'Brexit'-a. Merkataritza harremanak. Pablo Fano. SPRIren Londresko ordezkaria

«Autogintzaren sektorean kezka handia dago»

Fanok ez du uste akordiorik gabeko haustura gertatuko denik, baina, aukera hori mahai gainean dagoenez, prest egotea gomendatzen die enpresei. Zergak eta logistika dira euskal konpainien kezka nagusiak.

«Autogintzaren sektorean kezka handia dago».
Jon Fernandez.
2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Jaurlaritzak 2017ko apirilean ireki zuen SPRIren bulegoa Londresen, brexit-ak enpresa munduan eragindako ziurgabetasunari aurre egiteko asmoz. Pablo Fano da bulegoko burua, eta euskal enpresa askoren kezkak ezagutzen ditu. Lan erritmoa igo zaio azkenaldian: joan den astean enpresentzako www.brexit.eus webgunea ireki zutenetik, dei gehiago jasotzen ari dira bulegoan.

Zer enpresa mota ari zaizue gehien deitzen?

Gure bezero tradizionalak ez diren bezeroak hasi dira gurekin harremanetan jartzen webguneari esker. Mikroenpresak, batez ere zerbitzuen sektorekoak: bidaietakoak, hezkuntzakoak...

Zeintzuk izan dira SPRIren bezero tradizionalak orain arte?

Euskadiko enpresa txiki eta ertain industrialak, nazioartekotze maila ertainetik gorakoak. Guk dakigula, Euskadiko 60-70 enpresa dabiltza lanean Erresuma Batuan, eta horietako gehienekin gaude harremanetan. Hemen lanean dauden enpresen %20k bakarrik daukate fabrika berton; besteak salmenta bulegoak edo ordezkaritzak dira.

Zer kezka dituzte enpresek?

Zergak eta logistika dira kezka nagusiak, batez ere esportatzaileentzat eta inportatzaileentzat. Izan ere, konturatu behar dugu Euskadik dezente erosten diola Erresuma Batuari. Zalantza daukate BEZarekin, muga zergekin, aduanetako prozedurek ekar ditzaketen entrega luzapenekin...

Produktu galkorrak alferrik gal daitezke aduanetan?

Erresuma Batuko portuetan egunero 10.000 kamioi sartu eta irteten dira, kontuan hartu barik Eurotuneletik sartutakoak, solteko produktuen garraioa, kontainer bidezkoa eta hegazkin bidezkoa.

Inbutu handiak sor daitezke portuetan brexit gogorrarekin.

Kezka handia dago. Urtarrilaren 7an simulakro bat egin zuen gobernuak Kenten, ikusteko nolabait ea zer gertatuko litzatekeen errepideen kudeaketan kamioi asko pilatuz gero. Bakarrik 90 inguru kamioi erabili zituzten, eta oso kritikatua izan zen. Bestalde, Dover eta Frantziako Calais portuen arteko konexioa da garrantzitsuena, eta gobernuak nahi izan du beste hiru portutara bideratu trafikoa, baina kritikak jaso ditu, portuok ez daukatelako behar adina azpiegitura.

Posible ikusten duzu itunik gabeko brexit-a gertatzea?

Pentsatzen dugu ez dela brexit gogor bat egongo, itun bat lortuko dutela. Kontua da duela sei hil inork ez zuela aintzat hartzen, baina orain aukera hori mahai gainean dagoela. Eta aukera horretarako prest egon behar gara.

Posible da enpresak behar bezala prestatzea?

Ulertzen dugu enpresa txikien kezka. Haientzat sekulako ameskeria da kontingentzia plan bat egitea jakin gabe zer datorren. Nik ez nioke enpresa txiki bati esango halako kontingentzia plan bat egiteko; ez du zentzurik.

Beharbada arazoa da enpresek ez dakitela oso ondo zertarako prestatu behar duten.

Gure gomendioa da prestatzen saiatzea itunik gabeko brexit baterako, ez bestelako jokalekuetarako. Kontuan izan behar dugu une honetan Erresuma Batuaren irteeraz ari garela berbetan, ez EBrekin etorkizunean izango duen harreman komertzialaz: horri buruz ez da ezer adostu.

Diru aldetik eta logistika aldetik, euskal enpresa txiki eta ertainentzat zaila izan daiteke brexit gogorrerako prestatzea.

Erraza ez da, baina egin daiteke. Logistikari dagokionez, ikusi behar da zeintzuk diren aukerak, eta horren arabera prezioen zerrenda antolatu; begiratu behar da salmenta kontratuetan zelako klausulak jarri, enpresaren egoera nolabait babesteko. Dibisa ezberdinak erabiltzen direnean, adibidez, aseguruak egin daitezke.

Plan bat egiteko, zer pauso eman behar dute enpresek?

Otsailean autodiagnostiko tresna bat jarriko dugu www.brexit.eus webgunean. Enpresek galdera batzuk erantzungo dituzte, eta gomendioak jasoko dituzte automatikoki. Gero, gurekin harremanetan jartzea litzateke egokiena: guk gomendioak eta kontaktuak emango dizkiegu kontingentzia plana egiteko.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 4.000 langile eta ikasle daude erregistratuta Erresuma Batuan. Zein izango da horien egoera martxoaren 29tik aurrera?

Legezko egoeran daudenek ez dute arazorik izango. Gobernuak azaldu du erregistro sistema bat jarriko duela horientzat: behin hemen bost urte egin eta gero, bizileku baimena eskatu eta jaso ahalko dute. Arazoa da jende guztia ez dagoela egoera horretan: badaude batzuk beltzean lanean, eskudirutan kobratzen... eta horiek arazoak izan ditzakete. EBren kexua da bizileku baimena lortzeko eskakizun bat egin behar dela. Hau da, eskubide egoera batetik eskabide egoera batera pasatuko da jendea.

Hala ere, nahiko seguru zaude ez dela brexit gogorrik izango.

Sekulako kaltea izango litzateke herrialdearentzat. Integrazioa izugarria da EBrekin: elikagaiak, sendagaiak, langileak...Londresko biztanleen herenak atzerritarrak dira, oinarrizko sektoreetan EBko herritarrak pilo bat dira, eta langabezia tasa %4 da.

2016an brexit-a bozkatu zenetik, zer eragin izan du Erresuma Batuko ekonomian?

Datu orokorrak onak dira, ez da armagedon bat izan. Baina argitalpen ekonomikoek diote BPGa Europa Mendebaldeko herrialdeetakoak baino motelago ari dela hazten. Ekonomista askok diote brexit-ik ezean askoz gehiago haziko litzatekeela ekonomia, aukerak galdu dituela 2016tik. Nik uste dut sektore batzuetan behintzat kalte egin duela.

Zer sektoretan?

Just in time prozesuak erabiltzen dituzten sektoreetan.

Autogintzan eta aeronautikan, esate baterako.

Adibidez, horietan oso garbi.

Sektore horietako euskal enpresek igarri dute kalterik 2016tik?

Gugana ez dira etorri arazoak dituztela esatera, baina kezka garbia dago, batez ere aurrera begira. Jaguar Land Roverrek 4.000 langile kaleratu berri ditu, Michelinek Eskoziako fabrika itxi egingo du datorren urtean... Ez dira berri onak. Daturik ezin dizut eskaini, baina sektorean kezka handia dago.

Zer aukera daukate brexit gogorrak ez beste irtenbideek?

Ez dut uste hauteskunderik egingo denik; beraz, nik hiru aukera ikusten ditut. Lehena: akordiorik gabeko brexit-a gertatzea. Bigarrena: oraingo egoera luzatzea. Baina horrek EBren onespena behar du, eta nire ustez emango lioke, bi aldeei komeni baitzaie kalte ekonomiko handiak saihestea. Hirugarren aukera beste erreferendum bat egitea litzateke, baina horretarako hilabeteak pasatu beharko lirateke, eta ez dago denborarik martxoaren 29a baino lehen egiteko. Nik uste dut bigarren aukera gertatu daitekeela: egoera luzatzea, eta momenturen batean akordioren bat egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.