Auzitara eraman dute Donostiako erdialdean egin nahi duten saltoki handia

Merkataritza gunea egiteko Plan Berezia legez kontrakoa dela dio Dendartean elkarteak, eta udala «azkar eta trakets» aritu dela

Elkarteetako ordezkariak prentsaurrekoan, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
inaut matauko rada
Donostia
2023ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Donostiako erdialdean, San Bartolome muinoan zehazki, 8.000 metro koadro baino gehiagoko merkataritza gune bat eta 200 autorentzako lekua izango duen aparkaleku bat egin nahi du Donostiako Udalak, eta Hirigintza Plan Berezi horren aurka helegitea jarri du Dendartean Gipuzkoako merkatarien elkarteak EAEko Auzitegi Nagusian; harekin batera egitasmoaren aurkako idazki bat sinatu dute Bagera Donostiako merkatarien elkarteak eta Erdian Bizi eta Amara Bai auzo elkarteek.

Dendartean-eko presidente Amador Biterik gogorarazi du 2021eko otsailean udalean alegazioak jarri zituztela, baina ez zutela aurrera egin, eta auzitara jotzea erabaki dutela: «Ikerketa urbanistiko bat agindu genien abokatu batzuei, eta esan ziguten proiektuak ez duela betetzen 2015eko HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorra, eta hor ezin dela 8.000 metro koadroko merkataritza gune bat egin».

Horrez gain, Biteriren esanetan, merkataritza gunea egiteko planean ez dituzte kontuan hartu espazio osagarriak —karga eta deskarga zonak, sarbideak...—, eta, horrekin batera, hirigintzarekin zerikusia duten beste «hainbat arau hauste» azaltzen dira.

Orain, udalak hogei egun izango ditu bere txostenak aurkezteko, baina Biterik aurreratu du prozesuak urtebete baino gehiago iraun dezakeela, eta ez du baztertzen Espainiako Auzitegi Gorenean amaitzea: «Dena den, uste dut gure helegiteak oso oinarri sendoa duela. Auzitegietan defendaezinak diren gauzak defendatzen izan gara noizbait, baina kasu honetan udala azkar eta trakets aritu da. Eta horrela egin du, ondo egitea garestia eta gatazkatsua delako, eta proiektua justifikatzea oso zaila delako. Garbi dago ez dela legezkoa».

Merkataritza gunea egiteko, guztira 44 metro sakon den zuloa egin behar dute San Bartolomeko muinoan —35 metro saltokiaren bederatzi solairuak egiteko, eta bederatzi metro aparkalekuarentzat—. Hori dela eta, Erdian Bizi auzo elkarteko Antxon Santamariak adierazi du kamioiak etengabeko joan-etorrian ibiliko direla, eta horrek eragin handia izango duela trafikoan, zaratan eta airearen kalitatean. Bestalde, uste du trafiko hori eta erdialdean beste aparkaleku bat eraikitzea udalaren azken urteetako politikaren aurkakoa dela; izan ere, erdiguneko trafikoa gutxitzeko zenbait neurri hartu ditu azkenaldian.

Amara Bai auzo elkarteko Harkaitz Aranburuk, berriz, adierazi du San Bartolomeko merkataritza gunea Amara auzoan azken urteetan egiten ari diren proiektu handi guztietako azkenetarikoa dela: «Guretzat ez da kontu berria. 40 urte baino gehiago daramatzagu gai honekin. Aspalditik diogu auzoa bahitu zutela, eta gaur egun dena da porlana, eta guztiz desitxuratu dute gure auzoa».

Donostiako alkateak herenegun adierazi zuen Amaran egiteko geratzen den proiektu bakarra San Bartolomekoa dela, «muinoko magala ezin delako egon orain dagoen moduan». Aranburuk arrazoia eman dio hein batean, ironia apur batekin, eta alkateari gogorarazi dio duela urte batzuk promestutako kirol kantxak, «umeak bertan hezi eta hazteko» balioko luketenak, egin gabe daudela.

Merkatari txikiak

Elkarteetako ordezkariek ohartarazi dute merkatari txikientzat ere kaltegarria izango litzatekeela egitasmoa. Adierazi dute auzoko dendek azken urteetan gainbehera handia izan dutela, eta San Bartolomeko proiektua «multinazional handien intereserako» dela. Guillermina Garcia-Vaquero merkatariak, adibidez, bi denda ditu Donostian, horietako bat Amara Berriko Arco merkataritza gunean, eta adierazi du esperientziak erakutsi diola halako saltoki handiek, hiriguneetan daudenek batez ere, ez dutela ondo funtzionatzen. Bestalde, gogorarazi du Donostiako erdialdean jada «nahikoa» merkataritza gune daudela eskaria betetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.