Koronabirusa. Eragina ekonomian

Autonomoei ekainera arteko errenta zerga etengo diete Nafarroan

joxerra senar
Iruñea
2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Beste foru dekretu bat, beste laguntza sorta bat. Beste euskal ogasunek egin bezala, Nafarroak ere zergen inguruko neurri gehiago hartu ditu. Atzo, kontseilu osteko agerraldian, Jose Mari Aierdi bigarren presidenteordeak azaldu zuen ehun ekonomikoari likidezia bermatu nahi diotela, batik bat «autonomoei eta enpresa txikiei». Hain zuzen ere, kolektibo horri begira dago neurri nagusia: urtarriletik ekainera arteko errenta zergaren ordainketak eten egingo dizkie 25.000 autonomori. 27 milioi euro utziko du euren eskuetan.

Halaber, Aierdik azaldu zuen zergen ordainketak atzeratuko direla: BEZ, errenta eta sozietate zergetan lehen hiruhilekoko autolikidazioak borondatez aurkezteko eta ordaintzeko epea ekainaren 1era atzeratuko dute —egungo epemuga apirilaren 20a zen—. Gauza bera otsaileko autolikidazioen kasuan: apirilaren 30era atzeratuko dituzte. Horrekin batera, apirilaren 14ra arte Ogasunarekin kitatu beharreko zorra hilaren amaierara atzeratuko da, eta zorraren berri martxoaren 14tik aurrera eman dietenei ekainaren 1era luzatuko diete. Indarrean den zorren ordainketa hilabete batez atzeratuko da. Zerga arloko prozedurak ere atzeratu egingo dira. Halaber, autonomoei eta urtean sei milioi eurotik behera fakturatzen duten enpresei zor ororen ordainketak zazpi hilabetez atzeratuko dizkiete, interesik gabe. Gobernuak dei berezia egin die egoera ekonomiko onean diren enpresei, «arduraz eta elkartasunez» jokatu eta zergak ordain ditzaten.

Neurri ekonomikoez gain, alokairuan bizi diren gazteentzako EmanZipa programaren babesa martxoaren 14tik langabezian den edozein herritarri zabalduko zaio, eta etxebizitza sarbiderako kenkari berezien David izeneko programa egoera zailean den pertsona orori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.