Frutaren onura guztiak jakinda ere, gero eta gutxiago jaten da. 2014tik 2023 bitarte, frutaren kontsumoa 325 milioi kilotik 261 milioi kilora jaitsi da Hego Euskal Herrian. Hau da, %19,7ko beherakada izan du. Duela hamar urte, herritar bakoitzak batez beste 116,2 kilo jaten zituen urtean, eta iaz, berriz, 90,5 kilo.
Ikusi gehiago
Espainiako Nekazaritza Ministerioak argitaratutako datuen arabera, kontsumoaren jaitsierak fruta gehienei eragin die, baina batez ere fruta hauei: laranjak %42,1ko jaitsiera izan du; meloiak, %38,7koa; udareak, %37,2koa; eta sagarrak, berriz, %17,3koa. Sasoi jakin batzuetan soilik eskuragarri izaten diren beste fruta batzuen kontsumoa ere apaldu da: esaterako, abrikotena, aranena eta gereziena.
Bananari eta ahuakateari dagokienez, berriz, kontsumoak gora egin du. Azken horren kontsumoa ez da oraindik oso handia —sei milioi kilo—, baina bikoiztu egin da 2014tik hona. Bananarena %27,8 handitu da, eta, horrela jarraituz gero, gehien jaten den fruta izango da gutxi barru.
Zifrak
9,3Banana kontsumoa. Fruta guztietatik gora egin duten gutxienetarikoa izan da. 2014. urtean, 33,4 milioi kilo kontsumitu ziren; 2023an, berriz, 42,7 milioi kilo, hau da, 9,3 milioi kilo gehiago. Ahuakateari dagokionez, igoera bat izan da, hiru milioi kilotik sei milioi kilora.
31,8Laranja kontsumoa. Fruta guztietatik laranjak izan du beherakada handiena. 2014. urtean 75,5 milioi kilo kontsumitu ziren; 2023an, berriz, 43,7 milioi kilo, hau da, 31,8 milioi kilo gutxiago.
Fruta kontsumoaren jaitsiera prezioen gorakadarekin lotu du Luis Miguel Serranok, frutagintza sektoreko nekazari eta UAGN sindikatuko idazkari nagusiak: «Prezioak oso garestiak dira, eta jendeak ez du erosten, ez du kontsumitzen. Kontsumitzailearentzat errazagoa da merkeago ateratzen diren beste produktu mota batzuk erostea, hala nola jogurtak».
Ministerioaren datuen arabera, Hego Euskal Herrian fruta kilo batek batez beste 1,33 euro balio zuen 2014an, eta 2,2 euro 2023an. Hau da, hamar urteren buruan %65,4 garestitu da. Serranok dioenez, prezioaren igoerarekin, fruta «luxuzko» produktu gisa ikusten da, eta gehienek alde batera utzi dute elikagai hori.
«Fruta garestia da, baina ekoizleak ez du prezio igoera horretatik etekinik lortzen» LUIS MIGUEL SERRANOFruta ekoizlea
«Ekoizleak ez du prezio igoera horretatik etekinik lortzen», ziurtatu du Serranok. «Nekazariak gehienetan ezin ditu produkzio kostuak ordaindu, gero eta handiagoak baitira, eta, gainera, arazoak izaten ditu langileak kontratatu ahal izateko, soldata eta baldintza egokiak eskaintzeko». Horren ondorioz, gero eta jende gutxiagok nahi du sektore horretan jardun; beraz, ekoizleak norbait kontratatzeko aukera izan arren, zaila da landan lan egiteko prest dagoen jendea aurkitzea, eta horrek jaitsi egiten du frutaren ekoizpena.
Kontsumoaren beherakadaren beste faktore bat nutrizio hezkuntza txikia da. «Lehen sektorearen garrantzia eta produktu freskoen kontsumoaren garrantzia azpimarratzen duen hezkuntza planteatu behar da ikastetxeetan», azaldu du Serranok. «Elikagaien segurtasuna eta herritarren osasuna bermatzen ditu, baita ingurumenaren jasangarritasuna ere».
Gazteek, fruta gutxi
Serranok dio fruta kontsumoa handiagoa dela helduen artean, gehiago begiratzen diotelako jan behar dutenari. Iritzi horretakoa da Amaia Casado ere. Errenteriako Gerezi fruta dendaren jabea da, eta haren saltokira bereziki 50 urtetik gorako jendea joaten dela esan du. «Belaunaldi berriak ez dira oso frutazaleak. Eta barazkiak? Niri emakume gazte batek galdetu izan dit ea lekak nola prestatu behar zituen neskatxa batentzat. Ba, orduan ez dugu karduari eta borrajari buruz hitz egingo!».
Etorkizunean frutaren kontsumoarekin zer gertatuko den ezin da asmatu, baina fruta jatea beharrezkoa da osasuntsu mantentzeko. «Ikastetxeetan lan handia egin behar da frutaren kontsumoa sustatzeko, osasunean, ekonomian eta ingurumenean duen garrantziaz kontzientziatzeko», aldarrikatu du Serranok. Batzuk jada horretan ari direla azaldu du Casadok: «Ikastola askotan astean behin haur bati dagokio hamaiketakorako fruta eramatea denentzat; sagarrak denentzat edo bananak denentzat».
«Belaunaldi berriak ez dira oso frutazaleak. Eta barazkiak? Niri emakume gazte batek galdetu izan dit ea lekak nola prestatu behar zituen»AMAIA CASADOErrenteriako Gerezi fruta dendako jabea
Azkeneko hamar urteetan frutaren kontsumoak behera egin du, baina salbuespena izan zen 2020. urtea, COVIDaren garaia. «Etxetik hainbeste irten gabe egonda, ezin mugiturik, kirola egin gabe, uste dut jende askok pentsamendu aldaketa bat egin zuela eta osasuntsu jateko ahalegina egin zuela. Frutaren eskaria igo egin zen», esan du Casadok. Haren iritziz, urte hori adierazgarria da elikadura onari eustea zein garrantzitsua den ikusteko.
Fruta ekoizpena ere jaitsi da
Fruta dendetan fruta saltzea gero eta zailagoa den bezala, fruta ekoiztea ere erronka bihurtu da. Euskal Herrian, Nafarroan sortzen da saltzkeo fruta gehien, baina azken urteetan asko jaitsi da ekoizpena.
Sagarrak eta udareak dira zabalduenak, Serranok azaldu duenez, urte osoan kontserbatzen direlako eta beste fruta batzuek baino ekoizpen kostu txikiagoa dutelako. Bada, 2014an 18.000 tona sagar produzitu zituzten Nafarroan, eta 2023an, 13.300 tona (-%26). Are gehiago jaitsi da udarearen ekoizpena: %48,6, 24.700 tonatik 12.700 tonaraino.
Melokotoia «iragankorragoa» da, eta lan gehiago eskatzen du. Hortaz, Nafarroan beherakadarik handiena izan duen fruta izan da, %60,7. «Ez dago kontsumo heziketarik, eta fruta neketsuagoa da jateko orduan».