EBk «erantzun irmoa» emango die AEBen muga zerga berriei, baina ez oraindik

Donald Trumpek iragarri du apirilaren 3tik aurrera %25eko muga zerga gehituko diela inportatutako auto guztiei. Osagaiak ere zergapetuko ditu maiatzetik aurrera, baina Kanadakoak eta Mexikokoak salbuetsi egingo ditu hasieran.

Donald Trump, Etxe Zuriko bere bulegoan, muga zergen neurria komunikabideei erakusten. FRANCIS CHUNG / EFE
Donald Trump, Etxe Zuriko bere bulegoan, muga zergen neurria komunikabideei erakusten. FRANCIS CHUNG / EFE
Joxerra Senar - Iker Aranburu
2025eko martxoaren 27a
17:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Donald Trumpen iragarpenei zuhur erantzutea erabaki du Europako Batasunak. Oraingoz ez ditu muga zerga gehiago ezarriko asteazken arratsaldean AEBetako presidenteak auto inportazioei iragarritako %25eko tarifa berriei erantzuteko. Ezer egin aurretik, Trumpek datorren asterako iragarritako muga zerga orokorrak zenbaterainokoak diren aztertuko du Bruselak, baina, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ohartarazi duenez, erantzun erantzungo du: «Europak bere interesak defendatuko ditu». Erantzun hori «irmoa eta neurritsua» izango dela agindu du Bruselak.

Apirilaren erdialderako espero dira EBren zigorrak, baina oso litekeena da beste batzuek aurretik erantzutea. Eskura dituzten neurri guztiekin erantzungo dutela iragarri du Shigeru Ishiba Japoniako lehen ministroak, eta AEBetako autoak zergapetzeko eskatu dio Kanadako Gobernuari Doug Ford Ontarioko lehen ministroak —probintzia horretan dago Kanadako autogintza—.

Auto inportazioen gaineko muga zergak herrialde guzti-guztiei eragingo diete, eta gaur egun indarrean daudenei gehituko zaizkie. EBri dagokionez, hara bidaltzen dituzten Mercedesek, BMWek eta Audiek %2,5eko tarifa ordaintzen dute dagoeneko. Washingtonen apirilaren 3a hasten denean sartuko dira indarrean, eta, hilabete geroago, maiatzaren 3an, tarifa horiek autoen osagaiei ere aplikatuko dizkiete.

Baliteke azken neurri horrek eragin handiagoa izatea Euskal Herrian, auto osagaien esportatzailea baita. «Ez da berri ona, ez soilik autogintzarako, ezta industria guztirako ere», onartu du Gonzalo Garrido Acicae EAEko autogintzako klusterreko bozeramaileak. Edonola ere, Garridok gogorarazi du euskal enpresak «munduko bazter guztietara» joan direla bezeroak hornitzera. Cie Automotivek, esaterako, bost planta ditu AEBetan, eta 11 Mexikon; Gestampek, berriz, zortzi lantegi AEBetan, eta sei Mexikon; eta Fagor Ederlanek bi lantegi ditu Mexikon.

GESTAMP
Gestampen fabrika bat, Mexikoko Puebla hirian. FRANCISCO GUASCO / EFE

VWek ez ditu AEBetara bidaltzen Landabenen egindako autoak. Mercedesek, berriz, duela urte batzuk Vito modeloko furgonetak bidaltzen zituen hara, baina orain Mexikon egiten dute muntaketa.

Ikusteko dago zer gertatuko den Mexikotik eta Kanadatik bidaltzen dituzten autoen osagaiekin. Aurretik, Mexikori eta Kanadari iragarritako muga zergen harira, AEBetako autogintzak ohartarazi zuen osagaien gaineko muga zergek kolpe handia emango lioketela industriaren hornidura kateari, eta, horregatik, neurri hura gerarazi egin zuen AEBetako Gobernuak. Orain, Etxe Zuriak zehaztu du Kanadako eta Mexikoko osagaiei ez zaiela oraingoz muga zergarik ezarriko harik eta herrialdeko aduana zerbitzuak muga zergak aztertzeko sistema bat ezarri arte.

«Askastasunaren eguna»

Trumpek bere ohiko erretorika erabiliz iragarri zuen gerra komertziala bere bazkide nagusiei hedatuko dien neurria. «Ameriketako Askatasunaren Egunaren hasiera da hau», esan zuen, muga zergen bitartez AEBetan industria biziberritzea baita haren asmoa. Kargua hartu zuenetik, autogile askok AEBetan gehiago produzituko dutela iragarri dute.

«Zergapetu egingo ditugu gure herrialdean negozioa egin duten enpresak. Urteetan gure lanpostuak, gure aberastasuna eta gauza ugari ebatsi dizkigute»

DONALD TRUMPAEBetako lehendakaria

Trumpek azaldu zuen estatubatuarrei kendu omen zaien «diruaren zati bat itzultzeko garaia» dela. «Zergapetu egingo ditugu gure herrialdean negozioa egin duten enpresak. Urteetan gure lanpostuak, gure aberastasuna eta gauza ugari ebatsi dizkigute». Estatu Batuetako presidentearen arabera, muga zergek AEBetako auto industria «ikaragarri hauspotuko» dute. Argi utzi zuen ez duela atzera egiteko asmorik, eta aurretik azken unean atzera egin badu ere, oraingoan garbi esan du muga zergak ez direla negoziatzeko tresna bat: «Hau luzerako da».

Are gehiago, Europako Batasuna eta Kanada ohartarazi ditu, eta esan die AEBei «min ekonomikoa» egiteko batzen badira, are tarifa handiagoak ezarriko dizkiela.

toyota
Toyota markako pick-up furgonetak, Texasko auto saltoki batean. ADAM DAVIS / EFE

Trumpek aurreratu du hurrengo bi urteetan muga zergei esker 600.000 milioi dolar eta bilioi bat dolar artean biltzea espero dutela. Aurreratu du, era berean, kamioi arinei ere ezarriko zaizkiela muga zergak ziurrenik.

Ikusteko dago datu horiek bat datozen errealitatearekin. Izan ere, iaz zortzi milioi ibilgailu inportatu zituzten Estatu Batuek, eta 260.000 milioi dolar fakturatu zituzten enpresa horiek bertako merkatuan.

Galerak burtsan

Iragarpenak erreakzio katea eragin du. Burtsan, munduko auto konpainia handien kotizazioek behera egin dute. Wall Streetek ateak itxi ondotik iragarri zuen neurria, baina New Yorkeko indizeek aurreikusten zuten autogintzaren gaineko muga zergak iragarriko zituela. Gainera, General Motorsek %2 galdu zuen atzo, eta beste %8 galtzen hasi da gaur, eta Forden akzioa %4 baino gehiago apaldu da.

Asiako indizeak lehenago irekitzen direnez, bertan islatu da lehen ondorioa. Japoniako Nikkei indizean, auto konpainien zenbakiak gorritu egin dira: Mitsubishi Motors %3, Mazda %6, Nissan eta Toyota %2... Europan ere autogintzaren akzioek behera egin dute: Stellantis %5, Mercedes %4, Volkswagen %3,5, BMW %4...

kezka europako ekoizleen artean

ACEA Europako Auto Industriaren Elkarteak iragarri du «oso kezkatuta» daudela auto inportazioei ezarri zaizkien %25eko muga zergen ondorioz. «Gure industriaren transformaziorako ezin garrantzitsuagoa den garai batean iritsi da AEBen erabakia, nazioarteko lehia itzela areagotzen ari den honetan». 

Elkarteak ohartarazi du muga zergak ez direla soilik AEBetarako inportazioen gainekoak. «Neurriak automobil piezei ere eragiten dienez, kalte egingo die AEBetako automobil fabrikatzaileei ere».

ACEAk gogoratu du Europako ekoizleek AEBetan egindako autoen %50-60 esportatu egiten direla gero, «AEBetako balantza komertzialaren mesedetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.