Txinako autogileek merkatuaren %5,9 bereganatu dute

Iritsi berriak izan arren, Txinako markek ia bi mila auto matrikulatu zituzten iaz Hego Euskal Herrian. Beren salmenta sarea hedatzen ari dira.

BYDren saltoki bat, Shanghain. ALEX PLAVEVSKI / EFE
BYDren saltoki bat, Shanghain. ALEX PLAVEVSKI / EFE
Iker Aranburu.
2025eko urtarrilaren 2a
17:35
Entzun

Iritsi berriak dira Txinako autogileak Euskal Herrira, baina merkatuaren zati bat bereganatu dute dagoeneko. Iaz, Txinako marken 1.951 auto matrikulatu ziren Hego Euskal Herrian, eta kuotaren %5,9 eskuratu zuten. Txina nagusi da motorizazio elektrikoetan, baina Euskal Herrian errekuntzako autoak eta hibridoak ere saltzen dituzte.

MG izan zen iristen lehena, 2022an. Marka historiko bat da MG, Ingalaterrakoa, baina porrot egin zuen 2005ean. Txinako SAIC enpresa publikoak erosi zuen 2007an, eta urte batzuetan eutsi zion Longbridgeko fabrikari, Birminghamdik gertu. 2016az geroztik, ordea, Txinan soilik ekoizten ditu bere modeloak, eta handik Europara esportatu.

Iaz marka horretako 1.141 auto saldu ziren, 2023an baino %6,1 gutxiago, eta gehien saldutakoen artean hamabigarren kokatu zen, Ford, Opel, Citroen eta Nissan historikoen gainetik. Zazpi saltoki ditu orain MGk Euskal Herrian —hiru Bizkaian, bat Araban, bat Gipuzkoan, bat Nafarroan eta beste bat Lapurdin—.

Iritsi berriak dira, berriz, Omoda eta Jaecoo. Talde berekoak dira, eta dagoeneko lau saltoki dituzte Euskal Herrian. Omodak 484 unitate matrikulatu zituen iaz Hegoaldean, eta Jaecook, berriz, 64. 

BYD eta Leapmotor

Urrats txikiagoak egin ditu oraingoz Txinako autogilerik handienak, BYDk. Auto elektriko hutsak eta hibrido entxufagarriak eskaintzen ditu, eta Barakaldon eta Bilbon ditu saltokiak, eta irekitzekotan daude Gasteizkoa. Iaz 191 unitate matrikulatu zituen Hego Euskal Herrian.

Leapmotor, berriz, Stellantis taldearen eskutik iritsi da Europara. Peugeot, Fiat eta Opelen jabeak Txinako konpainiaren %20 erosi zuen 2023an, eta hasia da modeloak eskaintzen bere saltoki batzuetan. Irailean iritsi ziren lehen modeloak, eta orduz gero 23 ibilgailu matrikulatu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.