Azken ikatz puskak utzitakoa

Ruhr ibaiaren arroan 2018an itxi zuten azken meategia, baina mende eta erdi luzeko ustiaketaren ondarea gorde egin dute, aisialdirako ez ezik sektore ekonomiko berriak sustatzeko ere.

Zollverein meategiko altzairuzko dorrea, eremuaren ikurra. EFE
Zollverein meategiko altzairuzko dorrea, eremuaren ikurra. EFE
Iker Aranburu.
Zollverein
2025eko otsailaren 16a
05:00
Entzun

Zer egin industria astunaren gainbeherak eskualde oso bat astintzen duenean? Arte modernoko museo bat egin daiteke, ibaiertzak dotore jarri, eta fabrika zikinak merkataritza zentro distiratsuekin ordezkatu. Edo industria ondare hori baliatu daiteke hura erakutsi eta haren inguruan sektore ekonomiko berriak sortzeko. 

Bigarren aukera horri heldu zioten duela urte batzuk Ruhr ibaiaren arroan, Alemaniako hiri eremurik handienean. Essen, Dortmund eta Bochum entzutean, agian futbola etorriko zaie gogora euskal herritar askori, baina fabrikak iritsi ziren lehenik eta baloiak ondoren, XIX. mendearen bigarren erdian Ruhr Alemaniako industrializazioaren erdigunea bilakatu zenean.

Gaur egun ere, bost milioi biztanletik gorako hiri eremu horretan ez dira falta kea isurtzen duten tximiniak eta altzairutegi handiak, baina bada falta den elementu bat: ikatza. 2018an atera zuten azken puska, eta han zen Frank Walter Stermeier Alemaniako orduko presidentea, uneari beharrezkoa zuen solemnitatea emateko.

Ruhrren arroko azken meategia ixteko ekitaldian, meatzariak Steigerlied ereserkia abesten.

Haren argazki handia ikus daiteke Zollverein eremuko eraikin batean, meategiaren zuloa zegoen lekuan hain justu. Berez, Zollvereingo azken meazuloa lehenago itxi zuten,1986an, ez zelako errentagarria, baina, Ruhrreko industria ondarea erakusten duten 27 eremuen artean, hura bisitatzen du jendeak gehien. 2001az geroztik, Unescok babestutako gune bat da.

Zergatik? Neurriarengatik: kilometro koadro batean biltzen dira meazuloa, ikatza garbitzeko planta, ikatza erregai bihurtzeko lantegia, ura lurruntzeko planta... 96 eraikin guztira. Eta, gainera, estiloa duelako, «Alemaniako meategirik politena» bihurtzeraino, gidek esplikatzen duten moduan.

zollverein3
Zollvereingo meazulo nagusiaren irudia. IKER ARANBURU

Essenen bertan beste 290 meategi zeuden, baina Zollvereinen izan zen handiena ez ezik modernoena ere. 1932an, goitik behera berritu zuten, makina gehiago sartu zituzten, eta lehenik han ezarri zituzten gero beste meategietara hedatu ziren teknikak.

Meategi berrituaren ikur nagusia oraindik ikusgai dago: 55 metro garai den metalezko dorrea, ikatzez betetako orgak lehenik, eta edukiontzi handiak gero, lurrazpira sartzea eta handik ateratzea ahalbidetzen zuenak.

zollverein
Koke plantaren tokian igerileku bat dago orain. SASCHA STEINBACH / EFE

Lehen meatzariak eta beste langileak zeuden lekuan, orain unibertsitate campus bat, arte eta diseinu galeriak, jatetxeak, Ruhr eskualdearen museoa eta izotz pista bat daude, besteak beste. Kontzertuetarako eta beste ekitaldi publikoetarako erabiltzen dira hango eremu zabalak, baina baita ekitaldi pribatuetarako ere; makina erraldoiek eta zaratatsuek ikatza garbitzen zuten lekuan bertan ezkontza bazkariak egiten dira gaur egun. Lurruna sortzeko gelan jatetxe fin bat dago, eta meatzariak garbitzen ziren lekuan, koreografia zentro bat.

datuak

480.000

Meatzariak. 1955ean jo zuen goia ikatzaren ustiaketak: 480.000 langile. 1980an 143.000 geratzen ziren, eta 3.371 azken meazuloak itxi zituztenean. Hasieran altzairugintzak bereganatu zituen meategiak uzten zituzten langileak.

3.600

Ikatz tonak, eguneko. Europako ikatz meategirik eraginkorrena bihurtu zen Zollverein. 1937an, urtean 3,6 milioi tona erauzi zituzten handik. 1847tik 1986ra, 240 milioi tona izan ziren.

1.000

Sakonera, metrotan. Geruzaz geruza, gero eta hondorago jo zuten ikatz bila. Itxi zutenean, lurrazpian mila metrora ari ziren lanean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.