Autogileei emisioak murrizteko beste hiru urte ematea proposatuko du Europako Batzordeak

Von der Leyenek asteazkenean aurkeztuko du sektorearen lehiakortasuna sustatzeko plana, eta aurreratu du isurien gaineko legedia malgutu nahi duela. Ekoizleek aurten 15.000 milioi euroren isunak ordaintzea zuten aurreikusia.

Von der Leyenek autogintzako enpresekin izan duen bilera, gaur, Bruselan. OLIVIER MATTHYS / EFE
Von der Leyenek autogintzako enpresekin izan duen bilera, gaur, Bruselan. OLIVIER MATTHYS / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko martxoaren 3a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Europako Batzordeak ez du ito nahi autogintza: Ursula Von der Leyen batzordeko presidenteak proposatu du autogileei beste hiru urteko epea ematea CO2 isuriei dagozkien helburuak betetzeko. Indarrean den bide orriaren arabera, aurten salduko dituzten ibilgailuek 2021ean saldutakoek baino %15 gutxiago isuri beharko lukete gehienez ere, baina ekoizle askok ez dute hori beteko auto elektrikoen salmenta asko handitzen ez badute. Isunetan 15.000 milioi euro ordaintzea zuten aurreikusia.

Horregatik daude adi, Bruselak asteazkenean zer esango. Europako Batzordeak etzi aurkeztuko du autogintzaren lehiakortasuna hobetzeko plana;  garai zaila da sektorearentzat, eta Txinaren eta AEB Ameriketako Estatu Batuen konpetentziari aurre egiteko bideak topatu nahian dabil. Itxura guztien arabera, horretarako pauso bat izango da CO2 isurien gaineko araudia malgutzea, autogintzako lobbyek eta Frantziak, Italiak eta Alemaniak azken hilabeteetan eskatu duten moduan. «Legeak ez du mundu errealaren baldintzetara egokitzeko ahalmenik erakusten, eta kalte egiten dio gure lehiakortasunari», salatu izan du ekoizleen ACEA elkarteak.

%15

Autoen CO2 emisioek zenbat murriztu beharko luketen aurten. Indarrean den araudiaren arabera, EBn 2025 eta 2029 artean salduko diren autoek 2021ean saldu zirenek baino %15 CO2 gutxiago isuri beharko lukete, eta 2030 eta 2034 artean saltzen direnek, %55 gutxiago. 2035etik aurrera ez da konbustioko ibilgailurik salduko.

Von der Leyen gaur elkartu da fabrikatzaileekin, eta haien eskariei jaramon egitea adostu du. «CO2 isurien araudian zuzenketa bat egitea proposatuko dut aste honetan, enpresek beste hiru urte izan ditzaten hartara egokitzeko. Helburuak berak dira, bete egin behar dituzte, baina balioko du industriak arnasa apur bat har dezan», azaldu du batzordeko presidenteak. Autogileek 2019tik zuten bete beharreko helburuen berri.

Proposamenak aurrera egiteko, baiezkoa eman beharko diote Europako Parlamentuak eta Europar Kontseiluak. Hori berehala egingo dutelakoan dago Von der Leyen, «azkar egiten ez bada ez baitu zentzurik».

Motorren ekoizpena

Duela bi urte onartutako legediaren arabera, EB Europako Batasunean saltzen diren autoek 2021. urtean baino %15 CO2 gutxiago emititu beharko dute 2025etik 2029ra, eta %55 gutxiago 2030etik 2034ra; auto fabrikatzaileek neurri horiek errespetatu behar dituzte Europako Batzordearen diru laguntzak jasotzeko. 2035. urtetik aurrera, berriz, Europako saltokietan ezingo da konbustio motorra duten auto eta furgoneta berririk saldu.

Beste neurri batzuk ezartzeko asmoa ere iragarri du Von der Leyenek. Esaterako, sektoreko enpresen arteko aliantzak sustatuko dituzte, eta diru laguntza zuzenak emango dizkiete motor elektrikoen ekoizleei. «Gure ekoizpena handitzen ari da, baina ikusten dugu inportatzen ditugun motorrak merkeagoak direla. Ezin dugu onartu ibilgailu elektrikoak garestiagoak izatea, eta are gutxiago atzerriko herrialdeekiko dependentzia handitzea», adierazi du azken horri buruz.

aurten hegoaldean saldutakoen %8 dira elektrikoak

2025. urtean, modelo berri eta merkeagoei esker, gora egiten ari da auto elektrikoen salmenta. Hego Euskal Herrian motor elektrikoko 406 auto matrikulatu dira 2025eko lehen bi hilabeteetan, iaz baino 87 gehiago (+%25,2). Haien merkatu kuota %6,4tik %8ra igaro da. Hibrido elektrikoen salmenta ere handitu da, eta %7,9 izan dira aurten. Hibrido arrunta da  matrikulatutako bi autotik bat, eta behera egiten ari dira errekuntza hutseko autoak: %24,5 izan dira gasolinazkoak, eta %4,5 besterik ez dieselak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.