Merkaturatuko den azken petrolio upelaren prezioari buruzko espekulazioak hasiak dira jada. Iturria behin betiko noiz itxiko den eta ordura arte zenbat balioko duen, horra gaur egun sektoreko eztabaida nagusietako bat. Iragarpenak dira, usteak. Baina, bereziki, interesak. Petrolioaren etorkizunari buruzko auzian ere kontakizunari buruzko borroka ari da gertatzen, asko baitago jokoan.
Uda hasieran, Energiaren Nazioarteko Agentziak (IEA) argitara atera zuen datozen urteetan petrolioaren merkatuan etortzeko dagoenari buruzko urteroko txostena: World Energy Outlook. Ikerketa horren arabera, munduko kontsumoa hamarkadaren amaieran iritsiko da mugara, zehazki 2029an, eta hortik aurrera, murriztu egingo da. IEAk bi jokaleku posible proposatzen ditu gerorako: bata, egungo bilakaerarekin bat datorrena, eta, bestea, herrialde guztiek zero emisio politikekin betez gero sor daitekeena. Bietan murrizten da kontsumoa, bigarrenean izugarri eta oso denbora gutxian: 2050. urtean 1956. urteko mailan egongo litzateke.
Ez da IEAk 2030. urtea aipatzen duen lehen aldia. Hala ere, iragarpen hori egin eta ordu batzuk baino ez ziren igaro Haitham al-Ghais LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko idazkari nagusiak erantzuterako. Artikuluaren izenburua, argigarria: «Petrolio eskariaren gailurra ez dago zerumugan».Hor, besteak beste, zera zioen: «IEAk planteatzen duena irreala da, eta petrolioaren aurkako kontakizunaren jarraipen bat da. [...] Batzuek denbora daramate jokaleku teorikoak bultzatzen eta datuak aztertu aurretik erabakitzen petrolioak ez lukeela etorkizun energetiko jasangarri baten parte izan behar, baina ez da horrela izango».
Idazkian, petrolioaren kartelaren buruak azpimarratu zuen IEAk urte batzuk daramatzala analisi «interesatu» eta «arriskutsuak» egiten, eta horrek ondorio kaltegarriak izango dituela, «batez ere kontsumitzaileengan»; izan ere, haren arabera, halako aurreikuspenek arriskuan jar ditzakete petrolio hobien esplorazio eta ekoizpen inbertsioak, eta horrek erregaien prezioen aldakortasunean eragin dezake, «aurrez inoiz ikusi ez diren gorabeherak sortzeraino».
LPEEren interpretazioa ere hipotesi bat baino ez da. Hala ere, hark argi dauka petrolio kontsumoak oraindik ez duela goia jo, eta are sinetsiago dago halakorik ez dela gertatuko, ez behintzat energia agentziak dioen moduan eta garaian. «IEAk 2019an iradoki zuen horixe bera gertatuko zela urte horretan gasolinarekin, baina ez zen geratu. 2023an, marka guztiak hautsi dira gasolinaren kontsumoan, eta aurten ere gorantz doa». 2045. urtean egunero 116 milioi upel erreko direla aurreikusten du; gaur egun, 100 milioi inguru kontsumitzen dira.
«IEAk planteatzen duena irreala da, eta petrolioaren aurkako kontakizunaren jarraipen bat da»
HAITHAM AL-GHAIS LPPEko idazkari nagusia
Badaude, halaber, IEArekin bat etorri arren prozesu hori gehiago luzatuko dela uste dutenak: Goldman Sachs inbertsio bankua, adibidez. Hark ere argi du petrolio kontsumoak aurki joko duela goia, baina bost urte geroago, 2034an, eta hortik aurrera egonkor mantenduko dela, gutxienez 2040ra arte —110 milioi upel egunero–. Haren hipotesia da gaur egun garabidean diren herrialdeek datorren hamarkadan hazkunde ekonomiko handia izango dutela eta herritarren kontsumoa izugarri handituko dela. Gainera, bere analisian azpimarratu du auto elektrikoen salmenta ez doala uste bezain bizkor.
Piezak mugitzen
IEAren eta LPPEren ikuspegien arteko talka ez da berria. Urteak daramatzate beren pronostikoak kontrajartzen. Eta arrakala hori amildegi bihurtu da azkenaldian. IEA 1973ko petrolio krisiaren testuinguruan sortu zen, agentzia independente gisa, segurtasun energetikoa ziurtatzeko bere datu eta analisien bidez, eta petrolio ekoizle eta gainerako herrialde eta nazioarteko erakundeei eta enpresei beren politiketan lagungarri izateko.
LPEEk, baina, uste du objektibotasuna alboratu eta interes jakin batzuen alde ari dela lanean. IEAren zuzendari Fatih Biroli leporatzen dio aldaketa. Birol 2015ean iritsi zen agentziara, hain justu LPEEtik. Petrolioaren defendatzaile sutsua zen, baina aitortua du beretzat mugarri bat izan zela 2018an IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak lurraren berotzeari buruz argitaratu zuen txosten berezia. Haren ustez, segurtasun energetikoa eta klima larrialdia txanpon beraren aurpegiak dira, eta bata bestea kontuan hartuta egin behar dira analisi guztiak.
Oso zabaldua dagoen iritzia da IEA geroz eta lerratuago dagoela herrialde jakin batzuen interesen alde: AEBen alde, bereziki. LPEE, berriz, Ekialde Hurbileko, Errusiako, Afrikako eta Latinoamerikako petrolio ekoizleen bozeramailea da, eta horien artean batena bereziki: munduko esportatzailerik handienarena, Saudi Arabiarena.
Petrolioaren kasuan, eta energiaren alorrean oro har, 2030. urtea mugarri magiko bat bihurtu da. Ez da IEAk aipatzen duen lehen aldia, eta ez da eragile bakarra. Gainera, bada hari aurrea hartu dionik ere. Iaz, Zhou Xinhuai CNOOC China National Offshore Oil Corp Txinako petrolio enpresa handienaren buruak iradoki zuen Txinan erregaien eskariak goia jo duela jada. Eta ez da nolanahiko adierazpena, Txina munduko inportatzailerik handiena baita.
Denborak esango du hori benetan hala den ala ez eta IEAren aurreikuspenak ere zuzenak ote diren. Dena den, batzuen zein besteen azterketak bat datoz hiru kontutan. Bat: datozen urteetan petrolioaren kontsumoa ez dela orain arte bezala handituko. Bi: petrolio ugari lurpean geratuko dela behin betiko. Eta hirugarrena, dagoeneko gertatzen ari dena: lehen aldiz gehiago inbertitzen ari dela energia berriztagarrietan erregai fosilen esplorazioan eta ekoizpenean baino. IEAren arabera, energia garbiko teknologia eta azpiegituretan 1,8 bilioi euro erabiliko dira aurten mundu osoan: ikatzera, gasera eta petroliora bideratutako gastua halako bi.
DATUAK
%50
Garraioa. Gaur egun garraioa da petrolio gehien kontsumitzen duen sektorea: 50 milioi upel egunero, munduko produkzio guztiaren erdia. IEAren arabera, 2050ean 4 milioi baino ez lirateke izango. Bi datuen arteko tarte handia automobilaren sektorearen elektrifikazioak beteko luke; hidrogenoa eta haren deribatuak, berriz, batez ere gasaren menpeko industrietan eta aireko garraioan gailenduko lirateke; eta amoniakoa eta metanol berdea, berriz, merkantzien itsas garraioan. Garraioan, IEAk espero du petrolioaren kontsumoa 2026an iristea gailurrera, eta hortik aurrera murrizten hastea.
Industriaren pisua. 2030era arte petrolioaren eskari orokorra handitzen jarraitzeko arrazoia beste sektore bati zor zaio neurri handi batean: industria petrokimikoari. Petroliotik eratorritakoak era guztietako produktuak egiteko erabiltzen dira: ongarriak eta kautxu sintetikoa, plastikoak, arropa... IEAren iragarpenaren arabera, sektore horietan hamarkadaren amaierara arte ez da apalduko petrolio kontsumoa.
Egoera horretan, herrialde ekoizleen helburuak argia dirudi, izan IEAren orbitakoa, izan LPEEkoa: geratzen den denboran ahalik eta zuku gehien ateratzea beren petrolioari. Eta neurri batean, hori gertatzen hasia den sintoma batzuk nabari daitezke jada. Horri erantzungo lioke Saudi Arabia, Errusia eta LPEEko aliatuen azkenaldiko estrategiak, baina baita AEB Ameriketako Estatu Batuenak ere.
Urtebete baino gehiago da LPEEko herrialdeek petrolio ekoizpena murriztea erabaki zutela, prezioak igotzeko. Herrialde horiek munduko esportazioen %70 kontrolatzen dituzte, eta erreserben %90 dituzte. Helburua da upelaren prezioa 100 dolarrera hurbiltzea, baina urrun jarraitzen dute, gaur egun 75 eta 80 dolar artean ordaintzen ari baita.
AEBen politikak baldintzatzen ari dira LPEErenak. Zundaketa eta hobi berriak irekitzen ari dira, eta, besteak beste, sektoreko enpresen artean fusioak bultzatzen; berriki Exxon Mobil eta Pioneer Natural Resourcesekin egindakoaren modukoak. AEBak ez dira munduko esportatzailerik handienak —laugarrenak dira—, eta beste batzuek baino petrolio erreserba gutxiago dituzte —11. herrialdea da zerrenda horretan—. Baina orain gutxi munduko petrolio ekoizlerik handiena bihurtu da, Saudi Arabiaren aurretik.
Saudi Arabiaren eskuetan
Eta zer gertatuko da prezioekin datozen urteetan? IEAren arabera, klima aldaketari aurre egiteko iragarritako politikak gauzatzen badira, petrolio upelaren kotizazioa 74 dolarrekoa izango da 2030ean. Eta, urte horretatik aurrera, prezioen jaitsiera esponentzialki bizkortuko da kontsumoarenarekin batera. Kasurik positiboenean, 2050erako zero igorpeneko egoera batera helduz gero, upelaren prezioa 25 dolar ingurukoa izango da.
Horrek ondorio batzuk izango lituzke, eta ez nolanahikoak: prezio horretan, herrialde gutxi batzuek baino ezingo lukete petrolioa ekoizten jarraitu, nekez estaliko bailituzkete erauzte kostuak.
Herrialde bakar batek egin diezaioke aurre horri: Saudi Arabiak. Eta hori da, adituen arabera, IEAren azterketaren ahulgunerik handiena. Izan ere, horren arabera, 2030erako aurreikusitako gehieneko kontsumo muga iritsiko da soilik erreinua lanean hasten bada berak ere kontsumoa murrizteko programa handi bati ekinez. Izan ere, herrialde hori munduko petrolio kontsumitzailerik handienetan laugarrena da —3,7 milioi upel egunean—, AEBen, Txinaren eta Indiaren atzetik.
Saudi Arabiak 35 milioi biztanle ditu, eta elektrizitate asko behar du, batez ere udan, aire girotuetarako, eta baita itsasoko ura gatzgabetzeko ere. Saudi Arabiako petrolioaren kontsumo guztiaren %25 inguru hartzen du horrek. Salbuespen bat da munduan. 1970eko hamarkadako petrolioaren krisitik, munduko gainerako herrialdeek neurri handi batean utzi egin baitzioten petrolioa erabiltzeari energia sortzeko. Baina Saudi Arabian petrolio asko eta oso merkea dute. Zuzenean erretzen dute zentral elektrikoetan, findu gabe, diesel edo fuel olio bihurtzeko. Sistema ez da eraginkorra, eta oso zikina da, baina funtzionatzen du, batez ere elektrizitatea denbora gutxian ekoiztu behar denean.
Hortaz, IEAren aurreikuspenak betetzeko, Riadek berak aurreikusitako murrizketak bete beharko lituzke. Eta neurri batean horretan ari den arren —gas eta energia berriztagarrien plantetan inbertsio handiak egin ditu azken urteetan—, plan hori zalantzan gera daiteke munduko petrolio eskariaren hazkundea espero baino gehiago murrizten bada eta prezioak jaisten jarraitzen badu. Orduan, Saudi Arabiak gehiago kontsumitzea erabaki lezake, merkatua berrorekatzeko.
Gainera, Saudi Arabiarentzat eta beste herrialde batzuentzat, petrolioa ezinbestekoa da trantsizio energetikoan aurrera egiteko, horren bitartez finantzatzen baitituzte etorkizuneko energia azpiegitura berriak, beren funts subiranoen bidez.
Oso bestelakoa da beste herrialde batzuen egoera. Gero eta argiago dute beren petrolioaren zati handi bat lur azpian geratuko dela, eta dirua egiteko duten aukera mugatua dela, zortzi edo hamar urtekoa gehienez.