Gustura zeuden atzo Acicae autogintza klusterreko arduradunak. Behin eta berriro esan zuten sektorea bolada onean dagoela, eta Jose Esmorisek adierazi zuen «inbertsioak egiteko esparru segurua» dela. Klusterreko presidentea da Esmoris, eta autogintzak gaur egun duen indarra baliatu zuen adierazpen horiek egiteko: «Datozen hilabeteetan ere hazten jarraituko du sektoreak».
Ziurtasunez zioen hori guztia, 2017ko datuek horretarako tartea ematen dielako. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dauden 300 automobilgintza enpresa hartzen ditu bere barruan klusterrak —Mercedes ez da bertako kidea—, eta iazko fakturazioak %11,7 egin zuen gora. Denetara, 18.300 milioi euro fakturatu zituzten klusterreko enpresek, eta, horren eraginez, EAEn dituzten lantegietan 2.840 lanpostu gehiago sortu zituzten, %7,4 gehiago. Denetara, 40.800 langile ingururi ematen diote beharra autogintzako enpresa horiek guztiek.
Fakturazio datu horiek adierazgarriak direla azaltzeko, zenbatekoaren tamainaren berri eman daiteke esanda Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGaren %25 direla. «Gure salmenten erdiak baino gehiago Europatik kanpo egiten ditugu», azaldu zuen ondoren Esmorisek. Atzerrian lantegi gehiago zabaldu dituzte enpresa horiek, eta egun 284 lantegi dituzte 29 herrialdetan.
2017a urte ona izan zen, eta aurtengoaz beste horrenbeste espero du Acicaek: «Aurten ere hazten jarraitzea da aurreikuspena, eta espero dugu fakturazioaren hazkundea %7 ingurukoa izango dela». Horrek ez du esan nahi lanpostu gehiago sortuko direnik euskal lantegietan, hazkunde horrek barruan izango baititu nazioarteko merkatuak. Hala ere, sektorea osasuntsu dagoen adierazle gisa azaldu zituen datu horiek guztiak.
Dibertsifikazioaren bidetik
Autogintzako sektoreen salmenten artean, %60 automobilak muntatzen dituzten enpresei bideratuta zeuden; %38 banatzaileei saldu zitzaizkien, eta gainerako %2 ordezko piezen enpresei saldu zitzaien. «Autogintzako euskal enpresek euren bezeroen zerrenda, produktuak eta merkatuak zabaltzen jakin dute; dibertsifikazio horren eraginez, ondo eutsi diogu hazkunde ekonomiko orokor horri», azaldu zuen Esmorisek.
Urte honetarako dauzkaten aurreikuspen positiboen ildotik jarraitzeko, ordea, dibertsifikazio horretan sakontzeaz gain, digitalizazioaren arloan urrats gehiago egitea ere beharrezkoa ikusi zuen klusterreko presidenteak. «Hazkunde hori egonkortzeko, produktu berriek eta prozesuen digitalizazioak zeresan handia izango dute». Bide horretan, autogintzak zeresana izango du aurrerantzean ere euskal ekonomian.
Autogintzako salmentak %11,7 handitu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan
18.300 milioi euro fakturatu zituen sektoreak iaz, eta 2.840 lanpostu sortu. 2018an ere %7 haziko dela aurreikusi du Acicae klusterrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu