Informazioen teknologietako euskal enpresarik handienetako baten jabetza eskuz aldatzera doa berriz ere. Ayesa taldeak Ibermaticaren %100 erosteko akordioa erdietsi du, Madrilgo Pro A Capital arrisku kapitaleko funtsarekin —euskal konpainiaren gehiengoa zuen (%55)— eta Kutxabankekin batean —Ibermaticaren %15 zuen—. Aldeek ez dute eman operazioaren diru kopuruaren berri.
Ibermaticarena da Sevillako taldeak aurten egiten duen hirugarren erosketa, taldea hazkunde betean baitago A&M Capital Europek iaz konpainiaren kontrola eskuratu zuenetik. Gainera, inbertsio estrategiekin jarraitzeko asmoa berretsi du. Ayesaren helburua da talde teknologiko handia osatzea, Espainiako «plataforma teknologikorik handienetako bat».
Horretarako egoki-egokia zaio Ibermatica. Euskal taldeak 4.750 langilerekin eta 276 milioi euroren fakturazioarekin itxi zuen 2021. urtea. Ibermatica bereganatuta, Ayesaren arabera, 11.000 langileko enpresa osatuko da erosketarekin, eta 22 herrialdetara hedatzen den sare komertzial eta operatiboarekin.
Erosketa eragiketaren berri emateko agirian, Ayesak ziurtatu du Ibermaticaren egoitza «Euskadin» egongo dela aurrerantzean ere.
Ayesaren eta Ibermaticaren baturatik sortutako taldeak eskainiko dituen zerbitzuen artean daude zerikusia dutenak adimen artifizialarekin, datuen analitikarekin, prozesuen automatizazio eta robotizazioarekin, eta hodeiko aplikazioen garapenarekin. Ahalmena izango du, era berean, SAP zerbitzuak emateko eta datu zentroetatik multi-cloud inguruetarako eskala handiko migrazio proiektuak egiteko.
Madrilgo Pro A Capital funtsa aspalditik zebilen Ibermaticako bere parte hartzea saldu nahian, eta, garai batean, 150 milioi euro eskatzen zituen. Funtsak 2013. urtean eskuratu zuen euskal enpresaren gehiengoa, %55eko parte hartzea erosita Kutxabanki, Banco Sabadelli, Caixabanki eta Caja 3ri. Horiek guztiak Ibermaticatik atera ziren, Kutxabank izan ezik.
Operazio haren bidez, euskal bankuak %47,97tik %15era gutxitu zuen Ibermatican zuen parte hartzea (Kutxatik eta Vital Kutxatik jasotakoa). Orduko hartan, bankua bere parte hartze industrialak apaltzen ari zen, Europako Basilea III kontabilitate arauak bete behar zituela eta.
Ayesak Ibermaticaren %100 erosi du, eta Kutxabank taldetik aterako da
Garai batean, Ibermaticaren %47 izan zuen Kutxabankek, eta, orain, taldea euskal akziodunik gabe geldituko da. Ayesak esan du Ibermaticaren egoitza Donostian izango dela aurrerantzean ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu