Autogintzaren sektoreak garai zailak bizi ditu. Autoen erosketa datuak jaisten ari dira, eta markak ez dira modelo berriak ateratzen ausartzen. Sektore horrek doministiku egiten badu, dardara euskal industria osora zabaltzen da, eta dardara horren menpe daude, besteak beste, Microdeco, Glavista eta Mecaner enpresak. Microdecon kaleratze asko egon dira dagoeneko, eta beste bietan itxieraren beldur dira langileak. Manifestazio bateratua egin dute gaur goizean Bilbon, Eusko Jaurlaritzari «benetako inplikazioa» eskatzeko eta bostehun langileak kaleratu ez ditzatela eskatzeko.
Autogintza uzkurtzen ari da, eta horrek eragin zuzena du hornitzaileen artean. Hiru enpresetako langile batzordeen ustez, baina, hori ez da haien egoera zailaren arrazoi bakarra: «Hilabeteak daramatzagu enpresen maniobrak salatzen. Deslokalizazioa, enplegu suntsiketa eta gure herriaren desindustrializazioa haien ondorio dira». Jaurlaritzari eskatu diote haren esku dauden baliabide guztiak jar ditzala prozesu horiek gelditzeko: «Ezin da horrela jarraitu: multinazionalei dirua oparitzeko politikak eginez, alfonbra gorria jarriz, eta kontrol mota bat edo haien politiken gaineko erabaki ahalmena eduki gabe».
«Zuzendaritzaren erabaki txarren ondorioz gaude egoera honetan, eta langileak kaleratzea da bideragarritasun planak duen konponbide bakarra».
JOSE LUIS TABOADAMicrodecoko langile batzordeko presidentea
Autogintzak batzen ditu hiru enpresak, baina egoera ezberdinean daude. Microdecok (Ermua, Bizkaia) ekoizpenaren %90 bideratzen du autogintzara, eta greban dago azaroaren 15etik. Enpresak, baina, hogei milioi eurotik gorako zorra du, eta, langile batzordearen ustez, Errumanian eta Mexikon plantak irekitzeko eginiko inbertsioen ondorioz da. Maileguak eskatu zituzten, eta orain dirua itzuli ezinda dabiltza. Egoera zaila den arren, badakite Tekpolio industria funtsa —Delclaux familiarena— enpresan sartzeko asmoa duela, baina salatu dute ez dakitela zer eskaini duen.
«Zuzendaritzaren erabaki txarren ondorioz gaude egoera honetan», salatu du Jose Luis Taboada Microdecoko batzordeko buruak. «Bideragarritasun plan bat dago, baina langileak kaleratzea da haren konponbide bakarra. Orain 52 langile gara, baina azken erregulazioan 35 kide kaleratu dituzte; tartean, emakume guztiak. Duela urtebete 70 gehiago ginen, batzuek euren borondatez utzi baitzuten lana. Guretzat oso gogorra da kideak joaten ikustea». Kaleratzeekin gutxi ez, eta gelditzen diren langileei soldata %15 jaistea proposatu diete.
«Enpresaren jabeak ez du gurekin hitz egin nahi. Jaurlaritzak, aldiz, lortu du harekin hitz egitea. Abenduaren 5ean gara elkartekoak; ea zer esaten diguten».
UNAI MIRASOLAIN Mecanerreko langile batzordeko kidea
Mecaner (Urduliz, Bizkaia) trokelgintza historiko bat da, eta, nahiz eta iaz 600.000 euroren irabaziak izan zituen, Stellantis haren jabeak itxi egin nahi du. Duela bi hilabete eta erdi eman zuen erabakien berri, eta hartaz geroztik urduritasuna zabaldu da 144 langileen artean. Ondo bidean, hiru hilabete eta erdi barru hasi beharko luke itxiera prozesua. Erabakia jakin zutenetik ez dute lortu Stellantisekin hitz egitea, jabeek abokatu bulego baten esku utzi baitute harremana. Jaurlaritzako Industria sailburuordeak, aldiz, lortu du harekin hitz egitea. Abenduan 5ean bilduko dira Jaurlaritza eta langileak.
«Ea Jaurlaritzak zer esaten digun; enpresak ez du gurekin bildu nahi. Guk, bitartean, ikerketa bat eskatu dugu, gure jarduna birmoldatzeko, eta horretan lagundu gaitzala esan diogu Jaurlaritzari. Baina tira, harengandik hitz politak bakarrik entzun ditugu orain arte». Azalpena Unai Mirasolain Mecanerreko langile batzordeko kidearena da. Oraingoz, greba egun solteak egin dituzte, eta ez du baztertu aurrerago protestak gogortzea.
«Azken hilabeteetan albiste itxaropentsu eta etsigarriak jaso ditugu. Uztailean lanean jarraituko genuela uste genuen; orain, ez... Oso gogorra da hau guztia».
JAVI SANTOSGlavistako langile batzordeko kidea
Glavistaren korapiloa
Hiru kasuen artean Glavistarena da katramilatuena. Orain dela urtebete eten zuen ekoizpena autoentzako haizeetako kristalak egiten dituen Laudioko (Araba) enpresa horrek. «Azken urtebetean albiste itxaropentsu eta etsigarriak jaso ditugu. Uztailean uste genuen lanean jarraituko genuela, orain ez... Langileen animoak gorabehera asko izan ditu», azaldu du Javi Santos langile batzordeko kideak. Parter Capital funtsa da enpresaren jabea, eta 244 langileei eragiten dien erregulazio txostena eskatu zuen, eta hura egin ahal izateko beharrezko kontsulta epeak dagoeneko amaitua behar zuen. Epaile batek, baina, behin-behinean bertan behera utzi du epe hori, enpresek ez zutelako eman eskatu zitzaien informazioa.
Santosek azken urte osoa aipatu du, kate luzea baitu auziak. Amine industria funtsa Glavista erosteko prest dago, baina lantokiaren alboan dagoen orube bat ere nahi du pausoa emateko. Lur saila, baina, Guardianena da, Glavistaren aurreko jabearena, eta hura ez dago saltzeko prest. Eta, bitartean, langileak erdian daude, orube batek haien etorkizuna nola baldintzatu dezakeen ikusten. «Akordio bat zegoela esan ziguten, gero ezetz... Jendea nazkatuta dago; hau guztia oso luzea da».
506Lanpostuak kolokan. Mecanerren 144 langile daude; Glavistan, berriz, 244. Baliteke horiek guztiak kaleratzea. Microdecon 70 lanpostu desagertu dira azken urtean, eta 56 langile ditu egun. Haien etorkizuna zein izango den jakitea zaila da, bai behintzat luzera begira. Guztiak batuta, 506 lanpostu dira.