Azken hiru urteetan lau pertsona hil dira itota Arabako upategietan

Igandeko Eltziegoko istripuan pozoitu zen hirugarren pertsona ondo dago. Anbulantziak iristeko ordubete behar izan zuela salatu dute. 2020an antzeko kasu bat egon zen Lapuebla de Labarcan

Anbulantzia geldirik, igandean istripua izandako Lantziegoko upategi txikiaren aurrean. RAQUEL MANZANARES / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Arabako Errioxan ondo dakite zein arriskutsua izan daitekeen ardoaren hartzidurak isurtzen duen gasa. Hartzidurak karbono dioxidoa (CO2) eragiten du, eta, asko arnastuz gero, hilgarria da. Igandean Lantziegoko Crespo Zabala (Araba) upategian hildako 60 eta 61 urteko bi gizonak harekin pozoitu ziren. Hildakoetako bat porlanezko upel batean barrura erori zen, eta hura sorostera joan zenean zendu zen bigarrena. 31 urteko beste herritar bat ere sartu zen upelean, eta hura ere larri eraman zuten helikopteroz Logroñoko ospitalera (Espainia). Atzoko sendagiria jasoa zuen.

Lantziegoko alkateak azaldu zuenez, hainbat herritar bertaratu ziren laguntzera, eta haiek atera zuten hirugarrena, baina beranduegi zen lehen bien heriotza eragozteko. Itxaso Compañon ABRA elkarteko presidenteak atzo azaldu zuen hirugarrena «mirariz» salbatu zutela: «Anbulantziak ordubete behar izan zuen iristeko. Logroñoko helikopteroa anbulantzia baino lehenago iritsi zen kasik. Egunotan milaka pertsona ari dira lanean inguruan, eta ez dago anbulantzia bakar bat ere. Guardia Zibilaren auto eta ikuskari pila bat bai, baina anbulantziarik ez. Alkatea ere oso haserre dago egoerarekin».

Karbono dioxidoa mehatxu ezaguna da ardogintzan. Hain zuzen ere, duela hiru urte beste bi pertsona hil ziren modu berean, Lapuebla de Labarcan (Araba) jazotako antzeko istripu batean. Espainia iparraldeko upategietan —Euskal Herriko hegoaldekoen oso antzekoak dira— ere ohikoak dira horrelakoak. 2019an hiru lagun hil ziren Zaragozako upategi batean, eta iaz bat Leonen.

Compañonek igandean hildako bi gizonak ezagutzen zituen, baita duela hiru urte hildakoak ere —El Mozo haren upategia ere Lantziegon dago—. Bi kasuetan upategi txikiak ziren, eta hildakoak, jabeak. «Eskarmentu handiko jendea zen, ezagutzen zuten arriskua eta harekin lan eginikoak ziren. Baina hain da arriskutsua... Ez du usainik, eta, neurgailu berezirik izan ezean, ezin da detektatu. Hamar segundoan zorabiatzen zaitu, eta, gero, pozoitu».

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak atzo adierazi zuenez, azken urteetan asko murriztu dira kasuak, haren iritziz upeltegiek segurtasun neurriak jarri dituztelako. Gehitu zuen ulertuko lukeela halako kasu baten ondoren «beldurra zabaltzea», are gehiago orain mahats uzta betean egonda. Compañonek, aldiz, uste du kasuek behera egin dutela upategi txiki gutxiago daudelako, eta salatu du mahatsaren prezio eskasak ez duela batere laguntzen segurtasun neurriak hobetzen.

Haizagailuak bazituzten

Lantziegoko upategian, Arabako Errioxako gehienetan bezala, haizagailu handi batzuk zituzten, tutu batzuetara lotuta. Horiek eskuz mugitu daitezke, eta oxigenoa txertatzen dute CO2 pilaketak dauden upeletan. Segurtasun neurri ohikoena da. Normalean upeletako mahatsa ateratzeko lanetan erabiltzen dira. Igandeko kasuan, baina, ez ziren aski izan zorigaitza eragozteko.

Upeletan sartzean, leku itxietan lan egiteko gomendioak bete behar dira. Putzu septiko, estolda... eta antzekoetako berak dira. Osalanek hainbat gomendio ditu halakoetarako: inoiz ez bakarrik sartu, ahal bada lotuta, gas neurgailuekin, eta, beharrezkoa bada, arnasa hartzea erraztuko duten gailuekin. «Oxigeno botilak behar dira, edo arnasbide zuzen bat. Halakoetan, maskara soila ez da nahikoa», azaldu du Mari Nieves de la Peña Osalanen Bizkaiko bulegoko arduradunak: «Maskarak beste gasak arnastea eragoz dezake, baina oxigenorik ez badago, konortea galtzeko arriskua dago».

Compañonek, baina, salatu du oxigeno botila txikiak oso garestiak direla. «Upategi txikietan ez ditut ikusi; agian handietan egongo dira. Gaur goizean Interneten begira ibili naiz, eta oso garestiak dira. Upategietan halakoak jartzea erraztu beharko lukete, edo eman, eta, gero, ez erotu paperekin. Lanerako baino gehiago, larrialdietarako. Mutualitate eta antzekoek botika kutxak-eta ematen dituzte, bada halakoetara behartu beharko lituzkete».

Langileak, normalean, ardoa egin ostean pilaturiko mahatsa ateratzeko sartzen dira upeletan. Eskuz egiten da, sarde batekin, eta oso gogorra da. Halakoetan ohikoa da kandela edo su txiki batekin sartzea oxigenoa dagoen jakiteko. Lantziegoko hirugarren zorabiatuaren bila sartu zirenek hala egin zuten. De la Peñak zehaztu du sistema hori, baina, erabat fidagarria ez dela: «Baliteke suak piztuta irauteko nahikoa oxigeno egotea, baina ez arnasa hartzeko. Edo oxigeno horrekin batera karbono monoxidoa egotea. Eta, halakoetan, gorputzak oxigenoa baino bizkorrago xurgatzen du monoxidoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.