Urtarrila negu gordina izan ohi da Hego Euskal Herriko lan merkatuarentzat, eta aurtengo eguraldi epelak ez du aldatu egoera hori. 2016az geroztiko daturik okerrenak eman ditu 2020ko urtarrilak: abenduan baino 4.161 lagun gehiago daude langabezian, eta 13.544 gutxiago lanean. Bilakaera txar hori Gabonetako kanpainaren amaierari lepora dakioke, zerbitzuen sektorearenak baitira zenbaki negatiboak. Gainera, emakumeei dagozkie: langabe berrien %95 emakumeak dira (+3.958), hain zuzen ere, zerbitzuetan gehien aritzen direnak. Gizonezkoak nagusi diren sektoreetan, berriz, behera egin du langabe kopuruak: -188 industrian, eta -418 eraikuntzan.
Egia da, halaber, Eguberrien aurretik bilakaera hobea izan zuela enpleguak emakumeen artean (-1.355 langabe, azarotik abendura), gizonen artean baino (+2.522), haiek bete dituztelako urte amaieran ostalaritzan eta merkataritzan sortzen diren aldi baterako lanpostu horietako gehienak.
LANGABEAK
Ekainean baino 10.000 langabe gehiago
Laugarren hilabetez jarraian handitu da langabeen kopurua, eta jada ekainean baino 10.000 gehiago daude lanik gabe, ELAk nabarmendu duenez. Gobernuek, berriz, analisi positiboagoa egin nahi izan dute. Urtarrileko hazkundea «urtetik urtera errepikatzen den fenomeno bat da», Borja Belandia Lanbideko zuzendariaren arabera. «Urteko lehen hilabetean ohikoa den langabeziaren handitzea txikiena izan da 2006az geroztik», ziurtatu du Carmen Maeztu Nafarroako Eskubide Sozialetako kontseilariak.
Langabe kopurua lurralde guztietan handitu da, baina bereziki Bizkaian (+2.202). Gipuzkoan 764 langabe gehiago daude, 724 gehiago Araban, eta 674 gehiago Nafarroan. Edonola ere, azken lurralde horrek du daturik kezkagarriena: iazko urtarrilean baino langabe gehiago dituen bakarra da (+293). Oro har, Hego Euskal Herrian, 2019an baino 2.808 langabe erregistratu gutxiago daude.
SEPEk atzo emandako datuak INEren biztanleria aktiboaren inkestarekin erkatuz gero, langabezia tasa %11,28 da Hegoaldean. Kopuru horretatik gora daude Araba (%12,61) eta Bizkaia (%12,51), eta behera, berriz, Nafarroa (%10,71) eta Gipuzkoa (%9,24). Uste zabaldu batek dioenaren aurka, langabezia erregistratua handiagoa da inkestek zabaldutakoa baino: ia 30.000 langabe gehiago, Hegoaldean.
Baina bada langabezia neurtzeko sistema guztiek argi uzten duten puntu bat: langabeziak emakume aurpegia du. Urtarrilean, langabeen %56,7 ziren emakumeak, biztanleria aktiboaren %48,2 izan arren. Emakumeen langabezia tasa %13,3 da, eta gizonena, berriz, %9,4.
Edonola ere, azken urtean emakumeen egoerak hobera egin du pixka bat. 2019ko urtarrilean baino 2.547 emakume gutxiago zeuden lanik gabe aurtengo urtarrilean, eta 261 gizon gutxiago soilik.
Lanik gabe daudenei buruz bi datu interesgarri eman ditu Belandiak. Batetik, Lanbiden erregistratuta dauden langabeen %47,8 epe luzekoak dira. Azken urtea, ordea, hobea izan da haientzat (-%7,89) gainontzeko langabeentzat baino (-%2,88).
Bestetik, Belandiak baieztatu du ikasketek eta prestakuntzak badutela garrantzia enplegua aurkitzeko orduan: langabeen %60,4k asko jota oinarrizko hezkuntza dute.
AFILIAZIOAK
Duela urtebete baino 23.000 gehiago
Zalantzarik gabe, txarra izan da hilabetea, lan merkatuaren egoera erakusten duen beste datuaren arabera ere: 13.544 lagun gutxiago daude afiliatuta Gizarte Segurantzan. Jaitsierarik handiena da 2016az geroztik —orduan 13.703 afiliatu desagertu ziren—. Nekazarien erregimenean baino ez dira kotizatzaileak gehitu (+199). Guztira, 1.256.900 izan ziren batez beste Gizarte Segurantzan kotizatzen joan den urtarrilean. Kopururik txikiena da irailaz geroztik, baina 2019ko urtarrilean baino 23.243 gehiago dira. Afiliatuen kopurua inoizko kopururik handienera iritsi zen iazko azaroan (1.271.135).
KONTRATUAK
400.000 prekario
Lan merkatuaren prekarizazioak bere horretan jarraitzen duela erakutsi dute urtarrileko datuek. Kontratu asko sinatzen dituzte enpresek eta langileek (113.397), baina gehien-gehienak oso laburrak dira. Iaz sinatutako kontratu guztien %7,77 izan ziren mugagabeak, eta urtarrilean %8,72ra iritsi da kopuru hori. LABek nabarmendu duenez, Hego Euskal Herrian «400.000 pertsona baino gehiago daude lan prekariotatik langabeziara eta langabeziatik prekaritatera bueltan daramaten ate birakarietan harrapatuta».
LANGABEZIA SARIA
Erdiek baino gutxiagok dute laguntzaren bat
Epe luzeko langabe kopuru handiaren beste ondorio bat da langabeen erdiak baino gutxiago estaltzen dituela babes sistemak. Langabezia sari arrunta %28,2k jaso zuten abenduan —hori da azken datua—, subsidioa beste %16,2k, eta %1,9 bestelako laguntzak.
Azken lau urteotako urtarrilik txarrenak 13.500 enplegu desagerrarazi ditu
151.000 langabe daude Lanbiden eta Nafar Lansaren, abenduan baino 4.161 gehiago. Langabe berrien %95 emakumeak dira, Eguberrietarako soilik kontratatutakoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu