Urteak aurrera egin ahala euroguneko ekonomiak hobera egingo duela iragarri du Europako Batzordeak, eta horrek berri ona izan beharko luke Euskal Herriarentzat ere, Europako Batasunera doazelako esportatutako hamar produktutik zazpi. Orain arteko datuek, ordea, ez dute tarte handirik ematen baikortasunerako. Are gehiago, martxoko datua aspaldiko okerrena da: Hego Euskal Herriko enpresek 3.462 milioi euroren esportazioak egin zituzten, 2023ko martxoan baino 851 milioi gutxiago (-%19,7). Urteko lehen hiru hilabeteetako datu metatua ez da hain txarra, baina jaitsiera handia erakusten du horrek ere: -%11,7.
Halako jaitsierarik ez da gertatu pandemiaz geroztik, eta batez ere autogintzarekin lotutako sektoreen salmenten erorikoaren ondorio da: furgoneta gutxiago saldu ditu Mercedesek, pneumatiko gutxiago Michelinek, eta auto osagai gutxiago horretan ari diren Euskal Herriko dozenaka enpresak.
Ikusi gehiago
Eustatek emandako datuen arabera, martxoan %16,2 txikitu da autoen osagaien esportazioa, %35,6 turismoko autoen esportazioa, %12,4 furgonetena, eta %39,8 kautxuzko pneumatiko berriena. Michelinen, arazo gehiago daukate meatzaritzarako eta industriarako ibilgailuen pneumatiko handiekin autoenekin baino.
Auto sektorearen salbuespena Volkswagen izan da. Iaz urte kaskarra izan zuen Landabengo fabrikak, baina aurten handitu egin zaizkio eskaerak, Alemaniatik (+%62) eta Italiatik (+%96,8) batez ere. Haren eskutik, urtarriletik martxora %30,3 handitu dira auto esportazioak Nafarroan.
Petronor, hobeto
Kolpe handia jaso du siderurgiak ere: martxoan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %51,5 gutxitu da burdinazko eta aleatu gabeko altzairuzko profilen esportazioa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %53,6 hodiena, eta %43,4 altzairu herdoilgaitzeko barrena eta profilena.
Kontrako norabidean doaz produktu energetikoen esportazioa, %26 gehitu direlako martxoan, Petronorren eskutik. 2023an jaitsiera handia zuen energiaren atalak, eskaria aurreko urteetakoa baino txikiagoa izan zelako, baina, batez ere, gasaren prezioa izugarri handitu zelako, eta esportazioak eta inportazioak haien balioen arabera neurtzen direlako.
%18Frantzia da aurten Hego Euskal Herriko enpresen bazkide komertzialik handiena: hara —eta Ipar Euskal Herrira— joan dira esportazioen %18. Igoera bat gertatu da, 2019az geroztik, gorabehera txikiekin, %16ko merkatu kuota izan baitzuen Frantziak. Petronorren findutako petrolio produktuak dira Frantziara gehien esportatutakoak. Haren atzetik geratu dira Alemania (%16,2), Italia (%7,6), Erresuma Batua (%6) eta AEBak (%5,8).
Inportazioak ere gutxitzen ari dira aurten, baina pixka bat gutxiago: -%18,1 martxoan, eta -%8,6 urtarriletik martxorako tartean.
Hegoaldeko lurraldeen artean, Bizkaiak soilik du kanpo merkataritzako saldo negatiboa, hau da, hark soilik inportatzen du gehiago esportatzen duena baino. Petronorrek erosten duen petrolio gordinaren eta Bahia de Bizkaia Gasek erosten duen gas natural likidotuaren ondorio da hori. Orotara, Hegoaldeko esportazioak inportazioak baino 2.076 milioi euro handiagoak dira.