europako funtsek orotara 39 milioi euro finantzatuko dituzte. Hori kenduta, bere kabuz 226 milioi euro erabiliko ditu inbertsiorako. Madrilen oniritzia balu, superabiteko beste 67 milioi euro gehituko lirateke. 332 milioi, orotara. 

Zehazki, Europako MRR eta React funtsek 114 milioi finantzatuko dituzte, aurten baino 59 milioi gutxiago (-%34). Arastik nabarmendu du jaitsiera horri aurre egiteko sendo daudela finantza publikoak: arauak etenda egon diren arren, zor publikoak behera egin zuelako %19tik %12ra, 2020tik iragan urtera bitartean —aurten, %11,2ra heltzea espero da—.

«Administrazioaren baliabideak modu eraginkorrean erabili nahi ditugu orain», argudiatu du. Aurrez etxeko lanak egin izanaren ondorioz orain jarduteko «ahalmen handiagoa» izango dutela. Hala, azaldu du superabiteko 125 milioietatik 67 milioi erabiltzeko proposamena «berritzailea» dela, baina diziplina arauak betetzen dituela. Era berean, %0,3ko defizita aurreikusi du gobernuak, eta, hala, zorpetze bidez 87 milioi euro finantzatuko dira.

«Aurrekontuetako bazkide»

Behin aurreproiektua aurkeztuta, datorren astean haren edukia aurkeztuko die udalei, sindikatuei eta gizarte eragileei. Hori eginda, lege proiektua onartu eta espero da «urriaren amaierarako» Nafarroako Parlamentuan aurkeztea, han bere bidea egin dezan. Bitarte horretan, EH Bildurekin negoziatzen jarraitzen du gobernuak. Irailaren 27an ekin zioten elkarrizketari , eta, aurreko urteetan egin bezala, koalizio abertzalearen proposamenak jaso ditu aurreproiektuak. Arastik ez du esan zenbat diru den, eta haren nondik norakoak akordioa lortzean aipatuko direla zehaztu du.

EH Bildu «aurrekontuetako bazkide» gisa definitu du. Aitzitik, azken egunetan UPN kexu azaldu da negoziazioetatik kanpo geratu delako. 

%55eko gastu soziala

Aurrekontuaren %55 bideratuko du osasun, hezkuntza, etxebizitza, gizarte eta kultura arloetara. Era berean, bere gain ez dituen eskumenengatik estatuari 874 milioi euro ordainduko dizkio. Era berean, udalen gastu arrunterako finantzaketa 334 milioi eurokoa izango da. 

Departamentuei dagokienez, Osasun Departamentuak izango du aurrekontu handiena, 1.510 milioi eurokoa. Beste inbertsioen artean, Lizarrako ospitaleko larrialdi zerbitzuak zabalduko dira, eta Tuterako Reina Sofia ospitalean farmazia zerbitzua handituko da. Hezkuntzak 920 milioi euroko aurrekontua izango du. Gobernuak azpimarratu du lehen aldiz haur eskolen doakotasuna finantzatuko duela.

Industria Departamentuak 96 milioi euro izango ditu. Industriaren garapena eta trantsizio energetikoa izango dira inbertsioen ardatz, gobernuaren arabera. Azpiegiturei dagokienez, Belateko tunelen obren inbertsioarekin jarraituko dute, eta Almandozko tunela bikoizteko lanen lizitazioa abiatuko dute. NA-121 errepidean 2+1 bideko errepidea zabaltzeko lanetan, Burutaingo saihesbidearen lanak egingo dira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.