Azken bi urteetan oinarrizko elikagaien prezioa %25,2 igo dela kalkulatu du ELAk

Sindikatuko ikerlarien ustez, Hego Euskal Herriko inflazioa %4,1ekoa izango da aurten. Euskal bankuen mozkinak %50etik gora igo dira

Mitxel Lakuntza, atzo. ELAko buruak aldarrikatu du grebak direla akordio onak lortzeko modurik onena. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Inflazio handiak berean jarraituko iragarri du ELA sindikatuko Ikerketa Bulegoak. Haien kalkuluen arabera, Hego Euskal Herriko egungo KPIa %2,6koa den arren %4,1eraino igoko da urte amaieran. Ondorioztatu dute enpresa handi eta ertainen mozkinak direla igoera horren arrazoi nagusia, eta hala ere, Europako Banku Zentrala (EBZ) langileak are gehiago pobretzeko politikak aplikatzen ari dela.

Ikusi gehiago:Langileek greba egiteko arrazoi asko dituztela salatu dute ELAk eta LABek

Egoera ekonomiko eta sozialari buruzko 145. txostenean, ELAk arreta berezia jarri du inflazioaren eraginean eta erosahalmenaren galeran. Azken horren inguruan, ikerlariek kalkulatu dute oinarrizko elikagaiak %25,2 garestitu direla azken bi urteetan. Etxeen prezioak ere gora egin du azken hamar hiruhilekoetan, eta alokairuak garestitu egin dira iaztik: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %6,3, eta Nafarroan, berriz, %2,7.

Gorakada horrek KPIan eragin zuzena izango duela ikusi dute ikerlariek, besteak beste erregaien prezioaren garestitzeagatik. Esan bezala, urte amaieran %4,1era iritsiko dela iragarri dute. Aitor Murgia sindikatuko ikerlariak esan du inflazio horren jatorriari begiratu behar zaiola: «Analisi guztiek adierazten dute inflazioa enpresa mozkinen gorakadak eta espekulazioak eragin dutela».

Baina zer enpresak? «Ertainek, handiek, energia sektorekoek eta bankuek batez ere», gehitu du. Espainiako enpresen irabazi marjina %14raino igo da lehen hiruhilekoan, eta, alde horretatik, garraio eta energia enpresak izan dira marjinarik handiena izan dutenak: %25. Bankuei dagokienez, Ibex-35ean kotizatzen duten bankuek 12.500 milioi euro baino gehiago irabazi dituzte 2023ko lehen seihilekoan. Eta kotizatzen ez dutenek? Bada, ELAren arabera, eta 2022ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, Kutxabanken mozkinak %53 handitu ziren —163 milioi eurotik 250 milioira— eta Laboral Kutxarenak %69 —65 milioi eurotik 109 milioira—.

Langabezia nahita eragiten

EBZ Europako Banku Zentralak inflazioari aurre egiteko hartutako neurri nagusia interes tasak igotzea da, eta, Lakuntzaren ustez, «langabezia igotzeko asmoz» hartu du. Salatu du ekonomiaren bilakaera oztopatzeko eta enplegu sorrera eteteko asmoa dagoela erabakiaren atzean: «Christine Lagardek berak esan zuen langabezia txikia denean langileek beren lan baldintzen alde egiteko prestasun handiago duela eta hori arazo bat dela».

Txostenean beste hainbat datu aztertu dituzte: esaterako, Espainiako Lan Erreformaren eragina. Sindikatuaren arabera behin-behinekotasun tasa %20,5era igo da berriro, eta datu hori are handiagoa da emakumeen artean: %24,2. Lanaldi partzialen batez bestekoa antzekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.