Euskal Herrian dauden zibersegurtasun operazioen zentroen artean handiena ireki du Ayesa enpresak gaur, Donostian. Andaluziako talde horrek Ibermatica erosi zuen 2022an, eta haren Miramongo instalazioetan dago Security Operation Center izeneko zentro berria. Adimen artifizialeko eta konputazioa kuantikoko teknologietan oinarrituta dago.
Ayesako Zibersegurtasun Unitateak berrehun profesional baino gehiago ditu jada, mundu zabaleko berrehun bezero baino gehiagorentzat lan egiten dutenak, eta 20 milioi euroko negozio bolumena du, konpainiak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Zentro berria irekitzearekin batera, Ayesak itxi egingo du Mendaron (Gipuzkoa) zuen zibersegurtasun zentroa. Donostia erdigunetik, urtean 365 egunez eta egunean 24 orduz monitorizatuko dira bezero handien sistemak eta lantegiak, hainbat herrialdetan banatuta.
Alvaro Fraile Ayesako zibersegurtasun zuzendariak azaldu duenez, zentro berriak bezeroen segurtasun jarduerak monitorizatu eta kudeatuko ditu, segurtasun mehatxu zibernetikoak agertu ahala detektatu, eta horiei erantzun. Funtzio nagusien artean hauek daude: mehatxuak detektatzea, gorabeherei erantzutea, ahultasunak aztertzea, auzi ikerketak egitea eta segurtasun politikak eta prozedurak garatzea.
Ziberdelituak %380 baino gehiago igo dira
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria ere inaugurazioan izan da, eta gogorarazi du azken zazpi urteetan ziberdelituak izugarri ugaritu direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; zehatz-mehatz, %380 baino gehiago, eta azken urtean, ia-ia %40. Hala ere, «Euskadi zibersegurtasunaren erronkari erantzuteko prest» dagoela azpimarratu du, eta, enpresa kopuruari eta haien aniztasunari erreparatuta, uste du «zibersegurtasun arloko proiektuei modu integralean ekiteko lurralde autonomoa» dela.