jokin sagarzazu

Azenarioa eta makila

2023ko abenduaren 10a
05:00
Entzun

Badatoz murrizketak. Pandemian, erabat eten zen Europako Batasunaren Egonkortasunerako eta Hazkunderako Ituna, eta estatu kideek askatasun moderatu batekin nahi adina zorpetu ahal izan ziren. Baina ustezko barra librea amaitu da. Arau fiskalak 2024an itzuliko dira —aldaketa batzuekin— eta gobernuek gerrikoa estutu beharko dute berriro.

Defiziterako eta zorrerako mugak EBren itunetan finkatuta daude 2011. urtetik, eta estatu kide guztiei eragiten diete —eta bidenabar haien menpeko administrazioei—. Horien arabera, herrialde bakoitzaren urteko defizita ezin da BPGaren %3 baino handiagoa izan, eta zor publikoa BPGaren %60 baino txikiagoa izan behar da.

Batzordeak joko arauak malgutzea proposatu du. Orain arte bezala, muga horiek betetzen ez dituzten estatuek lau urterako doikuntza fiskaleko plan bat aurkeztu beharko dute, baina gobernuek denbora gehiago —beste hiru urte, zazpi denera— izango dute Bruselarekin adostutako erreformak ezartzeko. Bete ezean, zigorra.

Gaur egungo egoeran, EBk nahiago ditu azenarioak makilak baino. Uste du indarra murrizketetan jartzen bada iraganeko hutsegiteak itzuliko direla. Eta bere helburua da arau berriekin hazkunde ekonomikoa bultzatzea.

Batzordeak ulertzen du zorra baliagarria izan daitekeela herrialdeek aurrera egin dezaten, baina ohartarazi du diru hori funtsezko egitasmoetan inbertitu beharko dela, hala nola hezkuntzan, teknologia berrietan, trantsizio energetikoan edo azpiegituretan —zerrenda horretan beste bat gehitu du: defentsa—. Eta horrek helburu argi bat izan behar du: Europa inbertitzeko leku bihurtzea. Baina inbertitzaileak —eta zor erosleak— erakartzeko, herrialde baten zorraren kudeaketa jasangarria izan behar da, fidagarria.

Mantsoago

Orain martxan jarriko den arauarekin, zorraren muga gainditzen duten herrialdeei ez zaie eskatuko norabidea lehen bezain azkar zuzentzeko. Mantsoago egin ahal izango dute, intentsitate txikiagoarekin, modu ez hain traumatikoan. Orain arte urtero zorra murrizteko eskatzen zitzaien. Zenbat? denaren eta izan beharko lukeenaren arteko aldearen hogeiren bat. Horren arabera, Espainiak eta Frantziak, adibidez, BPGaren %3 adinako murrizketak egin beharko lituzkete urtero. Soka estu bat lepoan.

Alemania malguagoa jokatzearen alde azaldu da oraingo honetan, eta proposatu du urtean %1eko batez besteko murrizketa egitea, zorra BPGaren %90etik gorakoa denean —Espainia eta Frantziaren kasua—, eta %0,5ekoa %60tik %90era bitartekoa denean. Defizitarekin, berriz, zorrotzago jokatzea nahi du: %3ko muga gainditzen bada, orain arteko murrizketa mantentzea: %0,5koa. Gainera, gastu muga BPGaren %1,5eraino jaistea proposatu du, eta %3koa salbuespena izatea. Batzordea bat dator proposamenarekin.

Aste honetan akordioa oso gertu egon den arren, ez dute lortu. Finantza ministroak, hala ere, «%90ean» ados daude. Zalantzak agertu dituzte Frantziak eta, bereziki, Italiak. Beste aldean, Alemania kide duten belatzeen taldekoek —Austriak, Suediak, Finlandiak...— ez dute haien betiko kezka nagusietako bat uxatu: nola ziurtatuko da arau horiek betetzen direla? Haien irudiko, ez da aski Bruselak estatuekin erreformak adostea. Uste dute hitzartutako helburuak eta erreformak oso malguak izan daitezkeela eta konpromisoak ez oso argiak. Horiek benetan bete daitezen, kontrolerako neurri «zorrotz» eta «independenteak» eskatu dituzte, akaso, 2010eko krisiko «beltzezko gizonak» gogoan.

Haiekin zein haiek gabe, argi dago antzinako sistema ez dela bere gogortasun guztiarekin itzuliko, oraingoz behintzat. Bruselak planteamendu malguagoa egin du, epe ertainera begirakoa, baina lerratuago egon daitekeena egungo egoera ekonomikoarekin —inflazio handia— eta Europako ekonomiak aurrean dituen erronkekin —trantsizio energetikoa, besteak beste—. Finantza ministroak bat datoz, baina inor ez da inorekin fidatzen. Aurki sartuko dira indarrean arau berriak. Eta orduan hasiko da benetako partida: murrizketena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.