AZKEN KANPAI HOTSAREN ZAIN

Asteazkenean amaituko da Naval Sestaoko ontziola osorik erosteko epea. Oraingoz ez dago eskaintza irmorik, eta baten bat agertu ezean, epaileak azpiegitura zatika likidatzeko baimena emango du. Horra iritsiz gero, ia ezinezkoa izango da berriz ere itsasontzi erraldoiak eraikitzea bertan.

Naval ontziolaren kanpo aldean dauden hormetako bat. Atzean, garabi erraldoi ikonikoak. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Isiltasuna da nagusi Sestaoko (Bizkaia) itsasadarrean, eta kaioek eguzkitara egiten dituzten siestak inoiz baino lasaiagoak dira. Trukean zeruak garbi daude, tximiniak itzalita dauden seinale. Arcelor Mittalen altzairutegia, garai batean Bizkaiko Labe Garaiak zena, apurka pandemiaren lozorrotik esnatzen ari da; alboan, aldiz, Naval, haren siamesa den ontziola erraldoia, atzeraka doan erlojuari begira dago. 100 urtetik gorako historia duen lantegiaren gainbehera luzea izan da, eta hileta hasia da. 72 ordu dira muga, asteazkeneko gauerdian entzungo da azken kanpai hotsa eta, hura erosteko eskaintzarik egon ezean, ondarea zatika likidatu ahalko da. Hala gertatuko balitz, ia ezinezkoa litzateke berriz ere ontzi erraldoiak ekoiztea. Bitartean asko dira kanpoan zain daudenak: ontziola zorretan itota dago eta 400 inguru dira hartzekodunak.



Navalen ontziola historikoaren azken txanpa izan daitekeena 2018ko irailean hasi zen, enpresaren jabe nagusiek, Ingeteam eta Murueta ontziolak, amore eman eta epaileari enpresaren likidazioarekin hasteko eskatu ziotenean. 150 miloi euro inguruko zor onartuarekin, eta 2012 eta 2018 bitartean 212 milioi euro galdu ondoren, konponbide bakarra zirudien. Merkataritza arloko Bilboko Epaitegiko bigarren salak hartu zuen auzia, eta konkurtsoko administratzailea jarri zuen lanean balizko erosleen bila. Lehen epea aspaldi amaitu zen, eta epaileak hiru aldiz luzatu du, sindikatuek eta administratzaileak hala eskatuta. Tartean, besteak beste, hasieran izendaturiko administratzailea hil zen eta azken hilabeteetako pandemia izan da.

Eroslerik agertuko den izan da azken hilabeteetako zalantza. BERRIAk konkurtsoaren inguruko iturrietatik jakin ahal izan duenez, «jende askok agertu du interesa», baina gaur-gaurkoz ez dago eskaintzarik mahai gainean. Dena den, horrek ez du esan nahi egongo ez denik; «prozesua irekita dago», nabarmendu dute iturriek, eta halakoetan «oso ohikoa» omen da azken egunetara arte eskaintzarik ez izatea. Eta nortzuek aurkeztu dute interesa? Ezin da jakin: «Konfidentzialtasuna eskatu dute guztiek». Behin epea amaituta, administratzaileak hamabost egun ditu eskaintza horiek epaileari aurkezteko. Hark du azken hitza. Eskaintzarik ez balego, administratzaileari dagokio jabetza sortatan banatzea. Bost hilabeteko epea izango luke horretarako, berriz ere eskaintzak egiteko epea hasi aurretik.

Likidazio prozesuaren ekuazioan, baina, beste aldagai bat sartu behar da. 2019ko urriaren 30ean Navaleko 174 langileak kaleratu zituzten, EAEko Auzitegi Nagusiak erabakia legezkotzat jo zuenean epaile baten boto partikularrarekin—. Aurretik, baina, enpresak erregulazio espediente bat erabaki zuen, eta ELA, CCOO eta CAT sindikatuek helegitea aurkeztu zuten tramitazioan «huts larriak» egon zirelakoan. Auzi hori argitzeke dago oraindik, eta azpiegiturari lotuta doa. Konkurtsoko iturriek diote erosleren bat baldin badago badakiela auzi hori hor dagoela. Era berean, ezin dute zehaztu atzera egin duten balizko inbertsiogileek helegitearengatik egin dutenik.

Eusko Jaurlaritzak ere artekari lana egin izan du, eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak esana du «inbertsiogile handi» batzuek interesa agertu dutela, baina abian dauden helegiteak direla-eta ez dutela aurrera egin nahi izan. Sindikatuek, aldiz, behin baino gehiagotan nabarmendu dute proposamen irmo bat iritsiko balitz eurek ez luketela arazorik izango helegitea kentzeko. Transmisio arazoa al da orduan? Jaurlaritzan ez dute hala uste; bai, ordea, bi aldagaien artean harremana dagoela. Alegia, inbertsiogileek ez dutela jarraitu helegiteak jarrita daudelako, eta langileek ez dituztela helegiteak kendu proposamen irmorik ez dutelako jaso. Halere, Jaurlaritzak nabarmendu du «alde guztiekin» egin duela lan, eta berdin jarraitzen duela.

Langileentzat etsigarria izan da egoera hori. «Guk ez dakigu balizko inbertsiogilerik dagoen. Administratzaileak baietz dio, baina ez dugu inoiz izenik jaso. Sindikatuek ehunka aldiz esan diegu haiei helarazteko hitz egin nahi dugula. Naval berpizteko balioko duen eskaintzarik badago, helegitea kenduko dugu», azaldu du Miguel Angel Carrasco langile ohi eta CCOOko ordezkariak. Iñigo Uriarte ELAkoa antzera mintzo da: «Ofizialki ez dago ezer. Niri mingarria iruditzen zait helegitea sinatu ez zuen sindikatuko ordezkaria hedabideetan agertzea, esanez helegiteak inbertsiogileak uxatzen dituztela, haiek izan zirenean hau guztia pribatizatzea babestu zutenak. Helegitea ez da mendeku gosez egin; guk nahi dugun gauza bakarra da inbertsiogile bat baldin badator langileak kontuan har ditzala. Ez dugu nahi norbaitek dena dohainik eramatea eta langileak 500 kilometrora egotea». 500 kilometrora? Bai, kaleratze kalte-ordaina onartu ez zuten langileek Ferrolen (Galizia) eta Cadizen (Espainia) jarraitzen dute lanean, Navantian. Uriarte bera, esaterako, Ferrolera doa astero.

Txatarra baino gehiago

Iruditeria orokorrean ugerrak jandako ontziola zahar bat dirudi Navalek, geldirik dauden hemezortzi garabi ikonikoekin, baina errealitatea oso urrun dago. Carrasco eta Iriarte bertan lan eginikoak dira, eta azpiegituraren balioa goratu dute, batez ere orubearena. «Logistikoki oso ondo loturiko gunea da, ezin hobeto. Ziur nago gero eskaintzak egongo direla», esan du Iriartek: «Pentsa, trenbidea iristen da hara, autobidea bertan, metro geltokia, 300 metroko bi kai daude, pabiloiak, dikeak, ura xurgatzeko punpak... Eskaintzak egongo dira, ziur».

Kasu argigarri bat gehitu dio kontakizunari: «Enpresa batek dikea kudeatzeko nahia aurkeztu zuen, erosita edo alokatuta. Oso ona da: bi orduan husten da, bizkor. Frantziako ontziak zatikatu nahi zituzten, negozio borobila, baina ez dakit zer pasatu zen. Itxieraren kontua bili-bolo zebilen ordurako». Iriarte Galizian da, eta dioenez, euskal ontziola batzuk hara eramaten dituzte ontziak konpontzera. Haientzat pagotxa litzateke Naval. Urrunago joan gabe, uda honetan Muruetak ontzi bat izan du bertan.

Carrascok beste eredu bat jarri du: «Garabiek ahalmen handia dute, itxi zen arte ontziola bete-betean egon zen lanean. Mantenua eginez gero, puntako makineria dago. 2018an Urssak Suediara eraman beharreko zubi zati erraldoi bat kargatu zuen gurean. Ezin zen errepidez eraman, eta Navalen egoerak eta garabiek ahalbidetu zuten». Langileek aipatzen dutenez, Euskal Forging enpresak ere pabiloi bat alokatua zuen, hilabetean behin pieza erraldoiak Navalen ontziratzeko. Azken ontzia 2018 irten zen Navaletik, eta egun beste bat geldirik dago bertan. Azken enkargua bukatzeke gelditu zen, eta egin zuen Herbehereetako enpresak dagoeneko ez du nahi.

Konkurtsoko iturriek ere lursailaren balioa nabarmendu dute. 300.000 metro koadro inguru dira; hori bai, bertan erabilera industriala egin daiteke bakarrik. Sestaoko Udalak «babestu» egin zuen 2018ko urrian eginiko osoko bilkura batean: «Atea ixten diogu Naval dagoen lursailak birkalifikatzeari, haien helburua etxegintza operazio bat bada», dio ebazpenak. Carrascok uste du jardun industriala egongo dela orubean, «Hori bai, ez dakit ontziola izango den, edo beste zerbait. Jardun bakar bat baino gehiago ziur asko». Iriartek ere susmo bera du, baina urrunago doa: «Interesa dagoela ziur nago, gu handik botatzeko horrelako lana egin badute zerbaitegatik da. 2006ra arte EAJ ez zen bustitzen, baina harrezkeroztik argi lerratu zen gu handik ateratzeko. Lurra lortzeko enkantea iristen denean mugimendu handia egongo da».

Naval ontziola desagertzen bada, era berean Euskal Herriko langile borrokaren ikur bat desagertuko da. «Pena handia da», laburbildu du Carrascok, «37 urte egin nituen hor, eta nola zatikatzen duten ikustea gogorra da». Carrascok 52 urte ditu, eta langabezian dago. Iriartek, aldiz, etorkizunera begiratu du, eta ezkorra da: «Niri minik handiena Ezkerraldearen egoerak ematen dit: industria dena putzura doa. Gazteak prekaritatera kondenatuta daude. Ni etxetik 500 kilometrora nago, baina enpresa publiko batean nago, eta badakit behintzat erretirora arte lana izango dudala». Sestaon, egun, %20,39ko langabezia tasa dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.