Azken kolpea izan daiteke. Horren argi eta larri hitz egiten ari dira azken hilabeteetan Euskal Herriko behi esnearen ekoizleak. Lehendik ere jota eta nekatuta zegoen sektore horri beste kolpe bat gehituko zaio 2015. urtea hasten denean. Egun horretan martxan jarriko da Europako Batzordeak adostu duen Nekazaritza Politika Bateratuan (NPB) 2014-2020 urte arteko erreformako erabaki polemikoetako bat: esne kuotak desagertzea. Alegia, neurri horren arabera, mugarik gabe ekoitzi ahal izango da esnea Europan, horrek dakartzan ondorioekin. Merkatuaren legearen arabera salerosiko da, eta gobernuek ez dute kontrolatuko zenbat esne ekoizten den. «Finantza krisi honen harira, gero eta ahots gehiago entzuten dira estatuak behar dituela gehiago kontrolatu bankuak, muga batzuk ezarri. Laborantza munduan, ordea, ez da halakorik gertatzen: gero eta gehiago liberalizatzen ari dira». Horregatik kexu da Mixel Berhokoirigoin, Euskal Herriko Laborantza Ganberako lehendakaria. Eta kezkatuta dago, erabaki horrek sektorean zer eragin izango ote duen: «Pentsatzekoa da ekoizle askok tarte gutxi izango duela aurrera egiteko».
Eta Europako Batzordea bera ere horren jakitun da, NPB onartu aurretik sei ikertzaile independenteren ikerketetan aurreikusia baitzuten kuotak desagertzeak eragin negatiboa izango duela Europako mendialdeko ekoizpenetan eta hegoaldeko eskualdeetan. Denek ondorioztatu zuten esne ekoizpena garestitu edo merkatu egiten dela orografiaren arabera. Izan ere, mendialdeko eta hegoaldeko herrialdeetan, ganadua elikatzeko baliabide gutxiago daude, lurralde malkartsuagoak edo lehorragoak direlako, eta, ondorioz, pentsu gehiago erosi behar dute ekoizleek. Hau da, lurralde horietan esne litro bakoitza ekoizteko gastua handiagoada. Europa ekialdean, ordea, zelai lauagoak dauzkate, eta pentsu gutxiago behar dute. Beraz, ikerketetan iragarri dute horiek esne gehiago ekoitziko dutela kuotak desagertzen direnean. Horien artean daude Alemania, Polonia, Danimarka, Herbehereak eta Bretainia.
Europako Batzordea aztertzen ari da laguntzak eskaintzea bi eremuen arteko prezioen aldeak txikitzeko, «jatorriari heldu beharrean». Hori salatu du Andoni Gartziak, Bizkaiko EHNE sindikatuko eta COAG Espainiako nekazari eta ganaduzaleen elkarteen koordinakundeko kideak. Ekoizteko mugarik gabe, Europako Batasunean %5 esne gehiago produzituko litzateke 2015. urtetik aurrera, eta horrek prezioak %10 jaistea eragingo luke, COAGek emandako datuen arabera. Baina Hego Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako kasua larriagoa izan liteke, ekoizleak esne litro bakoitzeko jasotzen duen baino %20 edo %30 gutxiago jasoko luketelako. Gaur egun, litro bakoitzeko 0,36 euro ordaintzen zaie euskal ekoizleei; azken boladan zerealak izan duen beherakadak eraginda 2009tik esneak duen preziorik altuena da. Baina aurreikuspenak ez dira onak, eta egun apurka hobera egin duen egoera ilusio hutsean geratzeko arriskua aipatu du Iñaki Goenagak, Enba baserritarren sindikatuko Gipuzkoako lehendakari eta esne ekoizleak: «Gaitasun handia daukaten herrialde horiek gehiago ekoizten badute, litekeena da produkzioa esparru horietara soilik mugatzea».
Gartziak ideia bera nabarmendu du, baina harago doa: «Herrialde batzuen garapena ez oztopatzeko, gainerakoei sufritzea egokituko zaigu. Hori Europaren eta NPBren filosofiaren aurka doa». Kuotaren sistema 1984. urtean jarri zen martxan Europako Batasunean, 1960ko hamarkadatik zetorren arazo bati irtenbidea emateko: gehiegizko ekoizpena. Ordutik, pixkanaka Europako Batasunean produzitzen zen esne kopurua beharretara egokituzjoan zen, baina herrialde bakoitzak bere ekoizpena edukitzea bermaturik. Baina joan den urtean hainbat herrialdek gehiago produzitu zuten, beren kuota baino gehiago: Austria, Alemania, Danimarka, Polonia eta Ziprek kuotak zioen baino 163.700 milioi litro esne gehiago ekoitzi zuten, eta 46 milioi euroko isuna ordaindu beharko dute horregatik. «Kuotak desagertzean irabaziko duten herrialdeak dira, hain justu. Datu adierazgarria da, hor ikus baitaiteke argi eta garbi nork egin duen presioa merkatua liberalizatzeko», Gartziaren esanetan.
Bestela amaitu zuten 2012a Hego Euskal Herriko esnezaleek: Ezarri baino 57,6 milioi litro gutxiago produzituta, hain zuzen. Baina iraganean mugatik gora ekoizten ere aritu ziren ekoizleak; 1995. urtean, esaterako, 44,6 milioi litro gehiago. Baina gainprodukzio hori Espainiako kuotaren barruan zegoen, eta urte horretan ez zen ezarritako kopurutik gora ekoitzi —5.400 milioi litroko mugatik 5.370 milioi litro produzitu ziren—. Kontuak kontu, azken urteetan Hegoaldeko lau lurraldeetako errealitatea kuotaren arabera murriztuz joan da, egun ezarritako muga baino %13,7 gutxiago ekoizteraino.
Egoera berrirako erronkak
Euskal ekoizleen artean beldurra agerikoa da, baina, Goenagak azaldu duenez, «sektorea beti egon da krisian, nahiz eta azken urteetan abiadura handiagoa hartu duen egoerak». Kuotak kentzean beheranzko joera handitu daitekeela dio, baina «agian ez da ezer izango, beste gauza batzuekin gertatu den bezala». Hala ere, Jon Agirre Kaiku Kooperatibako zuzendariordeak adierazi du prestatu beharra dagoela etorriko den horri aurre egiteko. «Euskal Herrian ekoizpena handitzea zaila da, esplotazioak handitzeko ez dagoelako behar adina lur». Beraz, merkatuan lehiatzeko beste bide batzuk zabaldu beharko direla azaldu du. Nola? Batetik, ganaduzaleen gastuak ahalik eta gehien murriztuz. Horretarako, elkarte eta kooperatibek bat egitea proposatu du, gastuei batera aurre egiteko. «Esaterako, pentsuak ekoizten dituzten enpresak elkartzeko asmoa badago». Onartu du badaudela logistika hobetzeko helburuarekin sortutako elkarte eta kooperatiben batasunak, baina «bada garaia kooperatiba handiagoak egiteko». Bestetik, ekoizleek salmentan parte hartzeko beharra ikusten du, «norberak produzitzen duena ahal den ondoena saltzeko». Eta horretarako fusioen aukera aipatu du berriro.
Aukera horiez mintzo da Agirre, jakitun Kaiku Kooperatibak Kaiku Corporacionen %15eko pisua duela. Horrez gain, Suitzako Emmi multinazionalak akzio gehiengoa erosi zuen joan den urteko uztailean, eta Agirre beldur agertu da, kanpoko beste esne merkeago bati lehentasuna emango ote zaion. Baina hori esan bezain laster garrantzia kendu nahi izan dio: «Kaiku marka bat da, eta Euskal Herrian baino ez da saltzen. Nahiz eta Emmik gehiengoa eduki, hemengo esnea saldu behar da; bestela, ez luke zentzurik izango esateak hemengo dela». Horregatik, arazorik ez du espero.
Are gehiago: uste du kuotarik gabeko Europak atea zabaltzen diola esnea esportatzeko aukerari. «Agian ez da halako ezer aurreikusten, baina ohitura falta da». Alde horretatik, gogoratu du Emmiren proposamena lekuan lekuko enpresekin lan egitea dela, eta, horregatik, ez du uste euskal ekoizleen esnea esportatuko denik, baina ohartarazi du garatze bidean diren lurraldeetan gero eta esne gehiago beharko dela. «Badirudi, gainera, esnea munduko merkatuan erosi beharko dutela, eta hori, agian, gure onerako izango da».
Berhokoirigoinek, ordea, ez du uste halako ezer gertatuko denik:«Balio handiagoko produktuak esportatuko dira, ez banalizatutakoak». Kontuak kontu, sektorea babesteko beharraz mintzo da, edozer gertatu daitekeelako, nahiz eta esnearen prezioak behera egingo duela aurreikusten den: «Zerealen merkatua liberalizatuta dago, eta hor gorabehera handiak egon dira prezioetan. Beraz, ez dago ezer ziurtatuta». Uste du merkatu «liberal» batean funtzionatzen duen laborantza ez dela posible, «ez delako industria normal bat». Horregatik, eskaera egin die estatuei eta esne ekoizleei: «Hoberena ekoizpena antolatu eta merkatu liberaletik babestea litzateke». Izan ere, sektorea merkatuan sartuz gero, «diru laguntza gehiago behar da, eta hori ez da aterabidea».
Ematen diren laguntzak mantentzearen alde azaldu dira, ordea, Goenaga eta Agirre. Eusko Jaurlaritzari begiratu diote, badakiten izan arren «laguntzen menpe» bizi direla. Baina «merkatua gero eta basatiagoa» izango dela oroitarazi du Agirrek, eta horri irtenbide bat bilatu behar zaiola uste du. Jaurlaritzak adierazi du NPBren erreformak izango dituen ondorioak aztertzen ari dela, horri irtenbidea emateko. Baina Gartziak garbi du: «Gastuei aurre egiteko laguntza onena gero eta lur gehiago ganaduzaleen esku uztea da, horrela pentsuan gutxiago gastatuko bailukete».
Denak bat datoz zaila izango dela esne kuotarik gabeko Europa bati aurre egitea, eta sistema horretara itzuli beharra ere aipatu dute Goenagak eta Gartziak. Berhokoirigoin ziur da urteak igaro ahala Europako Batzordeak hori erabakiko duela: «Kuoten sistema etorriko da bueltan, erakundeetan ohartuko direlako beste tresna batzuk behar direla esnearen merkatua kontrolatzeko». Esne ekoizleak albiste horren zain egongo dira.
Behi esnearen ekoizpena. Kuotarik gabeko Europara
Azken esne tantak?
Europako Batzordeak 2015etik aurrera esne kuotak kentzea erabaki izanak prezioa jaitsarazi eta kalte egin diezaioke Euskal Herriko ekoizpenari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu