Bi urteko negoziazioek lortu ez dutena lortu du greba deialdi batek. Atzo hastekoa zuten bost eguneko lanuztea Arabako kirol jardueren sektorean, baina astelehenean proposamen berri batekin agertu zen patronala negoziazio mahaira, eta langileek ontzat hartu zuten, gauean egindako batzar batean. Bost urteko epean erosteko ahalmena ez galtzea eta lanaldia murriztea lortu dute langileek, beste zenbait hobekuntzekin batera.
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitu zuten protestara, 2020-2023ko eperako lan hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko. «Negoziazio gogorra izan da, patronalaren etengabeko blokeoa dela eta; izan ere, ez ditu langileen beharrak entzun nahi izan, eta greba deialdiari soilik erantzun dio», ziurtatu du ELAk. Hitzartutakoari balorazio «oso positiboa» egin dio, uste baitu langileen eskaera nagusiak jasotzen dituela eta prekaritateari aurre egiten diola.
LABek ere «aurrerapen garrantzitsuak» ikusi ditu lan baldintzetan, eta zorionak eman dizkie langileei, lortutako edukiez harago, «negoziazioa behar bezala gauzatzeko izan duten antolatzeko eta borrokatzeko gaitasunarengatik». Langileen ordezkariek azken asteetan egindako «lan eskergaren» ondorioz, greba arrakastatsua espero zuenLABek.
Hitzarmenaren puntu nagusietako bat da langileen soldatek ez dutela erosteko ahalmena galduko. Ehuneko desberdinetan igoko dira langileen mailaren arabera, baina 2023ko urrirako konpentsatuko diete denei KPIan izandako galera. Gutxieneko soldatak 1.200 euro gaindituko ditu, eta urteak saritzen dituen antzinatasun sari bat izango dute langileek: %3 hirurteko bakoitzean, %15eko mugarekin.
Urteko lanaldia ere gutxituko zaie kirol jardueretako langileei:55 ordu IV. taldekoei, eta lau, berriz, I. II. eta III. taldekoei. Gainera, lan zentroen arteko joan-etorriak mugatuko dira, subrogazio eskubideari berme gehiago emango dizkiote, eta barne promozioak arautuko dituzte.
Gatazka akordio batekin amaitzearen ardura Gasteizko Udalarena ere badela aitortu du LABek. Izan ere, hura da kirol jarduerak eskaintzen dituzten enpresa gehienen bezero nagusia, eta bitartekari lanak egin ditu greba eragozteko. Joan den ostiralean bildu zen enpresekin, eta astelehenean enpresak proposamen berriekin joan zitzaizkien langileen ordezkariei. ELAk, berriz, nabarmendu du udalek zerbitzuak merkeago eskaintzen dituzten enpresak saritzen dituztela adjudikazioetan, eta horrek eragina duela lan baldintzetan.
Azken orduko akordio batek greba eragotzi du Arabako kirol jardueretan
Lan hitzarmenak KPIaren igoera bermatuko du 2020-2023ko epean. Urteko lanaldia lau eta 55 ordu artean murriztuko diete langileei

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu